Paperekoa
EZ SUPERHEROIRIK, EZ PRINTSEZARIK
— 2016-06-05Eguneroko behaketan oinarrituz, Hezkidetzaren ikuspuntutik eskolan zerbait egin behar dugula garbi izan dugu beti. Baina zer da hezkidetza? nola egin aurre hain errotuak ditugun balore eta sineskeriei? Eskolak zer erantsi diezaioke borroka horri?
Galdera horiei guztiei eta gehiagori erantzun nahian abiatu genituen klaustro osorako formazio saioak. Saio horietan jasotakoaren laburpen bat da ondoren irakurgai duzun artikulua.
Guk gure saioen ondorengo eztabaidetan ateratako definizioa honako hau da:
Sexu/genero sistema saihestuz, pertsonak aukera berdintasunean hezi (indibiduotik abiatuz, eta ezberdintasunak kontuan hartuz eta onartuz, besteen ezagutzan eta errespetuan hezi eta bizi)
Ea zuk ere bat egiten duzun eta denon artean lortzen dugun aldarrikatutako berdintasun hori.
1.- SARRERA
XX. mendean egindako aurrerapenek (eskubide zibilak, diskriminazioaren aurkako borroka, hezkuntza publikoa, …) aldaketa positibo ugari ekarri dituzte; baina, hala ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun formaletik berdintasun errealera igarotzeko erronkari aurre egin behar diogu.
Dibertsitatearen aurrean jarrera abegikorra izatea, umeei eta gazteei begirunez begiratzea eta, aldi berean, ikastetxearen barruan hezkidetza keinu eta politika zehatzak izatea dira XXI. mendeko eskolak behar duen aldaketaren gakoa.
2.- DISKRIMINAZIOAREN DINAMIKAK
2.1.- Gelaren barruan diskriminazioa eragiten duten sinesmen kulturalak
Gizarte diskriminazioa sortzen da kultura batek edo gauza batzuek gehiago balio dutela eta beste batzuek gutxiago sinesten delako. Iritzi horiek lege, instituzio, lengoaia, jarrera eta aurreiritzi bihurtzen dira, eta sarritan, historian oso sustrai sakonak dituzte.
Eskolan, gizarte helduan ikusten diren diskriminazio dinamika asko errepikatuko dira. Zer egin horren aurrean?:
-
Taldearen-ikasgelaren sinesmen kulturalak eta balioak jorratu.
-
Dibertsitatea hobea/txarragoa terminotan bizitzeko joerari buelta emateko lan egin egunero.
-
Sexua-generoa sistemak umeen eta nerabeen bizitzan duen eragina gogoan izan.
2.2.- Sexua-generoa sistema edo patriarkatua
Mendebaldeko kulturan oro har onartua eta adostua, eta sexuaren (arra/emea) eta jokabideen (maskulinotasuna/feminitatea) artean lotura bat dagoela dio.
Generoa maskulinotzat edo femeninotzat jotzen diren eta, hurrenez hurren, arrei eta emeei egotzi ohi zaizkien ezaugarrien eraikuntza psikologiko, sozial eta kulturala da; gizona edo emakumea izateari egozten zaion esanahia, gizarteak espero duena. Esanahi hori dinamikoa da, beraz kulturala eta ikasia.
Hor kokatuko ditugu genero estereotipoak.
Genero usteak segurtasuna ematen diote neska-mutilari, hazteko esparrua ematen diotelako. Baina aldi berean, haren garapena mugatzen dute eta oso zapaltzaileak izan daitezke gizarteak eta familiak haiengandik espero dutena betetzen ez dutenean. Beraiekin batera gauden pertsona helduak ere sarritan erosoago eta seguruago sentitzen gara gure sexuaren arabera espero dena betetzen dugunean, eta seguruenik, ezarrita dauden rolak betetzen laguntzen diegu, batzuetan oso agerikoa ez bada ere.
2.3.- Generoarekin lotutako diskriminazioak
Batetik, sexismoa dago, hau da, pertsonek beren sexuaren arabera aldez aurretik ezarrita dauden jokabide kode batzuk bete behar dituztela eta kode horiek bi baino ez direla.
Bestetik, matxismoa dago, hau da, maskulinotasunari egozten zaizkion ezaugarriek feminitateari egozten zaizkionek baino balio, aintzatespen eta garrantzi handiagoa dutela. Ondorioz, gizona emakumearen gainetik dagoenaren sinesmena.
Eta azkenik, heterozentrismoa dago, hau da, desio sexuala heterosexuala izan behar duela, eta ondorioz, beste sexuarekikoa izan behar duela.
Ondorioz, funtsezkoa da kontuan hartzea neska eta mutilak modu desberdinean hezi gaituztela eta sarritan, mezu desberdinak jaso eta trebetasun desberdinak garatu ditugula. Gogoan izan behar dugu sexu eta genero identitateak nola egituratzen diren, bidegabekeria eta indarkeria egoerak lantzeko.
2.4.- Ibilaldia hezkidetzan zehar
XIX. mendean neskak eskolatzearen aldeko borrokak eta emakumeek goi-mailako ikasketak izateko eskubidea izan zezaten.
XX. mendeko lehenengo 30 urteetan aurrerapen handiak.
Frankismoa: atzerakada nabarmena berriro ere. Oraindik ikusten dena.
70eko hamarkadan: hezkuntzarako eskubide unibertsala ezarri zen.
…
Hala eta guztiz ere, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ikasgeletan islatzen jarraitzen dute. Oraindik ere gauza desberdinak espero dira mutilengandik eta neskengandik.
Eta, zer egin?
Hezkidetza, aukera-berdintasuna bultzatuz heztea da, desberdintasunak kontuan hartuz eta taldeak-komunitateak dibertsitatearen esperientzia aberasgarria eskain dezala sustatuz.
3.- NOLA ALDATU DISKRIMINAZIO DINAMIKAK ETA KUDEATU DIBERTSITATEA
Arnold Mindell: “Diskriminazio-dinamikak aldatzeko eta dibertsitatea aberastasun bat bezala bizitzeko, gatazkaren erdian esertzeko eta geure baitan entzuteko eta adierazpen modu eta ahots guztiak onartzeko gaitasuna garatzeko konpromisoa hartu behar dugu”
3.1.- Alde guztiei ongietorria egitea
Ongietorria egitea diskriminatzearen edo marjinatzearen kontrakoa da. Ahots eta esperientzi guztiei ongietorria egiteak ez du esan nahi gauza guztietan ados egon behar denik, ahots guztiak entzuteko jarrera eta enpatia erakutsi behar direla baizik, baita atsegin ez ditugun ahotsak edo deserosoak iruditzen zaizkigunak entzuteko ere. Badakigu ez dela batere erraza.
3.2.- Irakasleok egiten dugun barneko lanaren garrantzia
Ahots guztiei entzun ahal izateko, gure dibertsitatea errespetatu eta behatzeko gaitasuna garatzeko gai izan behar dugu. Taldeak beretzat hartzen dituen balioak eta jarrerak (gu honelakoak gara …) nahiz taldeak arbuiatzen dituen edo ezagutzen ez dituenak, taldearen nortasunaren parte dira. Alde guztiei ongietorria egiteak jarrera irekiagoa garatzea esan nahi du.
4.- NOLA HEZI GENEROAREN IKUSPUNTUA BARNE HARTUZ
Hezkuntzaren egitura funtsezkoa da; hau da, hezkidetzaren ikuspuntutik aztertu behar dira espazioen eta denboren antolamendua, erabakiak hartzeko modua eta eskolak familiekin, umeekin eta gazteekin sortzen duen harremana, hori izango baita eguneroko zereginetan sartzen ditugun aldaketak iraunkor egingo dituena.
4.1.- Estereotipoak zalantzan jartzea eta genero-zigorrak lantzea
Estereotipoak hausten dituzten eta sexua/generoa sistemarekin bat ez datozen pertsonak diskriminatzea genero-zigorrak deritzogunaren bitartez egiten den zerbait da: bromekin, barrekin, zerbait esanez, irainekin, taldetik kanpo utziz edo ezizenekin egiten da, eta, batzuetan, zuzeneko erasoekin.
Iradokitzen duguna da zigorren dinamika zapaltzaileaz ohartu behar dugula, gela osoaren kontzientzia maila handitu ahal izateko. Diskriminazio dinamikak aldatzeko, jakin-mina piztu beharko dugu eta aldi berean seriotasunez jokatu beharko dugu.
4.2.- “Femeninotzat” jotzen dugunaren balorazioa aldatzea
Beharrezkoa, premiazkoa eta nahitaezkoa da tradizionalki femeninotzat jo denak (mundu “pribatuak” edo mundu “subjektiboak”: emozioak, maitasuna, zaintza, gorputza, intuizioa, lankidetza, …) balioespena lortzea.
Eskolak jarduteko moduak aldatu behar ditu, bereziki mundu subjektiboari eta emozioenari egozten diegun baloreari dagokionez. Era berean, garrantzitsua da ikustea lengoaiak sarritan emakumeak eta desberdintasunak ikusezin egiten dituela.
5.- ONDORIOAK ETA ERRONKAK
Kontua ez da perfektuak izatea, gizakiak izatea baizik!
Joxeba Larrañaga
Eta orain, aurrekoa irakurri ondoren eta arestian aipatu dudan gonbitea gogoratuz –“Ea zuk ere bat egiten duzun eta denon artean lortzen dugun aldarrikatutako berdintasun hori”– Zestoan abiatzen ari garen proiektu berri baten berri eman nahiko nizueke. Hau da
HERRI HEZITZAILEA
Aurrekoarekin lotuta eta Zestoarako zer nolako herri eredu nahi dugun eztabaidatik abiatuta ekin genion gaiari udaleko ordezkariak, herriko eskoletakoak (Guraso elkarteak eta irakasleak) eta beste hainbat eragilek.
Herria heztea, eta bereziki haurrak eta nerabeak heztea, herri oso baten ardura dela iruditzen zaigu; horiek izango baitira biharko Zestoa eraikiko duten herritarrak.
Gure helburua gure umeak berdintasunean, aniztasunaren errespetuan, ingurune kulturalaren eta naturalaren errespetuan eta euskaraz heztea da.
Eta ez dugu hori gauzatzerik posible ikusten ez badugu parte hartzearen kulturan oinarritzen gure esku-hartzea.
Hori horrela izanik ekin genion lehenengo batzar irekiari. Bertan, eztabaidarako gunea izateaz gain, eta Zestoako egituraketa ikusirik, hiru talde azaldu ziren nabarmenki:
Errealitate hori ikusirik, aipatutako hiru talde horietan era autonomoan, baina koordinatuta, hasiak gaude lanean. Bakoitzak bere martxa darama eta dagoeneko hasita gaude hainbat ekintza aurrera eramaten.
Ildo horretan parte hartuko dugu maiatzaren 21ean OinHerri Herri Hezitzaileen plataformak Zestoako Herri Eskolan antolatu dituen jardunaldietan.
Besterik gabe, lerro hauen bitartez gonbidatu nahi zaituztegu hasitako proiektu honetan parte hartzea, denon beharra izango baitugu Zestoa osasuntsu bat eraikitzeko.
Herri Hezitzaileko batzordea
Egin zaitez bazkide