Albisteak

Festetan zezenketa garaian alternatiba bat eskaintzeko “Gurea, kultura” ekimena sortu du herritar talde batek

Zestoarrei zezenketen garaian alternatiba bat eskaintzeko helburuarekin “Gurea, kultura” ekimena sortu du herritar talde batek. Duela aste batzuk elkartzen hasi ziren eta aukera ezberdinak aztertu ostean, irailaren 8rako (larunbata), kultur ekitaldia antolatu dute.

Arratsaldeko 17:15ean, kalejira egingo dute Gurutzetik hasi eta estazio zaharreraino. Han, Bad Sound System taldearen musikaz gozatzeko aukera izango da. Ondoren, 20:00etan, bafle poteoa antolatu dute, herriko kale eta tabernetan zehar ibiliko dira musikaz lagunduta. Azkenik, iluntzeko 22:00etan, DJ HGSren emanaldia Gaztetxean.

“Animaliei tratu txarrak eman gabe festa egin eta ondo pasatzea badagoela uste dugu, eta ekimen honen bidez horixe bera aldarrikatu nahi dugu” azaldu dute ekimeneko antolatzaileek idatzi baten bidez.

Ekimena posible egiteko babes bonoak jarriko dituzte salgai. Bono bakoitzak 10 euroko prezioa izango du. “Kultur ekitaldi hau posible egiteko modu bakarra mota honetako crowfunding-a egitea dela ikusi dugu, Zestoako Udalak ez baitu “Gurea, kultura” ekimena babestu, “bikoiztasuna” sortzen duela arrazoituz” adierazi du taldeak. “Hain zuzen ere, Zestoarrok “bikoiztasun” hori behar dugula iruditzen zaigu, animaliarik hil gabe ondo pasa nahi duenak horretarako eskubidea daukala uste dugulako”.

Hona hemen irailaren 8rako antolatutako egitaraua:

17:15 – Kalejira gurutzetik estaziora

18:00 – Kontzertuak estazioan: Bad Sound System

20:00 – Bafle-poteoa

22:00 – DJ HGS Gaztetxean

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide