Garai ilunetan antolakuntzaren indarra

Urtero bezala, langileriak bere azalean jasotako gertakaririk gogorrenak salatzeko
Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak antolatu ohi zuen mobilizazioak, aurten, inoiz
baino garrantzia handiagoa hartzen du. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik lekukoa
hartu eta gainera datorkigun etorkizun beltza salatzetik harago, langile antolakuntzaren
aldeko aldarria kalera atera nahi dugu, oldarraldi kapitalistari aurreko egiteko modu
bakarra langileriak bere burua antolatzea dela defendatzeko.

Esan gabe doa pandemia izan dela aurtengo gertakaririk garrantzitsuena, baina
pandemia aitzakia hartuta langileriarengan ondorio latzak ekarri ditu egungo egoerak.
Agintari politikoek birusaren hedapena kudeatzeko izan dituzten ezintasunek eta
azpijokoek garbi utzi dute langileriaren etorkizun hobe batez baino, bizitzeko modu
honen oinarri ekonomiko nahiz kultural berriak ezarri nahi direla, langileria oraindik eta
gehiago zapalduz eta kaosera eta etengabeko ziurgabetasun batean bizitzera bultzatuz.

Lan-munduan ongizate estatuaren gainbeherak eta kapitalak berez behar duen etekin
ekonomikoa mantentzeak langileriari lan eta bizi baldintzak nabarmen kaskartu dizkio:
EREek, ETTek, praktika-kontratuek, aldi baterakoek edota kontraturik gabe lanean
dabiltzanen kopuruek gora egin dute hilabete gutxiren buruan eta gutxi barru egoera
orokortua hori izango da, soldatapeko lana aurkitzen duenarentzat. Pandemiaren
aitzakiapean inposatutako neurriak dira, baina ez da, birusarentzat bezala, neurri
hauentzako sendagairik sortuko, eta ezer antolatu ezean datorkiguna onartzera behartuta
egongo gara: sinestarazi nahi diguten aukera daukaguna onartzea edo pobrezian erortzea
da. Dikotomia faltsu horrek eraman gaitu urte luzez borrokan irabazitako eskubideak
galtzeraino. Eta langileriaren otzantasunak erraztu egin dio burgesiari lan erreformak eta
oinarrizko askatasunen aurkako legeak inposatzea; kolore guztietako alderdien eskutik
ahalbidetuz hau guztia, aurrerakoien nahiz eskuinekoen eskutik. Gure onerako omen
ziren aldaketen ondorioz badator burgesiak ezarri nahi duen joko zelai berria, eta
paradigma aldaketa honetan ere langileria izango da galtzaile nagusia.

Azken urteotan pairatzen ari ginen pobretzea eta proletarizazio prozesua ikaragarri hazi
da egoera berriarekin, eta langileria ataka estuan jarriko du berehala. Geure burua
erreproduzitzeko gastuak igotzen doazen bezala, bizitzeko baliabideak geroz eta
murritzagoak dira, soldatapeko lanean arituta ere gutxirekin bizitzera ohitzeraino. Zer
esanik ez merkatutik kanpo geratzen direnak edota inolako babes juridiko eta sozialik ez
dutenak. Murrizketa horiek hainbat mailatan eman daitezke: hasi etxea ordaintzeko
arazoetatik, pasa lanera joateko osasuna arriskuan jarri beharretik eta egoerarik
okerrenetan pobrezia eta gosea pairatzeraino.

Askatasun politiko eta zibilak ere ukatu zaizkigu: kontrol sozialaren areagotzea,
etxeratze-aginduak, mozal legearen aplikazio arbitrarioak, poliziaren presentzia
handitzea, mugikortasunaren ukapena… Birusaren hedapena gelditzeko biolentzia hau
erabili behar dela entzuteak zentzu guztia galtzen du, gerra testuingurutan hartu ohi
diren neurri autoritarioak baitira, langileria otzantzeko ezpada helbururik ez dutenak.

Horrek guztiak begien bistan uzten du kontrolaren eta beldurraren mekanismo hauek
langileria injustiziaren aurka ez altxatzea beste helbururik ez dutela.
Aipatutakoak aintzat hartuta, inoiz baino agerikoagoa da burgesiak hasi duela ofentsiba
kapitalista. Eta langileriaren gaitasun politikoa jokoz kanpo utzita, nekez egingo diogu
aurre errealitate basati honi. Eskubide sozial eta politikoen defentsa lehen lerroan
kokatu behar dugu, tresna bakarra dugun borroka politikoa bera ere ukatu egingo
zaigulako bestela. Bide hori berrartzea langileria bizitzeko eta borrokatzeko baldintzen
aldeko bidea hartzea da, langileriaren proiektu historikoa den sozialismorako bidea
hartzea. Bide horretan antolakuntzaren indarra batzeko momentua dugu.

URTARRILAK 16 MANIFESTAZIOA.
GARAI ILUNETAN ANTOLAKUNTZAREN INDARRA.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide