Paperekoa

Garaian garaiko feminismoaren koloreak

Rita Zabala Txurrukari jubilatzeko oso gutxi falta zaio. Mugimendu feministan buru-belarri ibili zen hogeitaka urte zituela. Amaiur Aristi Arregi eta Itsaso Zubiria Etxeberriak ez dituzte 30 urte eta sortu berri duten talde feministan dabiltza orain. Bizipen desberdinak dituzte, ez dira urteak alferrik pasa, baina belaunaldi bati eta besteari entzuteak erakutsi digu emakume eta gizonen arteko parekidetasunetik urrun gaudela.

Zortzi-hamar emakume gazte elkartzen dira. Herrian feminismoaren inguruan zerbait egiteko beharra sentitu dute. Herriko jaiak lanean hasteko aitzakia ederra zirela pentsatu eta abuztuan biltzen hasi ziren. Gainera, Euskal Herriko bazterretan uda beroa izan zen, ez tenperatura aldetik, eraso sexistengatik eta haiei emandako erantzunengatik baizik. Azpeitian gertatutakoa azpimarratu dute Amaiurrek eta Itsasok. Kamiseta kenduta ibili ziren neska batzuk eta bazterrak aztoratu ziren: “Gure oso inguruko jendea kritiko agertu zen egin zutenagatik, probokatzen ari zirela, ea zergatik ibili behar duten horrela…”, dio Itsasok.

Hari horri tiraka jai giroan eraso matxistak saihesteko eta gertatuz gero erantzuna emateko protokoloa prestatu zuten iraileko jaietarako. Besteak beste tabernariei banaka-banaka aurkeztu zieten protokoloa eta haien laguntza lortu zuten. Denek ontzat jo zuten ekimena. Erasotua babestuko zuten eta tabernako musika itzali eta argiak piztuko zituzten. Erasotua identifikatuz gero kalera botako zuten eta beste tabernetara abixua pasa.

Protokoloaz gain, hiru pankarta jarri zituzten herrian. Ez zuten arrakasta handirik izan, arrazoi bategatik edo besteagatik hirurak kendu behar izan baitzituzten. Dena dela, ez dute uste pankarten mezuaren aurka zeudelako eskatu zietenik pankartak kentzeko, eta berriz ere saiatuko dira pankartak jartzen.

Amaiur Aristi Arregi eta Itsaso Zubiria Etxeberria – Zestoako Txoko Feministako kideak

Zer da eraso matxista?

Jai giroko erasoen gaia oso garrantzitsua dela uste dute biek, eta eztabaidak sortzen ditu inondik ere. Emakumearen aurkako erasoa zer den identifikatzea kosta egiten zaigula uste dute. Honelako esanak sarri entzun dituzte mutilen ahotik: “Orain begiratzea ere erasoa da”, “ezin da ezer egin”, “begiratzeak ere beldurra ematen dit”. Itsasoren hausnarketa: “Batzuk modu sanoan esaten dizute eta adarra jotze hori, muga batekin, ondo dago, izan ere, erasoen gaia mahai gainean jartzeko aukera ematen du”. Amaiurrek ondokoa gehitu du: “Badirudi gustuz ari garela, kexatzeko gogoa daukagula, zer edo zertaz jardutea dela kontua, badirudi ez dagoela benetako arrazoirik. Parranda ondoren etxera joaterakoan erabiltzeko txistuak banatzea proposatuz gero litekeena da norbaitek esatea, ‘bortxatu egingo gaituztela pentsatu behar al dugu?’. Ez da pentsatze kontua, errealitatea da. Guk ez diogu parranda bakoitzean bortxatuko gaituztenik, baina jai giroan bestelako erasoak gertatuko direla egon seguru”.

Amatasun ereduak, modako gai eztabaidatua

Aurrera begira gai asko lantzeko gogoa dute, eta kalera begira arituko dira; baina, ezeren gainetik, beraien buruak prestatu nahi dituzte, ikasi. Gai asko atera dira haien bileretan eta 30 lagun inguru bildu ziren bilera handiago batean: amentzako bilgunea sortzea, herrian dauden emakume etorkinei euskara eta gaztelania irakastea, galtzen ari den noka hizkera berpiztea… eta, nola ez, amatasuna.

Biak bat datoz, feminismoan dagoen eztabaida handienetakoa da amatasun ereduena, “zaintza eta lan banaketa, umearen beharrak, amaren rola, aitaren rola. Beldurra ematen digu, emakumeak, eta feministak, askotan, ez ote diren ari ume zaintzan karga guztia hartzen, beraiek hala nahi dutelako. Umeak beharrak ditu, baina amak ere beharko du, bada, beretzako denbora? Zalantza asko ditugu, gu ez gara ama eta ez dakigu nola jokatuko genukeen egoera hori iritsiz gero”.

Zertan egin dugu aurrera?

Ondoko eremuak azpimarratu dituzte bi gazteek: ikasketak, “unibertsitatean gaude, nahiz eta lan munduan ez hain nabarmen ikusi”. Bikote harremanak ere aldatu dira, “ez da lehen bezala, halakorekin hasi, ezkondu eta umeak ekarri. Bikote bat betiko. Gaur egun bikote bat baino gehiago izango dituzu, sexu bereko bikoteak daude…”. Kirolean ere, aurrera egin dela diote, baita lan munduan ere. Etxean berriz, “gehiago edo gutxiago gizonak ari dira sartzen, orain etxeko lanen bikoitza egiten dugu, lehen lau aldiz gehiago. Orain bikoitza baino ez! (biak barrez ari dira)”.

Zertan egin dugu atzera?

Esan dugu amatasun ereduen gaiak kezkatzen dituela Amaiur eta Itsaso. Atal honetan ere gauza bera aipatu dute. Hala dio Itsasok: “Kezkatzen nau jende batek feminismotik nola azaltzen duen amatasuna, umea amak edukitzea eta zaintzea… baina nik ez dakit hori ikuspegi feminista den”.

Beste gai bat aipatzen hasita ezkontzekin gogoratu dira. Haien ustez gero eta gehiagok aukeratzen du ezkontza handiki ospatzea, soineko zuri eta guzti.

Ume-umetatik neska edo mutila izatea duela urte batzuk baino markatuago ez al dagoen galdetu diegu, ez ote dugun atzera egin. Amaiurri Zara dendako arropa urdinak eta arrosak etorri zaizkio gogora, “neska jaioberriei belarriak zulatzen segitzen dugu, jostailuak nola aukeratzen ditugun, nolako ipuinak kontatzen zaizkien… gazteak direnean ikasketa batzuk edo besteak aukeratzea ez da gustu kontua, aurreko lanak nolakoak emaitza halakoa da”.

Biak futbolariak izan dira eta oso garbi dute mutilak eta neskak diferente tratatu dituztela. Amaiurrek, “Guk Zubiaurren jokatu nahi eta ezetz, guretzat handiegia zela, harri txintxorra zegoela… guk futbitoa egin behar. Kalean entrenatzaile bila ibiltzen ginen, mutilei sobratutako arropa erabiltzen genuen… eta hori dena normala zen”. Itsasok dio Hernanin zelairik okerrena, ordutegirik txarrena eta aldagela kaskarrenak zituztela.

Ezpain gorriak eta hanka ile gabeak

Eta estetika kontuetan, batez ere emakumeek gizonen begietara apain-apain egon behar horretan aurrera ala atzera egin dugu? Itsasoren erantzuna: “aurrera ez behintzat”, eta Amaiurrek, “atzera egin dugu ezta? Lagun batek esan zidan lehengoan, ‘sentitzen dut baina ez dut lortzen depilatu gabe nire burua eder ikustea’, eta makillajea, oso jende gutxi dago ez dena makillatzen”. Itsasok zalantzak ditu: “Feministak ezpainak gorriz pintatuta dabiltza. Igoal lehen gutxiago ziren eta markatuago zeuden” eta Amaiurrek, “orain aniztasun handiagoa dago feministen artean, baita estetikoki ere”.

Rita Zabala Txurruka

20 urterekin etorri zen Rita Zestoara Mendarotik. Semea jaio eta pare bat urtera politikan eta feminismoan militatzen zebilen. Urte asko pasa direla eta gauza asko ahaztu zaizkiola dio. Gogoan dituenak ordea, ez dira gutxi. Zestoa oso herri kuriosoa iruditu zitzaion: “Mendaron PNVtik aparte ez zegoen ezer, eta Zestoa Londres txikia zen. Denetik zegoen, troskistak, MK-koak…”, eta feministak ere bai, “bai, guri espainolistak deitzen ziguten”.

Udaletxeko gelaren batean edo Herrero tabernan biltzen zirela du gogoan. Garai hartan Gipuzkoako mugimendu feministak asanblada ibiltariak egiten zituen, oraintxe Zarautzen, Zumaian, Elgoibarren eta hurrengo Azpeitian. Zestoarrak asanblada haietara joaten ziren eta handik ekarritakoak herriko bileran azaltzen zituzten, “guk batik bat gure burua edukatu nahi genuen, irakurtzekoak biltzen genituen eta gure artean gai horiez hitz egin. Lidia Falcón [feminista espainiarra] asko gustatzen zitzaidan, eta berak sortutako “Vindicación feminista” aldizkariaren zenbaki asko neuzkan”. Bilerez gain hitzaldiak antolatzen zituzten, taldeko feministentzat eta herritarrentzat. Emakumearen rola aztertzea zen helburua, historian zehar emakumeak izan zuen egitekoa azaltzea, etorkizunerako prestatzea. Sexualitatea eta antisorgailuak landu zituzten, besteak beste . Herrira begira egin zituzten ekintzen artean ondoen gogoratzen duena abortuaren aldeko sinadura bilketa da. 1979An, Bilbon, hamar emakume eta gizon bat epaitu zituzten abortatzeagatik eta abortatzen laguntzeagatik. Denak aske geratu ziren. Sona handia izan zuen epaiketa hark, manifestazio eta autoinkulpazio saio asko egin ziren. Zestoan meza irteeran sinadura biltzen nola aritu ziren gogoan du.

Herrian feministak ondo hartuak ziren galdetu diogu: “Feminismoa modan zegoen garai hartan, Zestoa herri aurreratua zen, nahiz eta blokeak zeuden. Niretzat orain baino progresistagoa zen. Nik ez nituen entzuten kritikak, ez neukan inor ondoan kontrakoa esateko. Nik ez nuen tentsiorik bizi izan, beste bati galdetu beharko diozu. Etxean ere babesa neukan, nahiz eta senarrarekin borrokak izan. Bera nahiz eta progrea izan, kultura kontserbadorea jasota zeukan eta hori ez da hain erraz kentzen. Tira-birak izan genituen noski, zeren nik emakume bezala portzentaje handiagoa eskatzen nuen”.

Italiar haren ezintasuna

Berriketan ari garela une eta gertaera zehatzak datozkio gogora. Italiako emakume eder hartaz gogoratu da: “Asanblada ibiltari horietako batera ekarri zuten emakume italiarra, ederra zen benetan. Maila sozioekonomiko handikoak ziren bera eta senarra. Andrea banandu egin zen eta konturatu zen senarrak semea bortxatzen zuela. Inork ez zion ezer sinistu eta ezer gabe utzi zuten. Aurreneko aldia zen horrelako zerbait entzuten nuela. Emakume hark kontatutakoa sinestea kosta egin zitzaigun”.

Dibortzioaz eta independentzia ekonomikoaz ez al zuten hitz egiten galdetu diogu. “Ez naiz akordatzen, ezkondu berria nintzen”. Eta emakumeak bere soldata izateaz? “Gai horretaz ere ez naiz asko gogoratzen, gutxiago landuko genuen. Garbi geneukan soldata izateak bikotekidearekiko independentzia ematen zigula. Kontua da, orduan biltzen ginen guztiok lan egiten genuela”.

Zer dugu lantzeko?

Gauza askotan aurrera egin dugula ez dauka zalantzarik: “Neska koskorretako Mendaroz daukadan irudia eta orain dagoen irekitasuna kontraste handia da. Dibortzioa, abortatzeko eskubidea, lana naturaltasunez egitea, ehunetik ehunera ez bada ere gizonezkoak etxeko lanetan eta ume zain ikustea… Hala ere, niretzako sakonagoa da, ikusten ez dena da”.

Irakaslea izan da Rita urte luzez, (errelebo kontratuan ari da orain) eta ikastetxean bizitakoa kontatu nahi izan digu. Bere ustez, neskentzat eta mutilentzat ikuspuntu desberdinak lantzen dira, ezkutuko mezua, eta ez hain ezkutukoa, ematen zaie. “Irudipena daukat gai honekiko sentsibilitate gutxi egon dela ikastetxeetan, nahiz eta gero eta gehiago lantzen den. Emakume irakasleok ere lan gutxitxo egin ote dugun, baina hori esatea neure buruari harriak botatzea litzateke”. Hasieran iseka egin zion lankideaz akordatu da: “Haur Hezkuntzan nengoen. Lankide batek kristorenak esan zizkidan, feministak ozpinduak eta zatarrak ginela esan zidan. Gero, gurdira igo zen bera ere eta ipuin italiar politak euskarara itzultzen ibili ginen”.

Ikastetxeko aisialdiko guneak generoaren arabera nola erabiltzen diren da beste gai bat. Ritak gai horri ere heldu zion: “Elgoibarko eskolan mila haur inguru, haurtzaindegitik hamasei urtera arte, eta denak futbolean jolas-orduan. Neska denak ere futbolean jarri zituzten. Kostata lortu genuen gune desberdinak antolatzea

Beti gazte

Estetikarekin gertatu dena perbertsioa iruditzen zaio. Emakumeak tranpa horretan erori eta gainera gizonak ere gurdi berera igotzen ari direla dio. “Anaia Handia hor dago, ideologia oso bat da, gu errealitate horretan bizi gara, eta gu ez gara gu, nahi duguna egiteko aske garela esaten da, baina ez gara aske. Niri ondo iruditzen zait txukun eta apain ibiltzea, baina ezin gara beti gazte izan”. Duela gutxi, maila ekonomiko handiko emakume zimurtua ikusi zuen dotore jantzita. Ezpainak oraingo modaren arabera gizenduta zituen eta hala pentsatu zuen Ritak: “Gaixoa! Ederra sartu dizute zuri ere!”.

Depilazioaz ere hitz egin dugu, eta Amaiur eta Itsasok esan diguten moduan Ritak ere ileak moztu izan ditu, batik bat ingurukoen begiradak jasan ezinda. Baina sakonagoko gaiaz ez du ahaztu nahi izan: emakumeen heriotzak. Parekidetasunerako bide luzea bukatu ez den seinale: “Pentsa gaur egun zenbat heriotza gertatzen diren. Ez dizut esango lehen egongo ez zirenik. Beharbada ez genuen jakiten edo estali egiten ziren. Lehen zapaltzen gehiago uzten zen, orain “txit, bale!”, errazago esaten da.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide