Albisteak

Garajeetan ezkutatzen diren sekretuak

Apirileko zenbakitik ekarritako erreportajea:

Konfinamenduaren ondorio dira batzuk, aspaldiko kontuak besteak. Gure herriko garajeetan orduak eta orduak pasatzen dituzten herritarrak ekarri nahi izan dizkizuegu zenbaki honetan. Zertan pasatzen dituzten jakin nahi?

Lagunartean egindako bideo-joko makina. Joseba Regil (1991)

Duela hiru edo lau hilabete itxiera perimetrala ezarri zuten lehen aldian buruari bueltaka hasi ziren Joseba eta bere kuadrillakoak. Tabernak itxita zeuden orduan eta bere garajean bildu ohi ziren noizean behin, “txapuza” batzuk egiteko.

Mikel Salegik ordenagailu eta bideo joko kontuak oso gustuko dituela esan digu Josebak eta egun batean lehen tabernetan egoten ziren makina zahar horietako bat muntatzearen ideia bota zuen. Azkenean, inori ezer esan gabe, berau egin ahal izateko materiala erosi eta abisua pasa zuen.

Horrela hasi ziren, pixkanaka, makina muntatzen, denen artean. Beraiek txikiak zirela Koioten, Uztapiden… zegoen makina eta han ibiltzen ziren ahal zutenean behintzat buru-belarri, gustura. Orain, beraien eskuekin egin dute makina, nostalgiaz. Mila eta bat joko dituzte bertan: Mario Bross, Come cocos… Badute denbora-pasa orain eta lagunartean egoteko aitzakia bikaina!

Garaje bat museo bilakatua. Xabier Iriondo (1934)

Ez dira herritar asko izango Xabier Iriondoren garajea ezagutzen ez dutenak, baina, ezin genuen aipatu gabe utzi.

Pilotazale amorratua da Iriondo, jokatu ere egin zuen gazte garaian baina gaixotasun bat tarteko utzi egin behar izan zion jokatzeari. Gertutik jarraitu du afizioa ordea. Urteetan osaba eta lagunekin frontoia hartzen zuten alokairuan pilota txapelketak antolatzeko. Garai haietakoak dira garajeko “museoko” aurreneko errekorteetako argazkiak. Duela 50 bat urte hasi zen entretenimendu honekin eta alargundu zenetik honek eman diola bizipozik handiena aitortu digu. ETBtik ere etorri zaizkio behin baino gehiagotan eta pilotari ezagunek ere egin diote bisita bertara.

Mundu bat dauka hormetan. Ez da presaka joateko lekua. Egunkari zatietan irakurgai dagoena gutxi ez, eta anekdotaz betea dauka Iriondok burua. Denboran atzera egiteko artxibo paregabea da. Ezker eskuin mugitzen dela edo gantxo bidez, laugarren geruza ere zintzilikatu du horma zati batzuetan.

Aldiro eguneratzen doan museoa da Iriondorena. 2020ko buruz buruko txapeldunak, Erik Jakak oparitutako kamiseta ere hortxe dauka eta zintzilikatzeko prest ikusi dizkiogu Jurdan Arakistain eta Naroa Agirreren Danbolineko errekorteak ere.

Ciclecar erreplika. Gorka Igual(1986)

Konfinamenduan, etxetik irten ezinda geundenean Youtuben bideoak ikusten hasi zen Gorka Igual eta asko gustatu zitzaion kotxetxo bat aurkitu zuen. Ciclecar deitzen zaie, garai bateko antzinako bolidoen erreplikak dira eta asko ikusten dira Frantzian eta Estatu Batuetan. Horietako bat egin behar zuela sartu zitzaion buruan.

Etxean sartuta geunden bitartean kotxea diseinatzen hasi zen, nolako piezak beharko lituzken eta hauek nola egin edo nondik lortu pentsatzen. Bigarren konfinamenduan, kalera ateratzea posible zenean, lanari ekin zion, piezak eskuratu eta muntaia lanekin hasi zen.

Uda honetarako bukatzea aurreikusten du Gorkak. Oraindik ez du oso argi zer egingo duen behin bukatutakoan baina salduko duenik ez du pentsatzen. Tarteka bueltaren bat emateko erabiliko duela uste du momentuz.

Trenez inguratuta. Francisco Goenaga (1955)

Duela sei urte inguru hasi zen Patxi Goenaga trenen erreplikak egiten. Ordutik bospasei tren egin ditu. Tartetxoa duen bakoitzean, garajera joan eta hantxe egoten da, gustura bere saltsan. Garajean sartu eta kanpoko munduarekin ahaztu egiten dela dio Goenagak. Goizean joaten bada, irratia jartzen du eta arratsaldetan, telebistak egiten dio konpainia. Tren bakoitzak denbora asko ematen diola dio, lan handia dute eta.

Duela hiru urte, bere alaba Iaroneri proiektu berri bat egin nahi zuela esan zion, duela urte asko Zumaia-Bilbo ibilbidea egiten zuen “krokodilo” deitzen zaion trenaren erreplika. Alabari trenaren argazkiak erakutsi eta planoak egin zizkion. Piezak mozten dituen enpresa batera bidali zituzten planoak eta moztuta bidali zizkioten denak. Jaso eta berehala hasi zen lanean. Orain, ia amaituta du alabarekin batera egindako proiektua. Iraetako tren txikien gunean egingo du estreinaldia eta guri ere abisua pasako digula esan digu, hantxe izango gara, kamara hartuta!

Arroabeko baserriak miniaturan. Patxi Urbieta (1939)

Malagan harrapatu zuen 2020ko martxoko konfinamenduak Urbieta. Faltan bota zuen aste horietan etxepean duen eskulanetarako txokoa. Handik etorri eta zerbait “berria” egin behar zuela pentsatu zuen. Horrela hasi zen, pixkanaka, Arroabeko baserri eta etxe ezberdinen erreplikak egiten. Detaile guztiekin egiten ditu: leihoak, teilatua… Koloreak ere berdinak izan behar dute. Orduak pasatzen ditu bere txoko horretan, entretenituta. Dozena bat erreplika egin ditu jada eta gehiago egiten jarraitzen du.

Baserrien miniaturekin ari da orain baina bestelako eskulanak ere egiten ditu Urbietak. Itsasontzien erreplikak egiten zituen duela 30 urte baino gehiago, pentsa! Denbora zerbaitekin behar duela dio eta lan horiek egitean burua entretenituta dauka. “Mini Arroabea” hori jendaurrean erakutsi beharko duela esan diogu eta ezetzik ez digu esan, aurrerago zerbait egingo du beraz, agon adi!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide