Albisteak

Garikoitz Mendizabal: “Zestoari bultzada ematen jarraitu nahi dugu, estilo berri batekin”

Imanol Esnal Zestoako EAJ-PNVko lehendakariak, apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitza azpimarratu zituen eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Urola eta Deba bailarako hautagaia Maria Eugenia Arrizabalaga aurkeztu zuen. Hau, emaitzen inguruko balorazioa egiteaz gain, lana eta errespetuaren garrantziaz, herrigintzaz eta nazio ikuspegiaz aritu zen.

Garikoitz Mendizabal EAJko hautagaiak eskerrak emanez hasi zuen bere txanda. Gogotsu daudela esan zuen. Azken urtetan Zestoak aurrera egin duela eta beraiek beste bultzada bat eman nahi diotela Zestoari, baina, estilo aldaketa bat ere eman nahi dutela.

Programako lau alor garrantzitsuenetan laburbildu zuen:

1.- Pertsona helburu hartuta, gizarte zerbitzuak sakondu nahi dituzte; mapa soziala garatu, bizi kalitatea bermatu, kalitatezko enplegua bermatu eta menpekotasun egoeran daudenei lagundu.

2.- Kultura. Garikoitzen esanetan, “Kulturak, desberdinen arteko batura lor dezake,  ideologi ezberdinak izanagatik komunikazio normalizatu bat izateko balio du, herri bati nortasuna emateko… Oso balio inportanteak dira eta legealdi honetan kultura oso inportantea izango da. Herri honek kulturarekin izugarrizko altxorra dauka, ekimen handiko herria da, iniziatiba handikoa eta horri zukua atera behar zaio baina badugu ahuldade bat ere. Denok kontziente gara azpiegiturei dagokionean badagoela zer egina eta gure konpromisoa kultur etxe berri bat egitea izango da. Orain dagoen lekuan baina musika, antzerkia eta dantza modu duin batean egiteko prestatua”.

3.- Auzo oreka, baserritarrak eta nekazaritza. Bisitak egiten egon direnean auzotarrengandik informazioa jaso dutela azpimarratu zuen. Gauza batzuk erraz egitekoak direla, beste batzuk sakonago aztertu beharrekoak, baina gertu edukiko dituztela.

4.- Azpiegiturei dagokionean, “irisgarritasun eta mugikortasun arazoak konpondu, herri sarrera hobetu, Euskal Herria plaza atseden leku eta haurren jolasleku bihurtu eta eskolako igogailua (Jaurlaritzak jarriko du) eta ingurua urbanizatzea aurreikusten dituzte. Bereziki azpimarratu zuen Zubiaurre futbol zelairako duten proiektua. Garikoitzen hitzetan, “leku polita da, bide berdearen alboan, aisialdi eta kirola egiteko prestatuko dugu, bidea egokituz eta ondo argizatatuz”.

Aurkezpenarekin jarraituz, beste bi puntu ere azpimarratu nahi izan zituen Mendizabalek:

Jasangarritasunari dagokionez, argiteriak eman duen “dilemaz” bere iritzia eman zuen. “Nik uste dut, eta sinistuta gaude, pribatizazioari buruz oso modu txarrean jardutea arinkeri bat dela. Gure ustez ondo hartutako erabakia izan da, argi hobeak eta jasangarriagoak ditugu orain. Norberak bere etxean egiten duen moduan, askotan udaletxeko baliabideak modu inteligentean erabiltzea, etxea kudeatzea bezalaxe dela, datuak hor daude, aurrezki energetikoa hor dago eta hartu zuten erabakia egokia izan dela uste dut.

Bizikidetzari dagokionean, memoria historikoa eta berdintasunaren garrantzia aipatu zituen bukatzeko. Aranzadi eta Gogoan institutuarekin harremanetan jarriko direla, “informazioa jaso eta taburik gabe hitz egiteko garaia delako”. Berdintasuna gai transbertsala dela, berdintasun plan bat egingo dutela eta txoko feministak ere alboan izango dituztela azpimarratu zuen.

 

Kultura eta bizikidetzari zuzenki lotutako lantaldea

Lan taldeaz ere aritu zen. “Oso pozik” zegoela esan zuen lortu duen lan taldearekin. Kultura eta bizikidetza izango direla beraien motorrak, eta zerrendan (denek ezin izan zuten bertaratu) “jende prestatua” dagoela adierazi zuen, “lanbide eta adin ezberdinetakoak, freskotasuna ekarriko duten gazteak, arlo pribatuak eta publikoan lan egin duten adituak…” Kultura hain inportantea izanik, zerrendan hiru pertsona musikari daudela; bera, Karmelo Mendizabal akordeoilaria eta Javi Manteca geologo eta tronpa jolea, “herrian oso ondo integratua eta pieza inportantea lan honetarako”. Bizikidetzari dagokionean berriz azaldu zuen, taldean badirela beste batzuk bere egunerokotasunean sentsibilitate handia agertzen dutenak beharrean eta zailtasun egoeretan dagoen jendeari laguntzen diotenak, Miren Aristi eta Jackelin Zunzunegi. Oso talde “orekatua, prestatua eta ilusioz betea, herria maite duena, errespetatuko duena eta herriak dituen beharrei eutsiko diona” dela gaineratu zuen.

Bi alderdiak elkar ondo ulertzearen nahia

Azken hausnarketa modura esan zuen, gustatuko litzaiokeela, herri honek azken aldian dituen tradiziozko bi alderdiak, EAJ eta EH Bildu, elkar ondo ulertzea, neurri batean antzeko gauzak defendatzen dituztelako; berdintasuna, gardentasuna, parte hartzea… Baina gaineratu zuen “estilo oso desberdinetan gabiltzala ere oso nabaria da, azken egunetan EH Bildu egiten ari den kanpaina nahiko “agresiboa” da eta gu ez gara joko horretan eroriko, guk lan egingo dugu eta ulermena bilatuko dugu, sinistuta gaudelako, gehiago erreparatu behar zaiola elkartzen gaituenari banantzen gaituenari baino”.

Herritarrak botua ematearen garrantzia

Bukatzeko bozka ematera animatu zituen herritarrak, “oso ariketa indibiduala baina ederra da konpromisoa agertzea. Bi alderdi eta bi alkategai daude, ezagutzen gaituzue ederki asko, batek eta besteak zer eskaintzen duen eta nolakoa den. Aukeratu eta busti eta animatu bozka botatzera”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide