Albisteak

Gaztetxea lekualdatzeko proiektua udalbatzarrean eztabaidagai

2023ko aurrekontuak onartzeko ez-ohiko udalbatzarra egin zen atzo iluntzean. Aurrekontuak onartu ondoren, eta batzarra amaitu aurretik, erreguentzako tartea ireki zuen alkateak. Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak hartu zuen hitza, eta Gaztetxea lekualdatzeko gaiaren inguruko jarrera garbirik ez duela leporatu zion Udal Gobernuari.

Elizondoko aretoari dagokionean zalantza batzuk zituztela esan zuen Mendizabalek: “Aspalditik ari gara galderak egiten. Handitzen ari den bola bat da. Areto horrek lehendik ere beste asmo batzuekin jaso ditu informe arkitektonikoak zenbait gauza egitea oztopatzen dutenak. Hainbat bilera egin dituzue, orain gutxi Bikario orokorrarekin ere bilera egin duzue. Zuek esan izan duzue, bitartekari lanak egiten egon zaretela gazteak eta elizaren artean. Eliza diru beharrean dago tximistak eragindako kalteak tarteko eta dirudienez prest dago alokairuan  jartzeko. Zuek ere alokairu proposamena egin duzue eta orain tasazio baten zain zaudete erantzuna jasotzeko.”

Udalaren posturaren inguruko galdera mahaigaineratu zuen jarraian: ”Hori dena horrela izanda, oraindik ere margenean egoteko posturan dago Udala? edo erabaki duzue alokairu akordioa baldin badago gaztetxea horra joango dela? Orain arte ulertuta geunden, eta gazteei ere zuzenean esan izan diozue, beraiek nahi duten gaztetxea edo gauetako kontzertuak hor ezingo zituztela egin. Gaur egun Udalak daukan postura zen da? hartu du erabakia eta gazteekin lanketa hori egiten ari da?”. Jeltzaleak harridura agertu zuen Udal Gobernuaren irmotasun faltagatik “Ez daukat ezer gazteen aurka, baina denok dakigu gaztetxe batek gaur egun zein ordutan zein kontzertu klase egiten dituen. Lekua oso egokia da hainbat gauzatarako eta haiek horren atzetik ari dira. Txundituta nago irmoago ez esatea lokala hemen duzue, baina hau ezingo duzue egin. Iruditzen zait ez garela zintzo jokatzen ari”.

Mikel Arregi alkateak argitu zuen Gazte Asanbladako kideei azaldu zaiela Elizondon hainbat jarduera egin ahal izateko zein baldintza bete behar diren, eta azaldu zuen Udal Gobernuarentzat eremu hori “oso interesgarria” dela, baina “betiere gauzak ondo” egin behar direla, legedi bat dagoelako. “Guk hori Gazte Asanbladako kideei transmititu diegu, gure ustez, eta hori beraiek ere ulertzen dute”.

Momentu honetan elizak eraikina tasatu behar duela azaldu zuen Arregik, eta tasatu ondoren Udalak eskaintza bat egingo diola. “Hasteko Udal honek eremu hori eskuratzeko daukan interesa mahai gainean jarriko da, eta gero alokairu bidezko eskaintza bat egingo zaio elizari, era ofizialean. Ikusiko dugu zer gertatzen den”.  Alkateak esan zuen asanbladako kideei oposizioko ordezkariekin biltzeko gomendatu zaiela, “horrelako gauzak adostasunarekin” egin behar direla argudiatuta. Oposizioaren iritzia aintzat hartuko dutela esanez amaitu zuen eztabaida Arregik.

Entzun eztabaida (36. minututik aurrera):




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide