Gezurren egiak
— 2018-03-06Guztiok esan dugu noizbait gezur txikiren bat, elur bola erraldoia bilakatu den bat, amaiezin bat, edo geurearekin irteteko balio izan digun gezur bat. Eta inoiz gezurretan ibili ez dela esaten duena, zerrendako lehen gezurtia da.
Geure buruari behin eta berriz gezurra esateko gai gara, nork bere burua engainatzea oso gezur gizatiarra baita. Arnasa hartzen dugun bezain erraz egiten dugu gezurretan. Senez egiten dugu, garena ezkutatzeko, ez erakusteko, gezurrak esateko beharra dugulako. Eta muturreraino joanik, gezurra biziraupen hutsa izan daiteke. Hobeagoa da zoriontsu egingo gaituen gezur bat, bizitza zapuztuko digun egia bat baino, ezta? Aitortu dezagun, ongi datorkigu gezurra esatea, eta seguruenik joaten garen leku guztietara egia esaten joango bagina, ditugunak baino arazo gehiago edukiko genituzke.
Ez zaituztet gezurtitzat epaitu nahi, jakin badakidalako egiatiak izaten ere badakizuela. Egia, sinplea bezain konplexua izan daiteke ordea. Egiak lagundu egin zaitzake, eta aldi berean, eduki dezakezun kaos handienean sar zaitzake. Egia esatearen balantzan arriskatzea da gakoa, jaso dezakezun erantzuna edozein izan daitekeela jakinik, egiari eustea. Baina hori izan daiteke egia esateko dugun zailtasunaren arrazoia, arriskatzeko beldurra.
Gezurra esatea, geure barneko labirintoetako irtenbidea izan daitekeela sinisten dugu, eta batzuetan funtzionatzen du, besteengan eta zugan. Baina gezurrak, babeserako tresna gisa erabiltzen al ditugu? Ez ote gara geure berekoikeria kamuflatuaren baimenaz baliatzen horretarako?
Sarritan ezkutatu gara gezurren babesean, gezurrek eraikitako hormen atzean. Baina gezurren atzean bada egiarik, eta egien barnean aurkitu dezakegu gezur ezkuturen bat. Guztiok egiten dugu geure egi eta gezurrak justifikatzeko saiakera, garenaren, ez garenaren, eta izan nahi dugunaren isilpeko barne hausnarketa.
Gezur eta egiez eraikitako harresiak garela uste dut. Gezurren egiez eta egien gezurrez, geure gezur eta egien zentzuaz eta zentzugabekeriaz eraikitako harresiak.
Egin zaitez bazkide