Gure barnera begira noiz hasi behar dugu?

Telebista piztu eta hainbat eta hainbat berri sinestezin ikus ditzakegu egunero; aurrera doan gizarte bat izan ordez, badirudi atzeraka goazela. Bortxaketak, abusuak, hilketak, genero indarkeriak, orain Ukrainako gerra eta abar luze batek betetzen du gure eguneroko berrien lekua. Nahiz eta hain ikusgarria ez izan, hor sartuko genituzke animaliek jasaten dituzten tratu txarrak ere. Pandemian sartu ginenean, askotan entzun genuen, handik gizarte enpatikoago bat aterako zela. Non ote da hori?

Animaliek ez zutela sentitzen uste zen orain ez asko arte. Gaur egun, ikerketa askoren emaitzek kontrakoa diote, eta egiaztatu da ugaztun, narrasti, txori, anfibio, arrain eta ornogabe guztiek dituztela sentimenduak. Animaliak gizakiak bezala dira: mina, beldurra, plazerra eta emozio positiboak sentitzen dituzte.

Gai honen inguruan luze eta zabal hitz egin genezake, denbora luzez eta ez genuke sekula bukatuko. Sarri ikusi ditzakegu txakurrak beren bizi osoa kate baten lotuta eta herritik ez oso urruti gainera, lanerako dela esaten dute, tresna bat balitz bezala.

Sokamuturreko zezenak, zezenketak, hainbat eta hainbat animalia tortura bat jasotzen. Zoritxarrez gauza hauetara ohituta gaude eta ez gara gauza egoera hau aldatzeko, dena diruarekin erosi edo saltzen baitugu eta animaliek sentitzen dutela ederki jakin arren, ez digu batere axola. Egoista hutsean bihurtu da gizartea.

Inoiz ulertuko ez dugunĀ  gauza da, errurik ez duen animalia bati sufrimendua sortzea eta horretaz gozatzea. Nora joan behar dugu jende honekin? Ez dugu nahiko biolentzia mundu honetan ala?

Gonbidapen bat egin nahi dizuegu: hausnar ezazue gure seme-alabei transmititzen dizkiegun balioez, horiek direlako gizarte honen etorkizuna, animalia bat sufritzen ikustea ez dadin normala izan eta horrek ez dezan balio gure gozamenerako, gure seme-alabek jakin dezaten animaliek ere errespetatzen. Eta helduok ez ditzagun begiak itxi edo beste aldera begiratu, denok merezi dugu ondo bizitzea (guk, aukera izaten dugu, ze bide jarraitu, al den bizi kalitate onena izan dezagun, animaliek ez).

Atzeraka doan gizarte honi bultzada bat eman dezaiogun, atzeraka jarraitu beharrean, pausoak aurrera eginez.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide