Albisteak

Gurea Kultura Loratzen egitasmoaren aurtengo aurkezpen kontzertua izan zen atzo

Gurea Kultura taldeak aurtengo Amabirjin Jaietan zezenketa garaian izango diren kontzertuak iragarri zituen atzoko aurkezpenean eta zezenketekiko taldearen gaitzespena ere adierazi zituzten, “torturarik gabeko herria” nahi zutela ere gaineratu zuten, “zapalkuntzarik gabekoa, eta animalien eskubideen errespetuan oinarritua”.

Gurea Kultura Loratzen deitu diote aurtengo ekimenari eta Ander Sorazuk egin duen karteleko irudiarekin kamisetak ere atera dituzte. Horiek Instagrameko @gurea_kultura bidetik edo gureakultura@gmail.com helbide elektronikotik eska daitezke. Taldean parte hartzeko gonbita ere luzatu zuten aurreko bi aukera horiek erabilita jakinaraziz.

Gurea Kulturak aurtengorako antolatutako kontzertuen egitaraua, jarraian. Kontzertu guztiak Zestoako Estazio Zaharrean izango dira, 17:30tatik aurrera:

Irailak 6, ostirala

Viva Belgrado, Pinpilinpussies eta Nakar taldeak

Irailak 8, igandea

Ke Lepo eta Pelax

 

Ondorengo testua irakurri zuten:

Gurea Kultura loratzen: animalien torturarik gabeko festen alde

Gureak kulturatik zezenketei gure gaitzespena adierazi nahi diogu eta zezenketen aurkako talde gisa aurkeztu nahi dugu gure burua. Torturarik gabeko herria nahi dugu, zapalkuntzarik gabekoa, eta animalien eskubideen errespetuan oinarritua.

Urteetan zehar, zezenketak gure jaien erdigune izan dira eta jaietako egitarauan sekulako protagonismoa eman zaie. Festak irauten duten lau egunetatik bi arratsalde osoz, jarduera horrek gure arreta eta espazioak monopolizatzen ditu. Animalien torturan eta sufrimenduan oinarritutako ekintzak izanik guztiz gaitzesten ditugu.

Zezenketak jasan ez ezik, horien inguruko guztia ere jasan behar izaten dugu: Zezenentzat, zezenketak baino astebete lehenago hasten da euren tortura. Gu alboko tabernatan poteak hartzen gauden bitartean, animaliak giltzapetuta daude espazio oso txiki batean. Animalien eskubideen defentsa irmoa egin nahi dugu, eta ulertzen dugu eskubide urraketa bat dagoen momentutik, praktika honek ez lukeela tokirik izan behar gure herrian.

Euskal Herriko hainbat festetan piztu da animalien erabileraren inguruko eztabaida eta urratsak eman dira: Lekeition, adibidez, antzarak kendu dira eta panpinak erabiltzen dira animalien ordez. Are gehiago, ez dugu ulertzen nola oraindik gure herrian zezenketak diru publikoarekin finantziatzen dituen Udalak, animalenganako torturan oinarritutako ekimen bat izanda.

Baina azken boladan, gure herriko zezen-taldeak indarra hartu du eta are gehiago hedatu nahi ditu bere jarduerak, animaliekin egindako ikuskizun gehiago gure festetara gehituz. Hori onartezina izateaz gain, espazio publikoaren eta gure jai-kulturaren abusutzat jotzen dugu. Ezin dugu onartu praktika hori, askok krudela eta beharrezkoa ez dela uste duguna, hazten jarraitzea oposiziorik gabe.

Gurea Kultura zezenketak errefusatzen dituen herritarrontzat espazioa izatea nahi dugu. Animalien sufrimenduari buruzko hausnarketa sakona sustatu nahi dugu, ekintza horiek geldiarazten saiatu eta gure tradizioek izan dezaketen bilakaerari buruzko eztabaidak piztu. Zezen, behi eta zekorren festak krudelkeria eta indarkeria modu bat dira, tradizioak justifikatutako entretenimendu modu bat, animalia horien bizitzak arriskuan jartzen duena.

Zestoa aldaketa positiboaren, bizitzarekiko errespetuaren eta ospakizun inklusiboaren adibide izan daiteke eta izan behar du eta horren alde borrokatuko dugu.

Gurea kultura

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide