Gurutzeaga 3 zenbakian kokatzen den lokaleko kideek “desadostasuna” adierazi dute Udalak lokalen inguruan onartu berri duen araudiarekiko

Zestoako hainbat gaztek, Gurutzeaga kaleko 3. zenbakian kokatzen den lokaleko kideek, honako idatzi hau bidali dute komunikabideetara:

Idatzi honen bitartez, Zestoako Udalak 2017ko urriaren 10ean onartu zuen gazte lokalen inguruko araudiarekiko, gure desadostasuna adierazi nahi dugu Gurutzeaga 3 zenbakian kokatzen den lokaleko kideok. Hasteko, gure lokalak izan dituen arazoak eta protestak adieraziko ditugu:

1 – Egun batetik bestera lokala ixteko agindua dagoela jakinarazi ziguten, guri udalak zuzenean ezertaz ohartarazi gabe. Gainera, udaletxera informazio eta arrazoi eske joan ondoren, jarrera ezkorreko erantzunak soilik jaso genituen, konponbideren bat aurkitzen lagundu beharrean.

Horrez gain, udaleko kide batek salaketa ugari genituela esan zigun, eta guk salaketa horiek erakusteko edo azaltzeko eskaera egin genuenean ezezkoa jaso genuen. Irtenbide baten bila genbintzala, ohartu gara hasieran hamar ziren salaketak hiru bakarrik direla.

Hau horrela, argi dago bi alderdiko arazo honetan, bizilagunen kexei bakarrik egin zaiela kasu, guri defendatzeko aukerarik eman gabe, gu erabat baztertuta utziz.

Arazo honen konponbidea lokala aurrez abisatu gabe ixtea ez dela uste genuenez, lau alderdien arteko bilera bat egiteko eskaera egin genuen eta hau ere ukatu ziguten, lehen esan bezala gure defendatzeko eskubidea ukatuz eta soilik bizilagunen kexei garrantzia emanez. (Lau alderdiak ondorengoak izanik: inplikatutako bizilagunak, lokaleko jabea, udala eta lokaleko kideok).

Gainera, lokalaren itxieraren arrazoi bila udaletxera joan ginenean alkateordeak berak aitortu zigun, gure lokalaren jabeak kontrataturiko lehen bi arkitektoekin zuzeneko harremanak izan zituela. Alkateordeak izandako jokabide honen atzean interes ezkutu bat dagoela iruditzen zaigu. Izan ere, Udalak egoera honetan posizionamendu inpartziala eduki beharko luke eta arkitektoekin hitz eginda ikusten dugu udalaren esku-hartze, influentzi eta interesa.

2 – Bizilagun batzuekin gure tirabirak izan ditugu, hauetako batzuk lokalera sartuz, atea jo gabe eta baimenik gabe, kasu batzuetan modu guztiz oldarkor batean. Esaterako, pertsona bat goizeko ordu txikietan ateari kolpe gogor bat emanez lokal barrura ohiuka sartu zen, gutako bost pertsona soilik egonez giro lasai batean. Hau, isilik geundela eta entzun zitzakeen zaratak kanpokoak zirela ohartzean, berriro etxera itzuli zen barkamenik eskatu gabe.

Horrez gain, beste bizilagun bat ate joka etorri zen akusazio oso gogorrak eginez, besteak beste: lokalera drogatzera soilik sartzen garela, droga saltzen ari garela, motorrak saltzen ditugula, ez garela pertsonak, etab. Eta noski, hauek guztiz zentzugabe, arrazoigabe eta fundamentu gabekoak izanik

Gurekiko izan den beste zentzugabeko kexa bat ondorengoa izan zen: Kataluniaren Independentziaren alde herrian egindako “kazerolada” eman zen unean, gure lokalak parte hartu zuen herriko beste hainbat biztanlek bezala. Hau horrela izanik, gure manifestuan zarata gehiegi izan zela leporatu ziguten, “kazeroladaren” helburua zarata egitea izanik eta soilik mugatutako denbora tarte batean. Hau amaitzean gure ohiko jarduera eta betiko jarrera egokira itzuli ginelarik. Hau guztia horrela izanik ez dugu ulertzen zergatik kexatu diren gugatik, guk beste herritar guztiek bezala protesta egin bagenuen. Guk uste adibide hauek guztiekin garbi geratzen dela akusatuak izanaren sentimendua.

3 – Udaleko kide batzuk baimenik gabe lokalera sartu ziren, aurretik kanpoan zarata kontrolatzen egon ostean. Sartu zirenean, beraiek adierazi ziguten kanpoan denboralditxo bat igaro zutela bizilagun bat kexatu zelako, lokal barnean zarata handia zegoela esanez. Barruan zeudela ordea, esan ziguten oso isilik eta modu egokian geundela. Hona udaletxeak bizilagunei itsu-itsuan kasu egiten dienaren beste adibide garbi bat.

Guk azken finean, ez dugu bizilagunekin arazorik nahi, gu baikara lehen interesatuak bakean egoteko. Hau horrela, ahalik eta zarata gutxien egiten saiatzen gara bizilagunak ahalik eta gutxien eragozteko. Horren adierazle da, arestian aipatu duguna; jasandakoa jasan ondoren ez dugula inoiz salaketa edo kexarik adierazi. Bake nahi horren beste adibide bat ostiral gau baten gertatutakoa da:

4 – Gu lokalean geundela, gure lokal gaineko fatxadako zati bat erori zen lurrera eta auto batzuen gainera, sekulako zarata eginez. Zati horiek lurrera erortzean apurtu eta gure lokaleko atearen aurka jo zuten, aurrez gure lokaleko kide batzuk eremu horretatik igaro zirelarik, sekulako arriskua pasatuz. Hau gertatu ondoren, inor ohartu ez zela ikustean bizilagun bati dei egin genion borondate onez gertatutakoa kontatuz. Ondoren, Ertzainak eta suhiltzaileak etorri ziren eta sekulako iskanbila sortu zuten. Guzti honekin, bizilagun bakarra itzartu zen, hau azken solairukoa izanik. Honekin . adierazi nahi dugu, gau hartan sortutako iskanbila guk egunerokotasunean sor dezakeguna baino askoz handiagoa izan zela. Ondorioz, bizilagunen kexak ez ditugu ulertzen.

Jarraian, Zestoako Udalak Gazte Lokalen inguruan ezarritako baldintzei kritika egingo diegu:

Zestoako Udalak onartu duen Gazteen Lokalen inguruko udal ordenantza inguruko herrietakoekin konparatu dugu eta ikusi dugu inork baino baldintza zorrotzagoak jarri dituela, batez ere zaraten kontuari dagokionez. Arkitekto batekin hitz egin dugu eta esan digu diskoteka bati adinako insonorizazioa eskatzen digutela, eta hori astakeria bat dela esan digu adituak berak; egokitzapen hori egiteko 27.000 euro beharrezkoak direlarik. Guk, gure lokalean telebista ikusten dugu soilik, ez dugu musika gailurik, aisialdirako gune arrunt bat da, beraz ez dugu uste horrelako baldintza zorrotzik ezarri behar zaigunik.

Hori ikusita ondorio batera iritsi gara: Zestoako Udalak ez du gazte lokalik nahi herrian; horregatik jarri ditu inork bete ezin ditzakeen baldintzak, helburu bakarrarekin: gazte lokalik ez egotea, eta ondorioz, Zestoako gazteok aukera hori ez edukitzea. Izan ere, ezinezko baldintza horiekin gazte lokalak arautzea hipokresia hutsa dela iruditzen zaigu. Baina gazteok ez al dugu eskubiderik gure aisialdia gure modura antolatzeko? Zein aukera eskaintzen dizkigu Udalak herriko gazteoi? Eta hori bakarrik ez, zer nahi dute Zestoatik alde egin eta inguruko herritan bilatzea guk gure tokiak? Uste dugu, herri bezala guztion ardura dela bertako gazteei herrian bertan egoteko aukerak eskaintzea eta erraztea, eta ez ingurukoetara joatera behartzea; bizitzeko moduko herria eta herri bizia nahi badugu, gazteok Zestoan aurkitu behar dugu gure tokia.

Horregatik, Udalari eskatzen diogu gazte lokalei bidea irekitzeko moduko ordenantza bat arautzea, inguruko herrietan daudenak bezalakoa, eta guri ere gure aisialdirako eskubidea bermatuko digun modukoa. Eta guzti honetaz aurrez aurre, patxadaz, eta irtenbidea bilatzeko nahiarekin hitz egiteko bilera bat eskatzen dugu; aurrez egin genuen eskaera bat eta oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Publikoki eskatzen dugu orain, egoerari irtenbidea aurkitzeko mahaiaren bueltan hitz egitea dela egokiena pentsatzen dugulako, eta horretarako prest gaudelako. Inguruko gainerako herrietan egin eta lortu badute, Zestoan zergatik ez?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide