[GUTUNA] Auzitegi Konstituzionala eta 6.2 artikulua

Hurrengo idatzi hau ez dut euskara teknikari gisa egingo, legeak lege euskaraz bizitzea lortu duen euskaldun berria naizen aldetik baizik.

Ez dut lortu dagoeneko famatua den eta euskalgintza osoa asaldatu duen epai horren testua. Dudan informazio bakarra da komunikabideetan agertu dena: Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetu egin duela epaiak1.

Atzo Bingen Zupiriak ondo eta garbi esan zuen 2016/2 Udal legea 2016tik dagoela indarrean, inolako arazorik sortu gabe.

Nik gehitu dezaket, Lege horrek ez zuela ezer ‘berririk’ jaso; izan ere, udal euskaldun askok dezente lehenagotik ari zirela euskaraz funtzionatzen. Inolako arazorik sortu gabe eta inoren hizkuntza eskubideak urratu gabe. Egiten genuenari lege babesa ematen dio Legeak, hori bai.

Hala bada, unea da, nire iritziz, arnasa sakon hartzeko, pauso bat atzera egiteko, pixka bat urrunagotik begiratzeko eta gure buruari galdetzeko zertara dator hau orain?

 

Alferrikako bikoiztasunik ez (Zertara dator “hau”?)

Burokrazia gutxitzeko eta ekonomia –denbora eta baliabideak– oinarrizko irizpideei jarraituta, administrazioek hizkuntza bakarrean funtziona dezakete, eta behar denean eta soilik behar denean, itzuli. Herri euskaldunetako administrazioek euskaraz funtzionatzen dute eta behar denean gaztelaniaz ere bai. Non dago arazoa?

Aldrebes egingo balute, bikoiztu beharreko dokumentazioa askoz gehiago litzateke. Zertarako?

 

Enfrentamendu faltsuak irudikatu eta sortzea (Zertara dator “orain”?)

Epaiaren testua ez da oraindik argitaratu, eta dagoeneko hasi dira ‘bandoak’ agertzen. Eta irudikatzen euskaldunen vs erdaldunen aurrez aurreko moduko bat.

Oso inportantea da, nire ustez, une oro gogoratzea eskubideak –hizkuntza eskubideak barne– herritarrarenak direla. Herritar guztionak.

Euskaraz bizitzeko eskubidea ere herritar guztiena da, euskalduna izan zein ez.

Administrazioaren betebeharra da, eskubide hori gauzatzeko, egiazkoa izateko, baldintzak sortzea.

Eta horretarako lan egin behar dugu: baita auskalo nondik etorri berri den eta nongo hizkuntza duen Amina, Saul, Andrei… izeneko gaztetxoek ere euskaldunak izateko eta euskaraz bizitzeko duten eskubidea gauza dezaten.

Jakina, hauteskunde garaiko zaratak alboan uztea lortzen badugu…

 

Nora Palmitano

Euskaraz bizi den euskaldun berria

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide