Albisteak

[GUTUNA] Danborrada desfile militar bat al da?

Haurren danborrada antolatzen dabilen boluntario taldeak Danbolinera bidalitako gutuna:

Haurren Danborrada antolatzen gabiltzan taldeak festa honen jatorria zein den azaltzeko beharra ikusi dugu, pixkanaka festa honen zentzua eta prestigioa galtzen ari den sentsazioa baitugu guraso, haur eta herritarren artean. Uste dugu beharrezkoa dela herri antzerki honen jatorria eta zentzua zein den ulertzea, danborra gogotsu jotzeko, ondo pasatzeko eta errespetuz bizitzeko herriko festa eder hau.

Zestoako Danborradaren jatorria ulertzeko, Donostiako Danborradarena zein den jakin behar dugu
lehenengo; izan ere, hura da danborrada guztien jatorria: Imanol Artolaren hitzetan, Danborradaren jatorria Inauteriei lotuta ulertu behar da, umore eta festarako grina horren testuinguruan: Donostiarrak, espontaneoki kupel eta suilak kolpatuz, goizeko sokamuturrera mozorroturik joaten hasi ziren, militarrak eta beren ibilerak imitatuz.

Beraz, ez da desfile militar bat, baizik eta desfile horien parodia bat, leku askotan instituzionalizatu den heinean asko zurrundu bada ere. Hasieran, edozein mozorrorekin joaten ziren, baina 1813ko setioaren ondoren, gaur egun San Telmo museoa dagoen tokian militarren jantzi ugari gelditu omen ziren, eta Donostiako Udalak baimena eman zien gazte haiei parodia hartarako Donostia suntsitu zuten militarren benetako arropak erabiltzeko.

Urtero, goizaldeko hiru eta erdietan irteten ziren, Sheshenarena pieza joz; izan ere, 1860. urtera arte Sarriegik ez zuen idatzi San Sebastian Martxa. Hiriko kaleetan barrena ibiltzen ziren goizaldera arte, sokamuturra hasi arte.
Donostiako danborraden inguruko informazio gehiago nahi baduzue, EITBko Itxi liburuak saioan aurki dezakezue, 1813, Donostiaren suntsiketa: Onintza Enbeita atalean, 42:00 – 50:10 minutu bitartean.

Zestoan, berriz, 1930eko maiatzaren 3ko Santa Kutz jaiak alaitzeko asmoz, herriko kuadrilla bati Danborrada Handia antolatzea bururatu zitzaion. Gaueko bederatziak laurden gutxitan hasi zen, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, danbor joleek, kantinerek, Musika Bandak… Jarraian, dantzaldia izan zen Gurutzean.

Garai hartan, Bainuetxea oso jendetsua zen. Margolarietako batzuei karroza bat egiteko eskatu zieten, eta lehenengo karroza hura egurrez eta kartoiz egina izan zen. Zestoako Gurutzea izan zuen protagonista. Danborrak Donostiako elkarte batzuei eskatu zizkieten maileguan, eta jantziak, berriz, Donostiako Casa Angelitari.

Danborradak arrakasta handia izan zuenez, urte bereko abuztuaren 31n errepikatu egin zen turistentzat. Geroztik, gerra garaian eta COVID garaian izan ezik, urtero antolatu izan da ohiko Danborrada.

Umeen Danborrada, berriz, 1947an hasi zen, Gure Txokoa elkartea sortu zenean, elkarte horrek antolatu baitzuen lehenengo Haurren Danborrada. Bi urteko etenaldiaren ostean, aurten berriro ospatuko da Danborrada herrian; beraz, animatu festara

Animatu danborra jotzera! GORA SANTAKUTZAK!

Umeen Danborrada antolatzen duen boluntario taldea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide