Albisteak

[GUTUNA] Eguzki Talde Ekologistak ibai garbiketaren inguruan bidalitako idatzia

Eguzki Talde Ekologistak ibai garbiketa antolatu du udalaren laguntzarekin datorren iganderako, hilak 10. Astebururako eguraldi kaskarra iragarri dute eta hori dela eta, ostegunean bilduko den Ingurumen Batzordean erabakiko da auzolana egingo den ala ez.

Hemen duzue Eguzki taldetik bidali diguten idatzia:

 

IBAI GARBIKETA AUZOLANEAN ZESTOAN
ITSASOAN GERTATZEN DENA, GURE ETXE PAREAN HASTEN DA.

Eguzki Talde Ekologistak ibai garbiketa antolatu du azaroaren 10ean, Sastarrainerrekan eta Arroaerrekan eta Urola ibaiaren zati batean, Iraeta (Errota) industrialdean, Zestoan. Garbiketan parte hartzeko izena eman behar da eta horretarako 943147010era deitu edo ingurugiro@zestoa.eus era idatzi daiteke. Izena emateko azken eguna azaroaren 8a izango da.

Antolatutako jardunaldia hau, ez da soilik garbitzera mugatuko. Ibai eta erreketatik atera ditzakegun zabor kopuru izugarriak ez dira bertakoak, ibai edo errekan daude baina beste nonbait dute jatorria, eta horretan oinarritzen da gure ekimena. Hau da, ez gara hondakinak biltzera mugatuko, hondakin horiek bildu ondoren, eguzkikook eremu horiek aztertuko ditugu eta arazoari irtenbide bat emateko proposamenak egiten saiatuko gara. Adibide bat jartzearren, Urolatik aterako diren hondakinak, egun hauetako euriteek eraman ez badituzte, badakigu industrialdetik datozela; zaborra ibaira nola iristen den ikusita, Zestoako Udalari eskatu diogu baranden azpian burdin-sare batzuk jartzeko, Legazpin eta Beasainen egin dugun bezala, hondakinak (plastikoak eta papera nagusiki) ibaira ez erortzeko. Burdin-sare horiek Azkoitiko kale batzuetan jarri dituzte dagoeneko, eta gaur egun, berriz ere, handitzeko eskatu dugu. Azpeitia eta Tolosa hastear daude eta Ordizia, besteak beste, hori aztertzen ari dira.

Gauza bera egingo dugu bi erreketan, Sastarrainerrekan eta Arroaerrekan, bertako hondakinen jatorria aztertuko dugu eta erakundeei jakinaraziko diegu, irtenbide bat bilatzeko.

Bide batez, erretiratutako hondakinak hainbat egunetan ikusgai izango dira Zestoako herrian, ibaira zer isurtzeko gai garen guztiok ikusi ahal izateko.

Baina ez da ekimen bakarra izango. Jabier Arenas eta Luis Juaristiren Urola Ibaia dokumentalaren proiekzioa ere izango da Gaztelekuan, azaroaren 6an,18:30etik aurrera.

Herritar guztiak gonbidatuak daude ekimen hauetara. Eskerrak eman nahi diegu aldez aurretik, beren lana egitera etortzen diren guztiei, hala nola Zestoako Udalari ere, eskainitako laguntzagatik eta elkarlanerako jarritako gogoagatik.

Egin dezagun guztion artean gure ibaiek beren eskubideak berreskura ditzaten.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra Zestoan, 2019ko azaroan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide