[GUTUNA] Zergatik mobilizatu urtarrilaren 28an?

Urola Erdiko GKSko kide Amaiur Gartzia Astilleros zestoarrak, Aitzol Briz Lazkano azpeitiarrak eta Jon Mangas Ibarzabal azkoitiarrak, ondorengo gutuna helarazi dute, urtarrilaren 28an Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioen harira:
Guztion ahotan daude azkenaldian gasolinaren eta oinarrizko bizi bitartekoen prezioen gorakada, osasun publikoaren kaskartzea edo bestelakoak. Inork, ordea, azpimarratzen al du horien guztien erro komuna? Gure ustez argia da: enpresari eta bankari handien erasoaldia. Izan ere, krisi garai honetan, langileriaren bizi baldintzak okertzeari esker aberasten dira. Horren erakusle da, gure soldatek izoztuta jarraitzen duten bitartean, oinarrizko produktuak (gasolina, elikagaiak, etxebizitza, elektrizitatea…) garestitu izana, modu horretan irabazi tartea handitzen baitute. Argi ikusten da hori, izan ere, Iberdrolak eta Repsolek irabazi
historikoak izan dituzten bitartean (hiru milioitik gorakoak bakoitzak!); langileok, eta bereziki gazteok, langabezia, soldata miserableak, aldi baterakotasuna eta nagusien abusuak besterik  ez dugu.
Ezin aipatu gabe utzi politikari profesionalak, beren burua arazo horiei aterabidea emango dieten agente modura aurkezten duten horiexek. Beraien politikak, ordea, sistema kapitalistak sortzen duen miseria baretzera mugatzen dira; horren adibide dira gasolinari dagokion 20 zentimoko laguntza edo bete ez den etxegabetzeen moratoria. Konponbide errealak planteatu beharrean, enpresari handiei onuragarriak zaizkien politikak daramatzate aurrera: kode penalaren gogortzea, poliziaren soldata nahiz baliabideen areagotzea, okupazioaren aurkako legea… Zentzu horretan, erasoaldiaren parte dira. Horregatik, erabat beharrezkoa da enpresari, bankari eta politikarien influentziatik kanpo antolatzea, gazteon artean egoera honen errudunak seinalatzea eta borrokarako grina hedatzea. Beraz, urtarrilaren 28an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide