Albisteak

Hastapenetan baina eskutik

Bi proiekturekin bat egiteko aukerak aztertzen ari dira San Juan egoitza eta sortze bidean den 3Z taldea. Joan den asteazkenean Zahartzaroa gure herrian hitzaldia izan zen Jubilatuen tabernan eta 3Z (Zahartzaroa, zaintza eta Zestoa) taldeak beraien proiektua aurkeztu zuen. Bidelagun izango duten San Juan Fundazioko kideak ere bertan izan ziren.

San Juan fundazioa, herritik sortutako proiektua

Hitzaldiaren hasieran, Joseba Illarramendi San Juan Egoitzako zuzendariak eskerrak eman zituen gonbidapenagatik. “Gai hau lantzea oso garrantzitsua da, hor dagoen landu gabeko gai bat da eta gainera tabu kutsua duena”. San Juan egoitzaren sorrera aipatu zuen, herritik sortutako bi ahizpen ideia izan zen eta duela 100 urte sortu zen fundazioa. Zerbitzurik onena eskaintzeko ahaleginaren garrantzia ere azpimarratu zuen. Kritika txiki bat ere egin zion sektoreari, pribatizazioei bidea eman zitzaienetik negozio bihurtu direla egoitza asko esan zuen eta beraiek ez dutela bat egiten filosofia horrekin, ez dutela azpikontraten zerbitzuekin lan egiten.

Saioa Lasa San Juan egoitzako psikologoak hitz egin zuen ondoren. Azken hiru urtetako lanketetatik tirata atera diren proiektuen berri emanez:

San Juanen esku artean dituzten proiektuak

Langile guztien artean kode etikoa landu dute. Langileek beraien buruei galdera hau egin zieten: “Ni San Juan egoitzara bizitzera joango banintzateke nola nahiko nuke han bizi? Eta erantzunetan oinarrituta, sortu zuten kode etikoa.

Etxe kontzeptuarekin ere badabiltza. Egoitza egoiliarren etxe sentiarazten, ahalik eta azkarren bertara egokitzeko saiakera egiten, bakoitzak bere etxean zituen ohiturei eusten jarraitzen (sukaldean edo garbitokian esku bat botaz…) Nolako etxea nahi duten ere guztien artean adostu dute; kotxerik gabeko gunea etxe inguruan paseatzeko…

Langileen baldintza onak ere aipatu zituen Saioak. Etxean landutako lan hitzarmen propioaren onurak eta honek zerbitzuan duen eragin zuzena azpimarratuz.

Azkenik, gizarteratzeaz eta eragile sozial ezberdinekin dituzten harremanak ere aipatu zituen, musika eskola, dantza taldea… Orain herri eskolarekin proiektu bat dute esku artean, eskolako haurrak joango zaizkie egunero bisitan. Oso balorazio ona egin dute.

Bi proiektu gurutzatu

Gizartea aldatzen ari dela azaldu zuen azkenik Saioak. Garai batean etxean gelditzen zenak hartzen zuen zaharren zaintzaren ardura baina orain hori aldatu egin da eta herritarren beharrak ere bai. Zein behar ezberdin dauden identifikatu nahi dituzte ikerketa lan baten bidez eta behar horien araberako zerbitzu egokituak landu. “Legeak oso perfilatutako dependentzien arabera egiten du lan. Gure nahia eskaintza zabaltzea da”. Bikoteen kasua jarri zuen adibide gisa, “premia ezberdinetan egonagatik ere, komunitate berean parte hartzeko aukera izatea nahi genuke”. Horretarako Foru Aldundia eta Udalarekin kontaktuan daude eta baita herriko eragileekin ere eta hor sortu zen 3Z elkartekoekin harremana.

 

3Z proiektua

Txaro Azpillaga eta Xanti Ugarten hitz egin zuten 3Z (Zahartzaroa, zaintza eta Zestoa ) proiektuaren izenean. Oraindik hastapenetan daude baina dozena bat lagun inguru elkartzen dira eta urte amaierarako taldeari forma eman eta herrian saretuta edukitzea nahiko lukete. Bat egiten zuten San Juan egoitzako kideen esanekin, gizartea aldatzen ari da, jendea urte gehiagoz bizi da baina hauek zaintzeko jendea falta da. Eta gai hau jorratzeko orduan hartzen ari diren erabakiekiko desadostasuna agertu zuten; egoitza handiak, etxetik urrun, dirulaguntzak…

Xanti Ugartek taldearen sorreraren berri eman zuen. Lagun artean gai honi bueltak ematen hasi ziren bakoitza bere egoera pertsonaletik abiatuta eta azkenean mahai baten bueltan elkartzea erabaki zuten. San Juan egoitzan izan ziren eta biek momentuan esku artean zituzten proiektuek bat egiten zutela konturatu zirela.

Hiru atal nagusitan banatu zituen asmo edo helburuak:

1.- Zaintza. Egoitzara iritsi baino lehenagoko zaintzan interna asko ari dira lanean. Aztertu beharreko gaia dela konturatu dira, zein baldintzatan dauden, nola egonkortu… Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen jarraipen bat egitea ere interesgarria dela uste dute; zenbat dauden bakarrik bizi direnak, zein ondo eta zein larri, baina isilik edo erretiratzen hasita… Hauentzat gune bat prestatu nahiko lukete, pertsona hauek entretenitzeko…  Herrian dauden baliabideekin egiteko moduko ekintza iruditzen zaie.

2.- Mahaia. Gai hauetaz hitz egiteko herri dinamika izango duen mahai bat sortzea da beste asmoetako bat. Udala, herriko bi egoitzetako kideak, jubilatu elkarteak eta 3Z proiektuko lagunek hartuko lukete bertan parte. Irisgarritasun plan bat ere aipatu zuen Ugartek eta baita familiei formazioa emateko beharra ere.

3.- Bizitza komunitarioa. Hirugarren asmoa oraindik lantzeko zegoela esan zuen. Baina, denen premiak kontutan hartuz, zerbitzuak elkarren artean antolatzeko asmoaz aritu zen.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide