Hau duk, hau, zirkua!

Beste hainbat aldiz bezala, egun hauetan ere iragarrita dago zirkua Iraetan eta Zestoan. Ez dakit oraingoan zer tankerako ikuskizuna izango den. Karteletan irudikatuta, hainbat animali ikusi ditut eta ez dut gauza onik espero. Duela pare bat urte, hor kaletik zehar ibili zituzten animali errukarri haiek zirela-eta, zenbait gorabehera izan nituen gure Udal agintariekin baina, orduan, lehenengo aldian pixka bat eskuzabala izan behar izaten delako, maila diskretuan egin nituen nire hausnarketak. Orain, ordea, bi aldiz harri berean estropezu egiten duen bakarra gizakia izaten omen denez, eta gure zirku-artistak eta agintariek, orduko hartatik ikasgairik atera ez dutenez, hausnarketa hura hemen egitera noa (bueno, finean, hau ere diskretua da, lagun artean gaude-eta). Goazen bada…

Zestoako Udalak, 1996ko irailaren 17an (aurten ez da, beraz, garai txarra ospakizunetarako), onartu egin zuen Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Adierazpen hori Animalien Eskubideen Nazioarteko Ligak onartu zuen 1977an, eta UNESCOSk eta NBEk (Nazio Batuen Erakundeak) ondoren. Nik dakidala Zestoako Udalak ez du oraindik indargabetu erabaki hura eta, beraz, bete beharrekoa da.

Araudi horrek, besteak beste honakoa dio: Animalia orok errespeturako eskubidea du / Gizakiak, animalia espezie bat den heinean, beste animaliak suntsitzeko edo esplotatzeko eskubiderik ez du. Bere ezagutza animalien zerbitzura ezartzeko betebeharra du (2. art.); Animaliak ezin dira hezi gizakiaren dibertimendurako. Animalien agerraldiak eta ikuskizunak animalien duintasunarekin elkarrezinak dira (10. art.).

Nik ulertzen dut hemen herrian oso sustraituak diren ikuskizunak non animaliak erabiltzen diren (idi zein asto probak, zezen enbolatuak…) zaila dela egun batetik bestera kentzea. Zailtasun handirik ez luke egon behar, ordea, ikuskizun berriekin, herrian sustrairik ez dutenekin. Horien kasuan, uste dut, nahiko erraza dela lehen aipatutako Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala praktikan jartzea. Ez ditzagun, lehenaz gain, animaliak geure dibertimendurako erabiltzen ditugun ikuskizunak ugaritu herrian!

Jakin dudanez, zirku ikuskizun hori antolatzeko eskaera bat-batean etorri da, eta ez da denbora handirik izan hausnarketarako. Nolanahi ere, inori ez zaio, bat-batean, bururatu ikuskizun hori gure filosofiaren kontrakoa izan litekeenik. Edo agian bai, baten bati, eta deskuidatuta nago. Hobe hala balitz!

Post-data: deskuiduan, aipatutako zirku ikuskizun horretan, animali bakarrak sapiens delako horiek baldin badira, barka diezazkidazue garaiz eta lekuz kanpo egindako hitz hauek.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide