Albisteak

Herriko baserritarrekin batzarra egin zuen Udalak asteazkenean Aizarnan

Asteazkenean apirilaren 17an, Zestoako Udalak bilera deitu zuen Aizarnan. Helburua, Udala eta landa eremuko biztanleen arteko harremanak gerturatzea eta baserritarren parte-hartzea indartzea izan zen; batez ere hirigunetik kanpo bizi direnak eta inguruan lur sailak dituztenak.

Udal ordezkaritzatik, Lorea Ilundain, Auzoerria eta Baserriak, batzordeburua, eta Aitor Ossa Sozio-ekonomia, Trantsizio ekologikoa eta Parte-hartzea, batzordeko buruak, hartu zuten parte bileran, baita Izaskun LarraƱaga ingurumen teknikariak ere. Montse Atsega oposizioko zinegotzia ere bertan izan zen.

Topaketan, urtean zehar antzeko hiru bilera egiteko asmoa aurkeztu zuen Udalak. Zestoa eremu zabaleko herria izanik, bilkura bakoitza kokapen ezberdinean egingo da, baina beti zestoa osoko baserritarrei zuzenduko dira. Bilera horiek landa-komunitatearen eta udal-taldearen arteko etengabeko hurbilketa sustatzeko nahiarekin sortu dira.

Guztira, 30 pertsona inguruk parte hartu zuten deialdi horretan, eta nekazarien intereseko hainbat gai jorratu ziren:

1. Landa lursailen digitalizazioa:
Udalak, lursailen digitalizazioa hasteko asmoa du urte amaieran, lau eremutan banatu dute herriko zabalera eta espero da 2024 eta 2027 artean burutzea.

2. Baserri bideen konponketak:
Lehentasunezko hiru bide daude identifikatuak eta hortik hastea da ideia, eta aldi berean beste batzuetan konponketa txikiak egingo dituzte.

3. Silo bola plastikoen bilketa:
Hileko bigarren asteartetan egiten jarraituko da.

4. Tokiko elikaduraren sustapena:
Agroekologiaren bidetik sentsibilizazio lanetan jarraitzeko asmoa adierazi zuen Udalak. Orain arteko aliantzak eta egindako ekintzak ezagutzera eman zituzten.

5. Basoak eta lursailak:
Lurraren osasunaz eta landareri autoktonoa berreskuratzeari eman zioten garrantzia eta Udalak lur sailak erosteko prestutasuna aurkeztu zuen.

Bilkuran zehar, zinegotziek apaltasuna erakutsi zuten zenbait gai ez zituztela sakonki ezagutzen onartuz, eta bertaratutakoak animatu zituzten aktiboki parte hartzera eta beren ideiak Udalarekin partekatzera. Era berean, etorkizuneko jarduerei eta parte hartzeko aukerei buruzko xehetasun gehiago ezagutzeko, baserritarrak udalarekin harremanetan jartzera animatu zituzten. Udalarekin, telefono bitartez edo Zestoa Geuk Egina Aplikazioaren bitartez jarri daiteke harremanetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide