Albisteak
Herritarrengana hurbiltzeko kanal berriak aurkeztu ditu Udalak
— 2022-04-27Zestoako Udalak komunikazio beharrei aurre egiteko plana diseinatu du. Atzo arratsaldean
egin zuten plangintzaren eta martxan jarriko dituzten kanal berrien aurkezpena. Udaletxeko pleno aretoan egin zuten agerraldia Mikel Arregi alkateak eta Nerea Odriozola eta Margari Eizagirre EH Bilduko zinegotziek. Plangintzaren helburua Udala herritarrengana hurbiltzea da eta horretarako guztientzat baliagarriak izango diren bi norabideko komunikazio kanalak eraiki dituzte. Bide-orri horretan, Telegram kanal berria, Instagram kanala (@zestoakoudala), udal aldizkaria, hileroko buletin elektronikoa, kultur agenda eta aplikazioa sortu dituzte. Komunikazio plana osatzeko Iametza Interaktiboa komunikazio enpresa kontratatu du erakundeak.
Mikel Arregi alkateak azaldu zuen legegintzaldi hasieran identifikatu zutela komunikazio plangintza bat egiteko beharra: “Zestoa 2030 plan estrategikoa egiten hasi ginen eragile ezberdinen laguntzarekin eta handik jasotako gauza guztien artean ikusi zen komunikazio aldetik hutsuneak zeudela”. Alkateak azaldu zuen gaur egungo gizarteak ez daukala zerikusirik orain dela 30 urtekoarekin, eta komunikazio arloan ere gauzak asko aldatu direla. “Oraindik gogoan ditut zestoarrez beteriko udalbatzarrak, herriko gaien inguruko eztabaida biziak. Gaur egungo osoko bilkurek ez dute nire gazte garaiko oroitzapenetako haiekin zerikusirik; herritarrak ez dira gerturatzen udaletxeko bilkuretara normalean. Gizartea aldatzen ari da. Baina badakigu horrek ez duela esan nahi herritarrek euren herriko kontuez iritzirik ez dutenik edo herriko informazioa jaso nahi ez dutenik; informazio hori jasotzeko eta Udalarekin komunikatzeko hobesten diren bideak beste batzuk direla baino ez”.
Komunikazio planak 2030era begira garatutako plan estrategikoa izan du oinarri eta abiapuntu. Alkateak azaldu zuen Zestoako Udalak jomuga dituen gaiak izan dituztela kontutan, hala nola, jasangarritasuna, gizarte ongizatea, kultura ondarea eta auzoak. Gai ardatz horiez gain, badira beste bi gai Udalak oso modu berezian landu nahi dituenak euren izaera estrategikoa dela-eta: zaintza eta energia.
Kanal berriak
Udala herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin euskarri elektroniko zein fisikoak jarri ditu martxan erakundeak. “Berrikuntza horiek guztiek helburu bera dute, udalaren eta herritarren artean bi norabideko komunikazio kanalak eraikitzea, guztientzat baliagarri izango direnak. Batzuk paperezko euskarriak nahiago izango dituzte, besteek elektronikoak eta hirugarrenek berriz, kaleko hormetan itsatsita daudenak. Herritar guztiak izan ditugu gogoan bide berri hauek diseinatzerako garaian”, adierazi zuen Arregik. Euskarri berriekin Zestoan ikusi diren behar ezberdinei erantzun nahi die erakundeak, eta horien bidez gai desberdinei buruzko informazioa zabalduko dute.
Herriko sormena eta kultur ekoizpena balioan jartzeko hilabeteko kultur agenda ere ikusgai egongo dela jakinarazi zuen alkateak. Agenda hori herriguneko zein auzoetako puntu ezberdinetan kokatzeaz gain, webgunean, Telegram kanalean, buletin elektronikoan eta sare sozialetan ere zabalduko dute. Herriko gazteengana heltzeko asmoz, aurrez martxan zituzten Facebook eta Twitter kontuez gain, Instagram kontua ere zabaldu du Udalak. Bestalde, euskarri digitalak erabiltzen ez dituzten herritarrak kontuan hartuta udal aldizkaria argitaratuko dituzte. Urtean bi zenbaki argitaratuko dituzte eta erakundeak eskuartean dituen proiektuen inguruko informazioa jasoko dute bertan. Aurten bi ale argitaratzea aurreikusten dute, aurrena maiatzean, eta Zestoako etxe guztietara iritsiko da.
Kanal horiez gain, Udalak aplikazio berri sortu du. Aplikazio horren bidez, herritarrek udalerrian aurkitzen dituzten kalteen berri eman ahal izango dute eta albisteak eta agenda kontsultatzeko aukera ere izango dute. Aplikazioa oraindik ez dago martxan. Hizkuntzarekin zerikusia duten moldaketa batzuk egiten ari dira, baina alkteak azaldu zuen aurki izango dela erabilgarri. Kanal hauei buruzko informazio osatua udalaren webgunean aurki daiteke. Bertan aplikazioa deskargatzeko edo buletin elektronikora harpidetzeko moduari buruzko argibideak aurkitu ahalko dira.
Zestoa Geuk Egina
“Komunikazio ekintza eta kanal guztiei batasuna emateko asmoz”, marka edo izendapen berri bat landu du Udalak Iametza komunikazio agentziarekin batera: “Zestoa Geuk Egina”. Esaldi horren atzean ideia nagusi bat dagoela azaldu zuen alkateak: “Udalak herritarren sinesten du ekintzailetzatik datozen ekimenen bidez eraikitzen dela herria. Zestoa zestoarrok egiten dugula sinisten dugu, hau da, Zestoa Geuk Egina dela. Zestoa egiten jarraitzeko beharrezkoa da lehen eskuko informazioa izatea batetik eta norberaren iritzia eta ekarpenak egiteko bitartekoak izatea bestetik. Horregatik zestoar guztiak bide berri hauek erabiltzera animatu nahi ditugu, baina ez dugu aurrez-aurrekoa ahaztu nahi. Jakin dezatela zestoarrek bide berri hauetaz gain udalaren ateak, euren ateak, edozertarako irekiak jarraitzen dutela”.
Egin zaitez bazkide