Hitano ikastaroa

Aurreko ikasturtean herritar bat hurbildu zitzaigun herrian “noka” gutxi egiten dela eta penatan. Egia esateko, belaunaldi gazteetan “toka” (mutilen artekoa) asko entzuten da, baina “noka” (nesken artekoa) gero eta gutxiago. Mintzalagun programa “noka” praktikatzeko baliatzea proposatu zigun herritar hark. Aurreko ikasturtea joan zitzaigun ideia hura buruan genuela, eta ikasturte honetan proposamen hari forma ematea erabaki dugu.

Bide horretan, hitano ikastaro teoriko-praktikoa antolatu nahi dugu otsailetik martxora. Ikastaroaren helburua hitanoa ikasi edo hobetzea izango da eta herritar guztiek hartu ahal izango dute parte. Aurrera begira, ikastaroa amaituta, saiatuko gara mintza-taldeak sortzen, inguruan praktikatzeko aukerarik ez daukanak, edota praktikatu nahi duenak aukera izan dezan. Hori, ordea, denborak esango du.

Izena ematea edo informazio gehiago jasotzea nahiko bazenu deitu edo idatzi 670420048 telefonora edo zestoa@aek.eus helbidera. Animatu, ederki pasako dugu eta!