“Hitano ikastaroa” egingo da otsailean eta martxoan

Jarraian daukazue hil honetako Danbolin aldizkarian argitaratu dugun artikulua. Ikastaroa datorren asteko ostiralean hasiko da, otsailaren 8an, eta izena emateko epea bihar amaituko da.

Aurreko ikasturtean herritar bat hurbildu zitzaigun herrian “noka” gutxi egiten dela eta penatan. Egia esateko, belaunaldi gazteetan “toka” (mutilen artekoa) asko entzuten da, baina “noka” (nesken artekoa) gero eta gutxiago. Mintzalagun programa “noka” praktikatzeko baliatzea proposatu zigun herritar hark. Aurreko ikasturtea joan zitzaigun ideia hura buruan genuela, eta ikasturte honetan proposamen hari forma ematea erabaki dugu.

Forma ematen hasteko, hitano ikastaro teoriko-praktikoa antolatu dugu otsailetik martxora. “Noka”ren erabileratik sortu zen egitasmo hau martxan jartzeko ideia, baina ez luke zentzurik izango ikastaro bat antolatu eta “toka” alde batera uzteak. Izan ere, emakume gehiago hika egiten hasiko bada, bi erregistroak dira beharrezko, eta herriko hainbat gizonezkori ere ez lioke kalterik egingo “noka” egiten ikasteak. Bide horretan, ikastaroaren helburua hika egiten ikastea edo hobetzea izango da eta herritar guztiek hartu ahal izango dute parte.

Ritxi Lizartza izango da irakaslea. Hitanoaren inguruan lan handia egin du Lizartzak; Hika egiten ikasteko gida eta Hitanoa, mintza hadi lagun! liburuen egilea da, besteak beste, eta Euskal Herrian barrena hamaika ikastaro eman ditu, bai herrietan eta bai irakasleen formakuntzan.

Ahalik eta jende gehienak ikastaroan parte hartzeko aukera izan dezan, ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan egingo ditugu saioak. Ikastaroa doakoa izango da, eta parte hartzaile bakoitzak liburu bat jasoko du. 15 pertsonako taldea osatzea nahi dugu ikastaroa abiatzeko. Oraingoz, 10 pertsonak eman dute izena eta gehiengoa emakumea da.

Ikastaroaren informazioa:

Data:

– Otsailaren 8tik martxoaren 16ra (martxoaren 2an eta 8an ez da saiorik izango)

Ordutegia:

– Ostiraletan 16:00-19:00 edo 17:00-20:00 (partaideen arabera)

– Larunbatetan 10:00-13:00

Aurrera begira, ikastaroa amaituta, saiatuko gara mintza-taldeak sortzen, inguruan praktikatzeko aukerarik ez daukanak, edota praktikatu nahi duenak aukera izan dezan. Hori, ordea, denborak esango du.

Izena ematea edo informazio gehiago jasotzea nahiko bazenu deitu edo idatzi 670420048 telefonora edo zestoa@aek.eus helbidera. Animatu, ederki pasako dugu eta!