Hitzeko gizon-emakumeak

Esan ohi da euskaldunok hitzeko gizonak –eta, jakina, emakumeak– omen garela, eta garai batean behintzat, hitzarekin nahikoa izaten zela, firmak eta txoro usainak alde batera utzita. Ohiko bizimoduan eta gauza txikiekin hala izango zen, akaso, baina garrantzizko gauzetan, euskaldunok beste inork baino gehiago erabili izan dugu papera, hitzartutakoa garbi geratzeko.

30 urte pasa dira Zestoako Udaleko artxibo historikoa pixka bat antolatzeko ardura eman zidatela, eta esan behar dut makina bat gauza geratu direla paperetan ondo jasota. Eta sinatuta edo zigilatuta. Lehendabizikoa 1338koa da baina dezente beranduagoko agiri batean dago jasota. Beraz, agiri zaharrena 1380ko otsailaren 2koa da (hiribildua sortu aurrekoa, beraz), Izarraizpen sinatua: “Concierto suscrito entre la villa de Azpeitia y las colaciones de Aizarna, Acoa y Cestona sobre el aprovechamiento de los seles de Aguireta y Aria” (akuatarrontzat oharra: begira nola idazten zuten “Akua” 1380an; “colaciones”, berriz, baserri gune edo herrixka txikiak ziren).

Bueno, ez noa, ordea, filologiako edo agiriei buruzko historia korapilatsuak hona ekartzera. Ez, kontua beste bat da: hitzaren ordez, zer den baliozkoa agiri zahar hauetan. Eta honaino iritsita, irakurlea has daiteke buruari bueltak ematen: hitzaren ordez, balio duena sinadura da, firma, esango du baten batek; beste batek gurutzea esango du (sinatzen ez zekienak gurutzetxoa egin ohi zuen agirian), eta abar eta abar. Baina guk gaur hemen zigiluez hitz egingo dugu, handikiek eta erakundeek erabili ohi zituzten zigiluez. Hemen argazkian ageri duguna bezala, jende handiak –kasu honetan erregeak– berunezko zigiluak erabili ohi zituen. Zigilu horrek benetakotasuna ematen zion dokumentuari; ez zela, alegia, edonork egina baizik-eta zigilu zehatz haren jabeak. Berunezko zigilu hura egiteko moldea ondo gordeta edukitzen zen inork ez zezan edozein moduz erabili.

Hemen argazkian ageri denak, erregearen irudiarekin, sei bat zentimetroko diametroa du eta ikusten denez, koloretako zetazko hariekin lotuta dago pergaminozko agirira; “vinculo” deitzen zaio erdaraz lokarri horri; pergaminoa, berriz, arkume edo antxume larrua da, bertan idazteko prestatua. Zigiluan, Juan I erregea (Zestoan hiribildua egiteko baimena eman zuena) tronuan eserita dago, bi lehoi dituelarik ondoan. Koroa darama, ezpata eskuin eskuan eta munduaren globoa ezkerrean. Orain buruz ari naiz, baina bizpahiru zigilu berunezko baditu gure artxiboak, denak ere XIV. mendekoak.

Berunaz aparte, maila baxuagoan, argizarizko zigiluak erabili ohi ziren, haiek ere zetazko lokarri baten bidez agiriari zintzilikatuak, baina ez daukagu horrelako adibiderik Zestoan. Berez, askoz ugariagoa zen, merkeagoa zelako baina argizaria askoz galkorragoa da eta 600 urte baino gehiagoko agiriez ari gara.

Zestoako artxiboan azaltzen den beste zigilu klase bat, pixka bat beranduagokoa, plakazkoa da. Argizariz eginak, horiek zuzenean agirian itsasten ziren baina erronbo itxurako paperezko tapaki moduko bat dute argizarizko zigilua ez zedin hondatu. Zigilu klase hori askoz ohikoagoa da gure paperen artean.

Aro modernoan, berriz, beste zigilu klase ugari zabaltzen dira, lakrezkoak, agirian bertan erliebean egindakoak, eta geroago berriz (XVIII. mendea) gaur egun ezagutzen ditugun tintazko zigiluak. Partikularrek, jakina, ez zuten zigilu beharriz, sinadurarekin nahikoa zuen, firmatzen baldin bazekiten, jakina; bestela, gurutzetxo bat egin eta tira. Bestalde, gaur egun, zigilatzeko tresna ez du norberak gainean eramaten baina garai batean bakoitzak eraztunean eraman ohi zuen bere zigilua; eraztunarekin jartzen zion zigilua agiriari, lakrearekin edo. Hor inspiratuak ziren gure mutil koskor garaian, guk baino ahalmen ekonomiko gehiago zeukaten gaztetxo zestoarrek erabiltzen zituzten “zigiluzko eraztunak”.

Zestoako Udalaren zigiluei dagokionez, ia denak tintaz eginak dira. Beti elementu berdinak dauzkate (lehoia, gaztelua eta makal hostoak edo bihotzak) baina itxuraz dezente aldatu dira 150 urte hauetan.

Gaur egun, zigilu berri klase asko sortu dira, firma elektronikoa, hatz marka, begi bidezkoa, eta abar eta abar, baina denek Erdi Aroko berunezko haien funtzio bera dute: egiazkotasuna frogatzea. Bistakoa denez, hitzak gero eta gutxiago balio du; baita euskaldunonak ere.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide