Albisteak

Holiday ‘Ad Hoc’ Herbeheretako orkestrak kontzertua eskainiko du abuztuaren 2an

Abuztuaren 2an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Vakantie Orkest ‘Ad Hoc’ Holiday Ochestra Herbeheretako musika bandaren emanaldia izango da Euskal Herria plazan. Ezohiko musika banda da, izan ere udan egiten dituzte euren proiektuak eta beti atzerrian, bira batean zehar. Bira berezi honetarako zuzendaria proba bidez aukeratzen da eta musikariek ere euren tituluak aurkeztu behar izaten dituzte eta horri esker bandaren maila ziurtatzen da.

2022an eta 2023an Austrian egin zituzten udako kontzertuak, eta 2024an Euskal Herrira datoz. Bergaran emango diote birari hasiera eta, Lekeitio, Azkoitia eta Arrasaten izan eta gero, azken kontzertua Zestoan eskainiko dute. Holiday Orchestra Ad Hoc 1988an sortu zen eta harrezkero urtero orkestra biltzen da Europan bira egiteko. Gaur egun 65 musikari gaztek osatutako kontzertu-orkestra handia da eta errepertorioak askotariko konposizioak biltzen ditu.

Kontzertu honetan, txistulari bakarlari modura arituko da Garikoitz Mendizabal herritarra. Honek esan digunez ezaguna du Txemi Etxebarria Bergarako zuzendaria, gaur egun Herbereetan bizi dena eta 2022 eta 2023 urteetan banda hau zuzendu duena eta honen bitartez lotu da kontzertua. Mendizabal txistulari bakarlariaren berri izan dutenean obra bat elkarrekin jotzeko eskaera egin diote. Zestoako Musika banda ere harremanetan dago azken asteetan orkestrako kideekin eta anfitrioi lanak egingo dituzte.

 

 

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide