Albisteak

Hondakinen bilketa sisteman zenbait aldaketa egitea proposatu zuen Udalak Hondakinen Mahaian

Sei urte ondoren bildu zen Hondakinen Mahaia pasa den astelehenean. Dozena bat herritar bildu ziren Udalak Alonderoko Kultur Aretoan zehaztutako hitzorduan. 2013-2014 urteetan ezarri zen hondakinen bilketa sistemaren inguruan hitz egin zen eta sistema hobetzeko balizko aldaketak hausnartu ziren. Zestoako bilketa sistema eskualde mailan emaitzarik onenak dituena dela esan zuen Mikel Arregi Ertxin alkateak baina hala ere, hobetu daitekeela. Plastikoaren eta organikoaren bilketa sistemaren inguruko bi proposamen plazaratu zituen asteleheneko bileran, egungoa “hobetzeko” helburuarekin.

Ontzi arinak edukiontzi bidez

Sistema “hobetu eta merkatu” daitekeela esan zuen. Garraioak gastu handia duela azpimarratu zuen, “kilometrorik gehiena ontzi arinen bilketan egiten da eta zenbait puntutan bi aldiz ere jasotzen da. Horrek garraio gastuak igotzea suposatzen du. Bestalde, garraio horrek CO2 isuriak sortzen ditu eta gehiago kutsatzen du”. Horri irtenbidea emateko, ontzi arinak edukiontzi bidez jasotzea proposatu zuen. Horrela, edukiontziak herriko puntu ezberdinetan jarri eta herritarrek nahi duten egun eta orduetan atera ahal izango dituzte ontzi arinak. Aldaketa hau egiteak bilketa tasan eragin negatiboa izan zitekeen kontsultatu du Udalak eta adituek balizko aldaketak eraginik ez duela izango nabarmendu dute. Ontzi arinentzat edukiontziak jartzea erabakitzen bada, kartoia eta papera jasotzeko dauden edukiontzi urdinak ere aldatu egingo dituzte eta orain dutena baino hiru aldiz edukiera handiagoa dutenak jarriko lirateke. Hau dena egitea onartuko balitz, sei, zazpi edo zortzi hilabeteko epean egingo lukete.

Langile bat konpostaguneetan

Bestalde, organikoa biltzeko konposta gune berri bat sortzeko proposamena azaldu zuen. Egun, auzo konposta egiteko hiru gune daude herrian: kiroldegi atzean, Arteaga auzoan eta Zubimusu auzunean. Kiroldegi atzekoa eta Arteaga auzokoa kendu eta hilerri ondoan konposta gune berri bat egitea aztertzen ari direla esan zuen alkateak. Hilerri ondoan dagoen 1.600 metro karratuko lur eremua erosi eta gune berri hori bertan eraikitzea proposatu zuen: “Herritarrek bi aukera izango dituzte: organikoa orain arte bezala botatzen jarraitu, etxe aurrean jartzen diren kuboetan edo bi konposta gune horietako batera eraman”. Konposta gunera eramateko autua egiten duten herritarrek orain bezala hobari fiskala izango dutela esan zuen. Bi gune horiek kudeatzeko lanpostu bat sortuko dute eta pertsona hori arduratuko da bi konposta guneen eguneroko mantenuaz. “herritarrek bertara joan eta organikoa bota bakarrik egin beharko dute, konposta nahastu gabe”. Honen helburua, konposta guneak indartzea eta herrian ahalik eta organiko gehien konpostatzea dela azaldu zuen Arregik. Bestalde,  bi sistema horiek martxan jarriz gero, Zestoako hondakinen bilketak bulkada bat izango lukeela nabarmendu zuen.

Behin bi proposamenak azalduta, Hondakinen Mahaian bildu ziren herritarren iritziak jaso ziren. Auzoetan aldaketa horiek egingo diren galdetutakoan, hauek beste fase baterako utzi beharko direla esan zuen alkateak, “dena ezin dugu batera egin, ez dugu horretarako baliabiderik. Herrigunearekin hastea da helburua eta pixkanaka auzoetara zabaltzea”. Herritarren zalantza eta iradokizun ezberdinak jasota,  bi proiektuak aztertzen jarraituko dutela esan zuten udal ordezkariek.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide