Albisteak

HORTIK ZIHAR – Ainara Ossa Guatemalan

Zer dela eta Guatemalan?

Gelakide bati eta bioi buruan sartu zitzaigun ozeanoa zeharkatu behar genuela, ez zela nahikoa Europan geratzea; hortaz, EHUk Latinoamerikan dituen unibertsitate-truke aukera ezberdinetan gehiegi pentsatu gabe, Guatemala (beste batzuen artean) jarri genuen zerrendan. Bioi unibertsitate bera tokatu zitzaigun.

Hona gentozela jakin ostean izan genuen Guatemala hiriaren fama txarraren berri. Oso-oso arriskutsua omen da. Pixka bat beldurtu arren, kuriositate handiz, iazko ekainean iritsi ginen hona eta ailegatu orduko beldurraz ahaztu (ohitu) eta herrialdeak emandako ongietorriaz disfrutatzen hasi ginen. Egia esan, hiria da Guatemalako txoko itsusiena, baina, hilabete batzuk bertan eman ostean, aurkitu dut bere xarma; horregatik ez naiz oraindik etxera itzuli.

Zein da zure egunerokotasuna?

Aurreko urtetik hona nahikoa aldatu zait. Izan ere, pasa den azaroa arte nirekin etorri zen lagunarekin, beste euskaldun batekin eta austriar batekin ibiltzen nintzen. Laurok ikasle-erresidentzia batean bizi ginen eta ahal genuen bakoitzean hiritik aldentzen ginen, herrialdea bisitatzeko asmoz.

Pasa den abenduan, ordea, lagunak beren etxetara itzuli ziren. Orain, bertako emakume baten etxe batean alokatu dut logela. Kanpotar bakarra naiz. Bakarrik eta bakartasunean moldatu (beharko) naiz. Halere, jende onez inguraturik jarraitzen dut, bertako lagun onez.

Astean zehar, egunez, ikasle-bizitza daramat: “uni”ko lanek eta klase intentsuek hartzen dizkidate orduak. Gauak lagunekin pasatzen ditut. Asteburutan, berriz, gustuko tabernak edo hiritik kanpoko txokoak bisitatzen ditut. Egia esan, egunak oso azkar pasatzen ari zaizkit. Ezin dut sinetsi jada urte erdi daramadala hemen!

Zer topatu duzu Guatemalan?

Berotasuna, bai klimagandik baita jendearengandik ere. Proportzioan, indigena gehien dituen herrialde latinoa da hau, aberatsa kulturaz. Herrien historia, jendearen istorioak, paisaiak… asko eman dezake lurralde honek.

Zorionez-edo, ez dut agresio fisikorik jasan. Bai, ordea, kaleko “piropo” eta begirada “inbasiboak”. Zaurgarritasuna hainbat norabide eta formatan.

Paisaia zoragarria da. Sumendiak eta lakuak, bi ozeanoetako hondartzak, oihan berde eta garaiak; izar distiratsuko gauak eta eguzkiaren sartu-irtenak. Ederrak benetan!

Zer eramango zenuke hemendik horra?

Garraio publikoa. Oso gaizki egituratuta dago hiria. Badago garraioa, baina ez da publikoa…“mareroena” da. Beren negozio bilakatzen dute garraioa, hiri barnekoa nahiz herri-artekoa. Hiri barneko autobus eta taxi gidariak estortsionatu eta guztiz autobus prekarioak erabiltzen dituzte. Beraz, ez da batere segurua garraio horietan ibiltzea. Merkea da oso. Hiru-bat aldiz igoko nintzen autobus horietako batera. Hiri-arteko autobusak, berriz, delako “chicken bus”ak, erabili ditut eta esperientzia bat da; izenak esan nahi duena zera da, sardinak latan bezala joaten garela bidaiariok.

Paseatzeko parkeak ere ekarriko nituzke hona edo, besterik gabe, gune batetik bestera oinez ibiltzeko espaloiak. Azken finean, autoz ibiltzeko egina dago hau. Bidegorriak ere ekarriko nituzke, noski. Kar-kar.

Eta zer ekarri handik hona?

Lehen aipatutako paisaiak nahi nituzke etxe inguruan. Frutak, kafea eta ahuakatea. Baita jendeak eman didan umore ona eta “kariñoa” ere. Euskal herrian ez da halakorik falta, baina, Guatemala eta “chapin”ak (guatemaltarrak) nire parte dira jada.

Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?

Benetan merezi duten hiru leku kuttun: Atitlan lakuan, Acatenango sumendia eta Tikal izeneko Mayen antzinako hiria. Lakua sumendi eta herri txiki artean dago. Acatenango puntara igotzeko 6 ordu luzez ibili ginen; oso nekagarria baina zeharo polita, bidaia nahiz bistak. Eta, Tikal, urte osoan zehar turistaz beteta egon arren, oihan handi batean murgilduta dagoen inperioa da, tenpluz eta animaliaz beteta dagoena; esperientzia ahaztezina.

Noiz arte hor?

Hasieran, asmoa azaroan itzultzea zen. Baina, egonaldiaz gozatzen ari nintzenez, beste lauhileko batez gelditzea erabaki nuen. Bai Guatemala baita Mexiko ere nahikoa ezagutu ahal izan ditut, beraz, lauhileko hau amaitu orduko bueltan naiz etxean. Lurralde hau ederra da oso, baina ez Euskal Herrira itzultzeko gogoa uxatzeko haina.

 

 

Leku bat: Atitlan lakuko edozein txoko.

Plan bat: Antigua herrian asteburu-pasa: parrandan edota paseatzen.

Janari bat: “Huevos estrellados con salsa ranchera, frijol y plátano frito”. Arrautzak tomatearekin, babarrunak eta platano frijitua.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide