Albisteak
HORTIK ZIHAR: Joritz Zunzunegi Tallinn-en
— 2018-02-15Zer dela eta Estonian?
Jende askok galdetu izan dit. Zer dela eta zoaz Estoniara? Zer dago bertan? Erotuta hago! Baina bueno, hemen gara. Garbi nuena zera zen, herrialde desberdin batera nahi nuela joan, kultura, klima eta ohitura desberdinak zituen herrialde batera. Bestalde, Erasmus-en joatean gehien motibatzen ninduen gauza bidaiatzea zen, beraz joan beharreko herrialdea geografikoki “ongi” kokatuta egotea nahi nuen. Nituen aukeren artean zalantzan ibili ostean, gelakide batek eta biok Estoniara joatea erabaki genuen. Egia esan, aurretik aipatutako ezaugarriak bete-betean betetzen dituela esango nuke Estoniak. Errusiarekin muga egiten duen herrialde nordiko txikia da. Esan behar dut egindako aukerarekin ez naizela inondik inora ere damutzen eta esperientzia paregabea ari dela izaten.
Zein da zure egunerokotasuna?
Astegunetan “ikasle” bizitza egiten dudala esan genezake. Klaseak izan ohi ditugunez unibertsitatera joaten gara, goizez edota arratsaldez. Unibertsitate ondoan kiroldegia dugu, beraz ordu libreak ditugunean bertara joaten gara kirol pixka bat egitera. Unibertsitatetik kanpo denbora gehiena Ikasle Erresidentzian pasatzen dut. Bertan 65 Erasmus ikasle bizi gara, mundu osotik etorritako ikasleak, eta hemen pasa ohi dugu gure denbora gehiena. Egongela bat dugu denontzat eta beti dago norbait zerbait kontatu edota egiteko, sortzen den giroa benetan ederra da. Horrez gain zentrora ere joaten gara zerbait hartzera eta “noizean behin” parranda bat edo beste ere egiten dugu.
Asteburuetan tokiak ezagutzen saiatzen gara, klaserik eta konpromisorik ez dugunez, inguruko txokoak ezagutzeko erabiltzen ditugu egun hauek. Estonia bera, Errusia, Finlandia, Letonia, Suedia… aukera asko daude eta orokorrean ez da oso garestia.
Hotza topatu dut abuztuaren 25ean hegazkinetik jaitsi nintzen momentutik kar kar kar. Orduan 13 gradu eskas egiten zituen. Azkenean ordea, klima honetara egin egiten zara eta ez dela hainbestekoa esango nuke, nahiz eta egun hauetan -13 gradutan egon garen. Horrez gain Tallinn hiria ezagutu dut, benetan hiri polita, batez ere alde zaharra. Oso ondo kontserbatuta dago eta horren adierazle dira bertako Erdi Aroko etxe zein hormak. Herrialdeari dagokionez benetan herrialde txikia ezagutu dut, 1.400.000 biztanle besterik ez dira bizi, Tallinnen bakarrik 500.000 bizi dira. Bertako jendea lehenengo momentuan ez da oso soziala, horregatik, serioak edota beti haserre daudenaren sentsazioa du jendeak.
Amaitzeko esan, jende zoragarri pila bat ezagutu dudala hemen. Azkenean, hainbeste denbora partekatzen egoteak erlazio sendoak sortzen ditu eta hori da hemendik eramango dudan gauzarik baliotsuena.
Zer eramango zenuke hemendik horra?
Kale giroa ekarriko nuke hona, izan ere Estonian, eta gainerako herrialde askotan, ez dago Euskal Herrian dugun kale giro/ohitura hori. Hemen gehiago dira etxean bildu eta arratsaldeak bertan pasatzekoak. Lagunekin poteatzea faltan botatzen da!
Eta zer ekarri handik hona?
Tallinnek harritu nauen gauza bat garraio publikoa doan izatea izan da. Bertako biztanlea izatean ez duzu garraioagatik ezer ordaindu behar, beraz garraio publikoaren erabilera nabarmena da. Hau eramango nuke Euskal Herrira, ekonomikoki ona izateaz gain ingurugiroarentzat ere ona izango litzatekeela uste baitut.
Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?
Talinnera etorriz gero alde zaharra ikusi gabe alde egiteak bekatua izan beharko luke. Bestalde, Estoniaraino iritsita, gainerako herrialdeak bisitatzea beharrezkoa iruditzen zait. Eta zorteko bazaude “Ipar argiak” (Aurora boreal) ikusita alde eginez gero, ezin hobeto.
Ikasturtea bukatu arte. Hemen lehenago hasi eta lehenago bukatzen da ikasturtea. Beraz, maiatza bukaeran edo amaituko dudala uste dut. Baliteke gero astebete edo bertan geratzea bidaia bat edo beste egiten baina ekaina hasieran Zestoan egongo naiz.
Leku bat: Tallinn-eko alde zaharra.
Plan bat: Lagunekin parrandan irtetzea.
Janari bat: Altze sopa
Egin zaitez bazkide