Albisteak

[HORTIK ZIHAR] Nekane Rojo Tijuanan

Ia hiru urte daramatza Nekane Rojo arroarrak Tijuanan (Mexiko). Irakasle lanetan dabil han eta bere esperientzia kontatu digu ‘Hortik zihar’ atalean.

Zer dela eta Tijuanan?
Irakasle ikasketak amaitu eta Madrilera joan nintzen espezializazio bat egitera. Handik nenbilela jakin nuen Tijuanako hezkuntza proiektu baten berri. Haiekin harremanetan jarri eta proiektuan parte hartu behar nuela sentitu nuen. Proiektua hasi berria zen eta aukera ezin hobea iruditu zitzaidan harekin batera hasi eta hazteko. Horrela, 2017ko uztailean hemen nintzen ikasturtea hasteko prest.

Zein da zure egunerokotasuna?
Irakasle lanetan nire lehen esperientzia bizi izan dut hemen. Batez ere hasieran, nahiko gogorra izan zen lan guztia kudeatzen ikastea eta nire energia ia guztia horretan eman dut. Proiektuak komunitate izaera du, hau osatzen duten familia eta hezitzaileen artean harreman estua daukagu eta horregatik askotan antolatzen ditugu ekintzak eskola orduetatik kanpo ere. Baina oporrak ditudan bakoitzean (urtean hiru aldiz gutxienez kar-kar), motxila bizkarrean hartu eta aireporturantz jotzen dut Mexikoko beste txokoren bat ezagutzera.

Kasualitateak kasualitate, hezkuntza proiektuaren koordinatzailea erdi euskalduna da (ama euskalduna du) eta hainbat urte Euskal Herrian eman zituenez, euskaraz hitz egiten daki. Bere ahizpa nire lankidea da eta hauen ama ere sarri ikusten dut. Lagun minak egin gara eta beraiei esker, etxetik urrun egotea hobeto eramaten dut.

Zer topatu duzu han?
Hiri kurioso eta zaila da Tijuana. Estatu Batuekin muga egiten du eta horrek dakarzkien ondorio on eta ez hain onak hemendik dabilen edonoren egunerokotasunean islatzen dira. Era berean, harrera hiria dela esaten da, Mexiko hegoaldeko nahiz Latinoamerika osoko jendea jasotzen duelako. Horietako asko AEBtara gurutzatzeko asmotan iristen dira, baina baimena ukatu ondoren hemen geratzen dira zain edo betiko. Beste asko, han urte askoz bizi izan eta gero, indarrean erbesteratuak izandakoak dira.
Goraipatzekoa iruditzen zait bertakoek ongi etorria egiteko azaltzen duten adeitasuna. Pentsatzen jarrita, pertsona bereziki onak ezagutu ditut hemen, hiriaren egoera kaxkarra aldatzeko jardunean dabiltzanak.

Zer eramango zenuke hemendik horra?
Gauza asko: Garraio publikoa, birziklapena… Natura ere faltan botatzen dut. Hirian berdegunerik ez dago ia eta daudenak guztiz artifizialak dira. Baina gauza guzti horien gainetik, segurtasuna eta babes sentsazioa aukeratuko nituzke dudarik gabe. Oso gogorra eta nekagarria da uneoro zerbait gerta dakizukeen sentsazioa izatea. Gainera, emakumea izanik arriskua bikoitza da.

Eta zer ekarri handik hona?
Eguzkiaren distira. Nire ustez, eguzkiaren argiak beste kolore bat dauka hemen, askoz ere bixiagoa. Ilunabarrak ere benetan ikusgarriak dira.

Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?
Ahalik eta janari gehien probatu behar da Mexikon eta hau saltsa pikante goxoez laguntzea ezinbestekoa da. Gurean bezala, gastronomiak pisu handia du kulturan eta edozein aitzakia ona da mahai baten inguruan jatordu amaigabe bat antolatzeko. Hala ere, hemen jatetxeetan jateko ohitura handiagoa dagoela esango nuke.  Tijuanan jatetxe on ugari dago, mota guztietako janaria eskaintzen dutenak. Era berea, Mexikoko ardo gehiena hemendik gertu ekoizten da eta artisau garagardo ugari dago ere.

Noiz arte hor?
Momentuz ikasturte amaiera arte. Hau da, uztaila arte gutxienez hemendik ibiliko naiz. Gero, zeinek daki nora.

Leku bat: Playas de Tijuana, Mexiko eta AEBtako muga itsasoarekin elkartzen den tokia.

Plan bat: Urtebetetze festa tradizional bat piñata, mariachi eta guzti.

Janari bat: Mole




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide