Albisteak

Iñaki Azkuneren ‘Zestoaren Historia (2)’ lana kaleratu dute

Iñaki Azkune ikerlariak egindako Zestoaren historiaren bigarren atala eskuragai dago jada. Atal berri hau, 10 liburuz osatutako ikerlana da eta 1545 eta 1556 bitarteko historia biltzen du. Ale gutxi batzuk liburu formatuan argitaratu dira, erakunde eta liburutegietan eskuragai jartzeko, baina interesatuei zabaltzeko CD formatuan kaleratu da ikerlana.

Lehendabiziko atala 2016an kaleratu zen eta lan horrek, Historiaurretik hasi eta 1544. urtera arteko historia biltzen du. Orain haren jarraipena argitaratu du, 1545. urtetik 1556raino. Erretiroa hartu ondoren, urte eta erdi inguru pasa zuen Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat artxibotako agirien kopiak biltzen, Azpeitian, Azkoitian, Deban, Zumarragan edo Oñatin, esaterako. Valladolideko artxibora bi edo hiru bidaia ere egin zituen Azkunek. Gero, bost urteko lana egin zuen artxibo guztiak ordenatzen eta guztira, hamabi urte behar izan ditu lana amaitzeko.

Zerbait “berezia” egiteko gogoa suertatu zitzaion Azkuneri erretiroa hartu ostean eta “Zestoaren historia integrala” biltzeko lanean hasi zen. Horretarako, “gaia gustuko izatea” eta “egoskor puntu” bat izatea ezinbestekoak direla azaldu du Azkunek. Bi lanen artean ezberdintasunak daudela nabarmendu du: “Historiaurretik hasi nintzen eta garai hartako dokumentuak urriak ziren. Urteek aurrera egin ahala, artxibo gehiago agertzen hasi ziren eta guztira, 2.000 agiritik gora bildu ditut”.

Argitaratu berri duen lanak kontu ezberdinak biltzen dituela esan du. Historia bera eta oharrez gain, agiri garrantzitsuen transkribapena, Zestoako alkateen zerrenda, irudi oinak eta gainerakoak bildu ditu. Hizkuntzarekin lotutako zenbait kontu ere ikertu ditu eta  bitxikeriak ere bildu ditu, hala nola, garai hartako ezkontza kontratuak. Bide luze honetan jende askoren laguntza izan duela azpimarratu du eta eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei. Orain, oporrak hartzeko garaia duela gaineratu du Azkunek.

Oharra: “Zestoaren Historia (2)” CD formatuan jarriko da salgai, Potxolo liburu-dendan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide