[IRITZIA] Egiak, gezurrak eta engainua (udalaren adierazpenei erantzuna)
— 2023-02-15Ortzi Alberdik idatzitako iritzi artikulua:
Askotan ez da behar gezurrik esatea interlokutorea engainatu eta errealitatearen irudi faltsu bat sorrarazteko. Are gehiago, askotan askoz eraginkorragoa da egia erdi eta interpretazio zabaleko hitzak erabiltzea. Honen erakusle da Udal Gobernuak asanbladaren agerraldiari eman dion erantzuna. Gazteen asanbladak ez du nahi izan udalaren testuari erantzun zuzen bat ematerik, nork zer esan duen eztabaida antzuetan ez erortze aldera, arazo errealetik fokua desbideratuz. Hala ere, garrantzitsua deritzot testu horretan esaten direnak argitu eta erantzutea. Lau zatitan banatuko dut erantzuna, nire iritziz testuan mahaigaineratzen diren lau ideiei erantzuteko: Adostasunaren auzia, hirigintza legediei dagokiena, eraikin horrek gaztetxea (soilik) izan behar duenaren gaineko zalantza eta azken erabakimen ahalmena elizak duenaren ideia.
Lehena deritzot argitzeko garrantzitsuenetakoa, izan ere, nire iritziz Udal Gobernuaren idatziak erantzun tranpatia ematen dio auzi honi. Gazte asanbladaren agerraldian larritzat jotzen dena, alkateak oposizioaren babesik gabe proiektua aurrera ez dela aterako esatea da, ez oposizioari adostasunerako deia egitea. Ezberdintasuna nabaria eta garrantzitsua dela deritzot. Asanbladak ez du inongo momentuan oposizioaren proiektuarekiko adostasuna desiragarria denik zalantzan jarri, are gehiago, agerraldian bertan oposizioari proiektuaren inguruan hitz egiteko deia egiten dio. Hori dela eta, oso tranpatia iruditzen zait asanbladaren agerraldiari erantzuterakoan desadostasuna hori balitz bezala hitz egitea, fokua desbideratu eta asanblada zein egoeraren irudi faltsu bat aurkeztea baitu helburu.
Hirigintza legeei dagokienez, ez naiz asko luzatuko, izan ere, asanbladaren agerraldia bertan argi laga ziren gai honekiko asanbladaren asmoak, eta aurrerago ere tarte bat baino gehiago izango dira lokalaren egokitzapenaren inguruan hitz egiteko. Soilik errepikatzea, orain dagoen moduan ere, lokal horrek oraingo gaztetxeak baino baldintza askoz hobeak dituela gaztetxearen ekintza guztietarako, segurtasun, bizikideekiko elkarbizitza eta erabilpenaren aspektu guztiei dagokienez.
Hirugarren ideia da, idatzi honetan udalaren jarrera larriena agertzen duena nire ustez. “Gune horrek gaztetxea baino zerbait gehiago izan beharko luke” dio testuak. Esaldi hau bi modutara uler daiteke, biak ere larriak. Alde batetik, uler daiteke udalak dioena, gune hori gaztetxea izanagatik ere, gune irekia izan behar duela eta asanbladaren ekintzez haratago herriko eragile ezberdinen beharrei erantzungo dien espazio bat izan behar duela. Honen aurrean, alde batetik, esan behar dut Udal Gobernua ez dela inor gazte asanbladari gaztetxeak zer izan behar duen, nola funtzionatu behar duen eta nori sartzen utzi behar dion esateko. Gazte asanbladak eta gaztetxeak, historikoki eta gaur egun, estatuaren edozein instituziotatik (udala adibidez) independenteki antolatzen diren espazioak dira eta izan behar dira, eta premisa hau asanblada eta gaztetxearen ezaugarri funtsezkoena eta eztabaidaezina da. Hori garbi utzita, gazte asanbladak beti izan du, eta erakutsi du (ikus gaztetxearen lekualdatzeko proiektuaren txosten publikoa) herriko edozein eragileri bere baliabideak eskaintzeko prestutasuna. Ikusi besterik ez dago, zenbat eragilek erabiltzen duten gaztetxea bera gaur egun, edo zenbat eragilek eskatzen dioten asanbladari material ezberdina (musika ekipoa, proiektorea…) udalak behar horiek asetzen ez dituenean. Beste ulerkera posiblea are okerragoa da, izan ere, uler daiteke udalak dioena, gune hori udalak eskuraturik ere gaztetxea izan behar duen garbi ez duela dela. Testuan zehar, udalaren asmoez eta konpromisoaz hitz egitean, udalaren partetik lokalaren eskuratzeaz soilik hitz egiten dela, eta publikoki gaztetxea gune horretara lekualdatzearen alde inoiz hitz egin ez dutela kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa. Hau horrela balitz, bi urtean zehar asanbladako kideok engainatzen egon dela esan nahiko luke, eta aukera hau irekita uzteak asanbladaren agerraldia eragin zuten kezkak areagotu soilik egiten ditu.
Azkenik, elizaren auziari erantzungo diot. Hau izan da, uneoro, udalak mahi gainean jarri duen oztopo garrantzitsuena; hau da, elizak ez duela interesik lokala udalaren eskuetan uzteko lehenik eta diru gehiegi eskatuko duela ondoren. Oztopo hau ez dugu ukatzen, baino kontuan izanda, guri hitz politekin hitz egin arren, udalak orain arte ez duela publikoki proiektu honen alde inoiz hitz egin, eta hitz egitera behartua ikusi denean fokua desbideratuz eta proiektua bera dudetan jarriz hitz egin duela, gero eta nabariagoa da udalaren konpromiso falta proiektuarekiko. Honen aurrean asanbladarekin batera eskatzen diot udalari jarrera aldatu eta proiektu honen alde errealki lerra dadin. Gainontzeko guztiei, larunbatean asanbladak plazan deitu duen agerraldian ikusiko gara.
P.D: Esan beharra dut bukatu aurretik, elizaren gaiak beste gai politikoki sakonago bat ireki lezakeela, boterearen naiz estatu aparatuen izaerari nahiz hauen araberako estrategia politikoari dagokionez. Non datza botereak gai hauen (eta gai gehienen) gaineko erabakimen ahalmena botere publikoek beharrean jabeek (kasu honetan elizak) badute? Ze funtzio betetzen dute instituzio hauek gizarte kapitalistaren osotasunaren baitan? Instituzio publikoen botere mugatua kontuan hartuta zenbaterainoko erabilgarritasuna du hauen konkistan datzan estrategia politikoak? Gai hauek hurrengorako utziko ditut, bitartean debate honen testuinguru historikoan sakontzeko artikulu interesgarria. Irakurri hemen.
Ortzi Alberdi
Egin zaitez bazkide