[IRITZIA] Itsaso zakarrari aurre eginez

Lau urte dira jada Itaiak bere hautua egin zuenetik, lau urte, txalupaz aldatzea erabaki genuenetik. Lehenago ordea,  denok batera gindoazen txalupa horren partaide ere izan ginen. Lehenengo pertsonan bizi genituen txalupak zituen zuloen ondorioz jasaten zituen uholdeak. Txalupak Titanik-en bezalako solairu mailakatuak zituenez, batzuk lehenago itotzen zirela konturatu ginen eta beraz, denok ez ginela helmugara iritsiko. Egoera honen aurrean, Itaiatik beharrezkoa ikusten genuen mailaketarik gabeko txalupa berri bat eraiki eta pixkanaka gure bidea egiten joatea. Erabaki hori hartu genuenetik ordea, jada alde batera utzi genuen txalupa hori hondoratzea leporatzen zaigu, aspalditik bertako bidaiari ez garela kontuan hartu gabe.

Hautua egin genuen momentutik, egunerokotasunean emakumeon auzia lantzeko konpromisoa hartu genuen, horren adibide izanik subjektu politiko bilakatzeko teorizazioa bermatzen duten emakume langileon eskolak, gure irakurketak eta iritziak azaltzeko jardunaldi zein hitzaldi ezberdinak, indarkeria matxistaren gaiari praktikotasunez heltzeko herritar ezberdinek osatutzen duten asanblada, EH egoten diren eraso zein erailketa ezberdinak salaketak, sektore feminizatuan inguruko azterketak eta egoera prekarioan daudenei eman diegun babesa… eta hala ere, gu gara txalupa hondoratzearen errudunak.

Urte hauetan guztietan ikaskuntza pila bat gureganatu ditugu eta nola ez, akatsetatik ere ikasi dugu. Honekin zera esan nahi dut; gure txalupan ura sartzen hasi denean edota zuloak egin dizkiogula konturatu garenean, itsasoan doazen beste txalupei errua bota beharrean, gure kasaka hori konpontzen saiatu garela. Izan ere, Itaiatik, denok berdintasunean bizitzeko gizarte bat eraikitzearen aldeko apustua egin genuen eta horri, gure egunerokotasunean irmoki eusten diogu.

Bi txalupa ezberdinetan goazelaren adibide garbia izan zen martxoaren 8a. Urte osoan lanean jardun ondoren, egun horretan, gure aldarriak azaldu eta bide batez, emakume langileoi borrokara batzeko deia zabaltzeko asmoz ekitaldi xume bat antolatu genuen. Eguna iritsi baina astebete lehenago ordea, kalean beste deialdi bat ere antolatu zela jakin genuen. Ekitaldi bakoitzak bere helburu propioak zituenez, egun berdinean kalera ateratzen bagara ere, nabaria da bakoitza irla ezberdinerantz ari dela arraun egiten. Hori dela eta, orain arte elkarri babestu eta laguntzeko borondate erreala falta den momentutik, egun jakin bateko batasun abstraktua, kontraesanez betetako antzerkia izango litzateke.

Beraz, Itaiatik argi utzi nahi dugu, gure txalupara edozein herritar ongietorria izango dela eta honetarako espazioak bermatzen jarraituko dugula. Guk argi daukagu zein diren gure txalupa eta gure helmuga, eta honi  edozein itsasaldi, olatu edota eguraldiren aurrean eutsiko diogu.

Oihane Ibarguren Egibar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide