Albisteak

[JARDUNIAN] Alejo Orbegozo. Ke Lepo

Alejorekin arratsalde pasa
Ostiral arratsaldea da eta Alejo Orbegozoren (Zestoa 1985) tenplura iritsi naiz. Bera ere, lanetik iritsi berria da eta esan dit gora igotzeko, zuzenerako daukan sintetizadore sorta kableatzen ari dela. Gorako bidean garagardo bat jarri dit eskuan eta gustura noa gora, ia ze asunto. Goiko solairua zapaldu orduko kasko batzuk jarri dizkit belarrietan eta “entzun ezak hau, atzo Muxikako ermitan egin nuen zuzeneko tema duk, ea ze iruditzen zaian”. Ba horixe, kaskoak jantzi orduko sartu naiz bidaian, ze soinu ederra, akorde gozoak..ufff, bidaia sakona, betiko moduan. Alejok egindako musikak, beti egin duen bezala, leku benetan ederretara narama oraingoan ere….. “Rediooossss earraa oainguan indekenare, yalokreo”. Begiak itxi ditut eta bidaian murgildu naiz, bizkarrean bere behatzak sentitu ditudan arte, kaskoak kendu dizkidan eta bota didan arte: “hi baina elkarrizketa egin behar genian ezta?”; “ostraa, ba bai, egiya“, Alejori Danbolinerako elkarrizketa egiteko asmotan etorri naiz. Alejo Orbegozo, Alejo Grises, Alejo… haundiya, lagun eta pertsona zoragarria izateaz gain musikari aparta, Alejo, Ke Lepo goitizenez bere lehen bakarkako lana “Izpi” atera berri duena.

Beheko solairura pasa eta mahai inguruan eseri gara biok berriketan egiteko asmoz.

Elkarrekin asko eta askotan egoten gaituk eta beti zaukaagu zertaz hitz egina baina oraingoan pixka bat hitaz hitz egingo diagu, eta gauzak ondo egiteko hasieratik hasiko gaituk ezta? Goazen ba!

Beti musikaz inguratuta, musikan sartuta eta musikarekin motibatuta ezagutu haugu, nola izan zuan honen guztiaren hasiera?

Nik uste, Zestoako gazte gehienak bezala, hasierak Musika Eskolan izan zirela, solfeo pixka bat, ondoren pianoa, klarinetea (bandan jotzen ere urte batzuk bai) eta harmonia dezente.

Hala ere, esan beharra daukat etxekoek esaten didatela oso txikitatik badudala musikarekiko halako sentsibilitate berezi bat. Artean sehaskako umea nintzela, igande eguerdiren batean negarraldian banintzen, TVEn ematen zituzten musika klasikoko kontzertuei begira jarriz gero nire negarrak bukatu egiten omen ziren. Horretaz gain, nire aita Mitxel musikaria izanda (LEOK´K taldeko partaide), etxean askotan jartzen zizkigun Beatles, Deep Purple eta beste hainbat talde klasiko, eta horiez gozatzeko zortea ere izan genuen.

Hala ere, Musika Eskolan ikasitako instrumentua jotzeak ez zian hire musika gosea asetzen ezta?

Ez, egia duk. Pianoa jotzen urte batzuk pasa nizkian baina besteek egindako partituren interprete hutsa izatea ez zuan nahikoa, eta nire esku eta belarriek beti neure melodia berriak sortzeko bultzada sentitzen zuten.

Honen guztiaren ondoren beste hasiera bat egon zuan edo? Gehienok Grises taldean ezagutu haugu; nola izan zuan 20 urteko ibilbidea izan duen tsunami horren hasiera?

Ba ederki akordatze nauk; nik orduan pianoa jotzen nian, eta arratsalde batian nire lagun Eñaut Gaztañagak komentatu zidaan, bera, arreba Amancay, Nara, Antonio eta beste lagun bat Grises Sueños izeneko talde bat sortzen ari zirela eta guay egongo zitzatekeela nik pixka bat probatzea beraiek zuten arreba Begoren sintetizadore batekin, ea nahiko al nuen… Nire erantzuna dudakoa izan zuan. Pianoa bai jotzen nian baina talde batean sintetizadorea, bada zalantza. Eñautek, hurrengo arratsaldean lokalera azaltzeko eta probatzeko, eta halaxe izan zuan oraintxe arteko bidaia.

Grises taldeak 20 urteko ibilbidea egin ondoren gabonetan emango ziok bukaera. Jarraitzaileak garenontzako ere ikaragarrizko pena, baina hiretzako zer izan duk eta zer duk oraindik Grises taldea?

Grises niretzako familia, lagun artea, anai-arreba artea eta leku gustuko eta seguru bat duk. Nire ibilbide musikalean batez ere agertokien ezagutza eta bizipen denak bizi eta jasotzeaz gain, beste gauza asko eman zizkidak.

Nire gaztaro eta garapen pertsonaleko momentu denak taldean bizitakoak izan dituk. Momentu alai, triste, gazi, gozo eta bestelakoak ere bertan izan dituk. Furgonetako bidaiak, kontzertu erraldoietako adrenalina, herri txikiagotako kontzertu aurreko zalantzak, aste osoko neke eta arazoak…Dena, 20 urtean bizitako denak taldean izan dituk.

Faltan botako duk taldeko giro eta babesa?

Uff, bai noski, ez nauk negar errazekoa eta pasa hadi hurrengo galderara.

Horren aurretik hasita hintzen heure kantu propioekin. Noiz eta nola izan duk hori? Beharra sentitu duk zerbait berria eta heurea egiteko?

Egia esan, betidanik eduki diat etxean ordenagailu eta soinu txartel bat, eta sintetizadoreak noski, beraz beti egin dizkiat kantak, kanta zatiak, oinarriakBeti ibili nauk gauzak grabatzen, bai Griseserako baita bestela ere. Musika munduan, ez baduk ikertzeko, esperimentatzeko eta jolasteko gogorik, gauzek ez ditek aurrera egiten, eta ni hasieratik ibili nauk honetan. Arlo honetan Pato Amsia-ren laguntza handia izan diat, batez ere sintetizadore modularren mundua ezagutu eta jorratzeko.

Halako batean, neure pare bat sormen zati igo nizkian sarera eta Aitor Etxeberria Txef_Aren deia jaso nian, esanez ea disko berri bat publikatzeko asmotan al nenbilen. Nire erantzuna ezezkoa izan zuan baina horren ondoren ordenagailuko disko gogorra arakatu nian eta konturatu ninduan material asko zegoela. Aitorrek hori ikusita, disko baterako material asko eta ona zegoela esan zidaan. Hortik tiraka iritsi nauk sekula pentsatuko ez nian eta oraintxe nagoen momentu edo puntura.

Aurrez grabatutako material dena errebisatu, antolatu, aberastu eta Aitor Etxeberriaren Forbidden Colours disko etxean kaleratzeko aukera sortu zuan. Lana orduan hasi zuan, kantak aukeratu, dena zalantzan jarri, landu, landu eta gehiago landu ondoren iritsi nauk, diskoa kaleratzeko zorian egotera.

Esan genezakek musika elektronikoko disko bat dela kaleratu zorian hagoen hau: zergatik elektronika?

Sekula ez diat pentsatu elektronika egitea, naiz eta gustatzen zaidan musika izan.

Niri gustatze zaidana instrumentuen xarma duk, beren soinua eta kolorea. Sintetizadoreak ditiat oso gustuko eta horregatik hainbeste urtetan egin diat jolas beraiekin. Horrela, kasu honetan elektronika kutsu handia zaukak diskoak, jolastu eta sortzeko erabili diaten erreminta zentrala sintetizadorea izan baituk. Baina argi utzita nik beti melodia, koltxoi edo puntu harmoniko oso musikala behar dudala zerbait sortzeko.

Hiretzako zer eduki behar dik kanta on batek, hik egindakoa izan (bazekiat horretan are eta zorrotzago haizela), edo beste batena izan?

Ba oso argi erantzungo diat: niretzako bi gauza izan behar dizkik. Bata, kantak nonbaitera, leku edo sentsazio batetara eraman behar nauela, eta gero, noski, ondo ekoiztuta egon behar duela, soinu onarekin, edo zentzua eduki behar dik ekoizpenak, artista sortzen ari duan musikarekin. Soinu ona eta ideia berrien oso zalea nauk.

Ño, hori duk gauzak garbi edukitzea, baina heure kantekin hori lortzea ez duk erraza ezta?

Ba ez. Ikusten dituk nire begi-zulo hauek ezta? Ba horren ondorio zuzena duk.

Hire lana aurkeztuz, heu sekula baino biluziago azalduz, Ke Lepo izenarekin hator eta “Izpi” duk diskoaren izena. Kontatu zerbait gehiago… Nondik izen hori, hire lanak lepo beti edukitzen dik, baino ke-tik baino gehiago mamitik izaten dik…

Klub edo diskoteketan sortzen den giroa beti gustatu zaidak. Askotan ke olatuak askatzen dizkiate, eta ke horretan musika gozatzen murgilduta dagoena, bakarrik zegok, diskoteka beteta egon arren, bakarrik, giro horrek heure lekura eramaten hau, esentziara, heure buruarekin konektatzera. Izarraitz puntan egunsenti bat gozatzean sentitzen haizen leku berberera, heure lekura, bakarrik.

Izpi diskoaren izena berriz, izen bereko kantua sortzean sentitutakoarekin zagok lotuta. Egunsentian, mendian, basoan, goizeko behe-lainoa zulatuz, zuhaitz artetik sartzen diren argi izpiek sortzen duten irudi eta sentsazioa sentitu nian, eta horixe izan duk diskoa hoberen laburbiltzen duen izenburua.

Ke eta Izpien laguntza izan arren, zalantzak izan dituk lan hau kaleratzeko? Heu haizen bezala agertzeko?

Ba bai, hasieran bertigo dezente, nahiz eta hainbeste urtetan musika egin, grabatu eta kaleratzen egon… Zertan ari nauk? Neure bakarkako lana kaleratzen? Baina kanten sormen eta ekoizpenean zenbat eta gehiago sartu, beldurrak desagertu egin dituk.

Orain ikusi diat zuzenekoak prestatzen habilela jo eta su.

Bai motel, disko etxeko Aitorrekin egindako tratu bakarra zuan, ez niala zuzenekorik egingo. Eta begira iezaiok, hemen ari nauk jo eta su honekin, diskotik zuzenekora aldaketa dezente egiteko gogoa baitiat, zerbait gehiago eskaini eta batez ere zuzenean bertan gauzak egin eta sortu, ez play botoia sakatu eta listo.

Eta noski, hi nola perfekzionista ez haizen… ba beste gau mordo bat lo askorik egin gabe ezta??

Holako zerbait jejeje!!

Portzierto… nahikoa garagardo edukiko diagu elkarrizketa bukatzeko ezta? Badakik gu hitz egiten hasten garenean…

Lasai motel, gezurra ematen dik hainbeste ezagutzen nauala…

Non eta nola grabatu eta nahastu duk diskoa?

Ba disko osoa etxean neuk egin eta grabatu diat, eta, nola ez, nahasketak Eñauten Gaztain estudiotan. Badakik Eñautek daukan magiarekin, dudarik ez nian soinua oso ona izango zela, eta halaxe izan duk oraingoan ere… beste behin ere.

Eñaut aipatu duanez, nor duk hiretzat Eñaut?

Uff, ba Eñaut nire lagunik onena duk. Elkarrekin bizipen oso onak bizi ditiagu. Musika asko egin eta aztertu diagu elkarrekin, eta agertoki gainean konexio handia diagu. Begirada xinple bat nahikoa duk bestea zer pentsatzen ari den jakiteko.

Eta horretaz gain, suertez, biok pasio berdina eduki diagu eta musika munduko ikerketa fase eta bidaia, batera egin diagu. Entseguko lokal eta bereziki agertoki munduan sartu ninduena bera izan huen. Bere iritzia beti duk garrantzitsua niretzat, nahiz eta askotan elkarrekin haserretu. Grabaziotan txapa handia emandakoa nauk, jajajajaj!

Eta aipatu nahiko nikek, baita ere, herriko musika mugimenduan asko eman eta ematen dena dela Eñaut. Talde eta musikari berriak beti besoak zabalik hartu baitizkik, dakien guztiaz busti eta lagunduz.

Madril, Bartzelona, Mexiko… leku askotan ibili haiz, baina egia duk Zestoan zerbait berezia badagoela, edo jendeak hori esaten dik…

Nik uste diat gazte asko musika eskolatik pasa direla, eta jo duten musika tresnari eta musikari orokorrean errespetua diotela, eta horretaz gain sormena errespetatu eta balioa ematen diotela. Esango nikek, baita ere, bertan egon diren hainbat eta hainbat talderen artean beti egon dela erlazio ona, elkar laguntzeko eta motibatzeko grina. Uste diat honek asko laguntzen duela, lanean jarraitzeko gogoa piztu eta bizirik mantenduaz.

Talde eta proiektu guztietan zeudek momentu zailak, baina beste taldeak ikusi eta bizitzeak ematen dik aurrera jarraitzeko indarra, eta askotan jakituriaren transmisioa ere bai, ez baituk erraza gauza asko heure kabuz deskubritzea.

Eta esan beharra zaukaat Zestoan musika taldeez asko hitz egin dela baina badagoela estena elektroniko oso interesgarria ere: HGS, Costmix, i3re eta Elba D.j. bezalako jende interesgarriarekin. Julius MC-k egindako bide arrakastatsua ahaztu gabe noski.

Zer botatzen duk faltan Zestoan??

Ba musika taldeek entseatu ahal izateko lokal egoki bat, eta noski kontzertuak antolatzeko ondo egokitutako Gaztetxe bat, areto duin bat, aurreko urte hauetan guztietan gertatu den bezala; Gaztetxea baita herrian musika kontzertu desberdin bezain interesgarriak antolatuko dituen elkartea, gainerako musika elkarteen laguntzaz. Boluntario gisan hainbeste lan egiteko prest dagoen ezinbesteko jende baita. Beti irudikatzen diat, zahartzen naizenean, ostiral gauean aretora joan eta talde eta proiektu berriak gozatzeko aukera izatea Zestoan.

Sake erremateak…

Zer?

Hire sintetizadore gustukoena?

Roland Juno 106, ez nikek ezergatik aldatuko.

Hiru musika talde?

Kabroia… galdera zaila… Smashing Pumpkins, Radiohead, Bon Iver… Eta elektronikan: Four Tet, Floating Points.

Ikusitako zuzeneko onenak?

Dedioooo…. Azkenaldian uste diat gertuko eta leku txikietako kontzertuek askoz gehiago esaten didatela baina… M83, Muse (Donostiako Belodromoan)…

Kontzerturen bat gustura joko hukeen lekua?

Ba hurrengo hiru zuzenekoak, Donostiako Altxerrin, Bergarako Kartzela Zaharrean eta Durangoko Azokan izango dituk, eta ikaragarrizko ilusioa egiten zidak bertan izateak.

Zaila egingo al zaik, taldearen babesik gabe, heure trasteak hartu, kotxean sartu eta zuzenekotara joatea??

Ba bai, oso desberdina izango duk, berria, neu bakarrik, neure kezka eta ilusio guztiekin…

Zer iruditzen zaik emango duela Ke Lepok?

Ba Grisesen hasieran sentitu nian bezala, ilusioa, abentura berri bat hasteko gogoa, bidaia berri batean murgiltzeko gogoa, bizipen berri asko eta asko bizitzeko gogoa. Horixe duk ni mugitzen nauena eta arriskatzeko gogoa sortzen didana.

 

Ba Ke Lepoko abentura honetarako zortea opatzeaz gain eskerrak eman nahiko nitizkek.

Lehenik eta behin, gaur arratsaldeko berriketaldi honengatik, ondoren azken 20 urte hauetan egin duan musika guztiagatik, ikaragarri gozatu baitiagu hire kanta, sinte melodia eta akordeekin. Eta azkenik sortu duan disko zoragarri honengatik, benetan leku ederretara bidaiatzeko modu erraza baituk entzuleentzat.

A, eta beste gauzatxo bat: segi ezak musika egiten, bizitzen eta gozatzen, geuretzako ere fabore ederra izango baituk.

Ke Lapo “Izpi” Durangoko azokan salgai.

Diskoetxea: Forbidden Colours.

Nahasketak: Gaztain Estudioak.

Diseinua: Xerra Estudioa.

Datozen kontzertuak:

Abenduak 9, goizeko 11:00etan, Durangoko azokan.

Aritz Cestona




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide