Paperekoa

Jardunian – HARITZ CESTONA

BIZITZAKO ILUSIOEI EUSTEN

Tekniko ikasketaz, musikari pasioz eta liburu saltzaile lanbidez. Herritar askok izenez baino errazago ezagutzen dute andereño Begoñaren seme gisa. Badira urte batzuk Zestoan bizi ez dela, nik ez nuen haren berri eta film labur baten grabaketan ezagutu ginen. Momentuan bertan konturatu nintzen ez zela pertsona arrunt bat, badu zer esan eta zer egin. Garoa liburu dendaren oihartzuna gero eta handiagoa da, eta bertan murgilduta dabil Haritz.

Eseri eta grabagailua martxan jarri aurretik, kafea eta ur botila bat mahai gainean, mundua konpontzen hasi gara; elkarrizketa filosofikoa hurrengo baterako utzi dugu.

Haritz, esaiguzu zestoarroi nolakoa den andereño Begoñaren semea izatea.

Oso polita izan da beti. Pertsona bat ikusi gabe urteak egon eta topo egitean, gertatu izan zait esatea: zu andereño Begoñaren semea zara.

Belaunaldi asko pasatu dira amaren eskuetatik eta nahiz eta herritar batzuekin harremanik ez izan, ederra da; sinpatia moduko bat sortzen da. Beti dago jendearekin lotzen zaituen zerbait, eta kasu honetan entzundako guztiak onak izan dira. Gainera guztiek dute amak lanean izan duen pasioaren eta maitasunaren berri eta horren fruituak jasotzea zoragarria da.

Zuk ez duzu irakaskuntzaren bidea hautatu…

Hemezortzi urterekin zerbait aukeratu beharrean nengoen, behin ere ez zait iruditu ikasketak aukeratzeko adin egokia denik. Gainera, hemezortzi urterekin mundua ireki zitzaidan: mendian asko ibiltzen nintzen, eskalatzen… Ikasteko ez beste gauza guztietarako gogoa nuen. Baina zerbait aukeratu behar eta inertziaz edo Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egiten hasi nintzen. Orain iruditzen zait nire antitesia dela. Sei hilabetera utzi eta berriz ere zerbait aukeratzeko behar horretan nengoela, mantentze lanetan eta muntaketan oinarritutako ikasketak egin nituen Elgoibarren.

Lanean hasteko aukera izan nuen baina garai hartan Lin Ton Taun taldean eta musikaren munduan oso sartuta nengoen. Arrasaten tekniko lanak ikasi nituen eta gustura eta eroso nenbilen saltsa hartan.

Noiz arte iraun zuen momentu ahaztezin hark?

Bi urte eder izan ziren. Ondoren, lehengusuak Azpeitiko Biele enpresan langile bila zebiltzala esan zidan eta oso seguru egon ez arren, konturatzerako lanean hasi nintzen. 2000. urtea zen.

Lanerako toki ederra, lankide zoragarriak, lanarekin gustura, kanpora irten beharrik ez nuen izaten eta ordutegi aldetik luxua zen. Muntaketan eta biltegian ibili nintzen, eta oso eroso sentitzen nintzen, entretenigarria zen.

Baina…

Baina beti pentsatu nuen zerbait falta zitzaidala, hura ez zela nire tokia. 2014an lana utzi nuen, oso nire estilora utzi nuen: pisua ordaintzen, nire gastuekin… eta hala ere uzteko erabakia hartu nuen.

Gaur egun lan “finko” bat uztea oso buru gutxitan sartzen da.

Bai, baina orduan utzi izan ez banu, gero zailagoa izango zen. Ez zen erabaki erraza izan, baina banekien han ez nuela amaituko. Erokeriarik handiena egin izan dudanean ere, ingurukoak beti izan ditut laguntzeko prest. Baita orduan ere. Egoerak beldurra ematen zidan, baina nire buruak gehiago beldurtzen ninduen. Garai hartan, berriz ere musikari ordu asko eskaintzen nizkionean, Zarauzko Garoa liburu dendako Imanol eta biok oso lagunak egin ginen; eta haiei paperezko kontzertuak prestatzen laguntzen hasi nintzen. Kasualitatez, orduantxe, Garoako langile batek lana utzi zuen, eta Imanolek liburu dendako lana proposatu zidan.

Jarrera oso baikorra neukan eta gauzak etortzen hasi ziren.

Zer da Garoa proiektua?

Garoa Zarauzko liburu denda bat da, duela berrogei bat urte ingurukoa. Gaur egun jabeak bi anaia dira. Orain dela gutxi liburu dendari berritu sakon bat eman eta hainbat gauza antolatzen hasi ziren, liburu denda hutsa izateari utzi nahi zioten: kontzertuak eskaini, irakurle taldeak osatu, liburuen aurkezpenak egin eta egunetik egunera modernizatu. Beti esaten dugu liburuen inguruan gauzak gertatu egin behar dutela.

Ikusita Zarauzko denda emaitza onak ematen ari zela, Imanolek (bi anaietako batek) Donostian beste liburu denda bat irekitzeko ideia izan zuen. Duela bi urte ireki zuten Groseko lokal zoragarri hori.

Donostian hain konpetentzia handia, eta arazoak izanda ere, proiektua ezagutzeko eta sendotzeko berrehun ekitalditik gora antolatu zituzten lehenengo urtean.

Kudeatzeko urte zaila beraz…

Kudeatzeko daukaten erari paperezko familia deitzen diote. Familia horretatik hainbat sustrai ateratzen dira: paperezko kontzertuak, paperezko antzerkia, paperezko zinema eta paperezko lagunak (irakurle taldea).

Arrakasta handiena, kanpotik ikusita behintzat, paperezko kontzertuek dutela dirudi…

Bai. Hasieran Zarautzen egiten ziren baina orain Donostian egiten ditugu. Igande eguerditan izaten dira: garagardo eta pintxo batzuk, eta berrogei bat lagun artistaren parean. Liburu bat gomendatzen du musikariak eta nire eginkizuna, askotan, artistaren eta publikoaren artean moderatzaile lanak egitea izaten da. Galderak egiten dizkiot artistari, ez betiko galderak; betikotasunetik aldentzeko, asko aritzen naiz mingainetik tiraka. Jendeak ere galderak egiten ditu eta giro ederra sortzen da, benetako zuzenekoa, alegia.

Zer egin behar da Gari edo Gorka Urbizu gisako abeslariak erakartzeko?

Ba, hemengo artista ezagunek esaten dute zoragarria dela horrelako txoko polit eta formatu erakargarri batean jotzea.

Publiko ezberdina izan dugu eta horrekin jende askorengana iritsi gara. Baina aldi berean polita da jendea ezagutzen hasten zarelako: kalean kasu egiten dizute, kontzerturen batean berriz ere topo egiten duzu… formatu honek asko laguntzen du jendea ezagutzen.

Euskal Herrian ohitura gutxi dugu liburu denda batera joateko eta gutxiago han kafe bat hartzeko.

Bueno, ari da pixkanaka ohitura sortzen baina asko kostatzen zaigu.

Europan eta Estatu Batuetan horrelako lokalak maiz ikusten dira, baina hemen oraindik zaila da. Asko kostatzen da; agian atzerritar bat sartu eta kafe bat eskatuko du baina guri pausoak ematea kosta egiten zaigu eta are gehiago barruan inor ez badago. Bi pertsona eserita badaude, agian hirugarren bat sartuko da baina bestela kosta egiten da.

Azkenean, guztia aurrera eramateko liburuak saldu behar dira, eta gaur egun liburu bat oso produktu garestia da. Benetako erosleak Donostiako emakumeak dira, 55-60 urtekoak, txorakeria bat ematen du baina hala da.

Gros auzoa ere fama hartzen ari da, bertako bizilagunek nola tratatzen zaituztete?

Eusteko esaten digute, zaila da eta badakite. Baina egia esan, auzoan zeresana eman dugu eta asko baloratzen gaituzte. Auzokoek liburu denda berena egin dute eta hori oso pozgarria da.

Garoaren beste oinarrietako bat eroslearekin dugun tratua da. Gaur egun liburu bat Internetez eros daiteke, baina guk liburuei buruz hitz egiten dugu, bezeroari zer behar duen galdetzen diogu, zer gogo duen… Niri betidanik gustatu izan zait bertako batek laguntzea autoan gasolina botatzen eta hitz egitea. Metafora horrek ondo deskribatzen du gure lana.

Beraz, Zestoan horrelako bat irekitzeko asmorik bai?

Kar, kar, kar. Oso zaila da, agian ekonomikoki taberna bat irekitzea hobe, garagardo onarekin.

Euskadi Irratian aritu zara lanean. Zer moduzko esperientzia izan da?

Paperezko kontzertuetan aurkezle gisa ibili naiz batzuetan, eta lehen esan bezala ez zitzaidan gustatzen gauza arruntak galdetzea, adibidez: nolakoa izan da diskoaren prozesua?

Uste dut artistek, haien munduaren barrutik, gauza asko dutela esateko eta hariari tiraka, estutasunetan jartzea gustatzen zitzaidan.

Faktoriako Manu Etxezortu Garoa inguruan ibiltzen zen, gustatu egin zitzaion egiten nuena eta programarako deitu zidan.

Nolako saioak eskaini dituzu?

Hiru abesti aukeratzen nituen eta istorio bat kontatzen nuen. Astean behin joaten nintzen, askotan lagunekin gertatutako anekdotak kontatzen nituen, bestetan igande arratsaldean zerbait idatzi behar eta barrutik irteten diren gauza kuriosoei uzten nien azaleratzen.

Zoragarria izan da urtebetez aukera hori izatea. Orain amaitu dut eta esperientzia oso baliagarria izan da. Nik azkar abisatu nion baserritarra nintzela, ez nekiela nola egingo nuen lan hori baina Garoako elkarrizketak gustatu zitzaizkion eta irratian aritzea eskaini zidan.

Hasieran errespetu handia eman zidan, niretzat esatari guztiak oso jantziak dira, euskara garbian hitz egiten dute eta pentsatu nuen: ni hemen ez nago gauza horiengatik; beraz, nire onena beste modu batean emango dut.

Herriko hizkeran eta hika egiten nuen saioa, oso eroso; eta jendearen erantzuna ere oso polita izan da. Noiz edo noiz jendeak kalean geratu izan nau zoriontzeko.

Konturatu naiz nolako funtzioa duen irratiak, zenbat pertsonengana iristen den eta arma hori barrutik ezagutzea ederra izan da.

Pasioa da hemen exigitzea zilegi den gutxieneko bakarra”

Azkenean inoiz ez zait gustatu nire burua etorkizun batean ikustea. Ez dakit non amaituko dudan, baina 2014an lana uzteko erabakia hartu nuenetik bizitza gauza politak oparitzen ari zait, behar nuena; eta ikasketak egiten nenbilenean inoiz pentsatuko ez nuena.

Donostian, denda ireki genuenean, zinemaldiko zuzendariak honakoa esan zigun: me encantan los suicidas.

Pasioz ez bada, nola arituko naiz lanean inor sartu ez eta askotan orduak amaigabeak egiten diren liburu denda batean?

Nik uste dut hau hasiera dela, jendeak kontzientzia hartuko du eta proiektu honek bere fruituak emango ditu.

Mikel Ibarguren




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg