Paperekoa
JARDUNIAN – Iban Urbieta
— 2016-02-01Bere tokia Perdido-n aurkitu zuen mutilaren istorioa
***
”Mendian ikasi dut gauza gutxirekin ondo bizi gaitezkeela”
Aurtengoa 21.a du. 21. negua Piriniotako bihotzean. Gorizen. Mendikate osoko aterpetxerik enblematikoenetako bateko zaindari. Berak dio bizitzak eraman duela haraino, zortea izan duela, baina Iban Urbieta Etxeberria Beltzak (1969, Arroabea) ere badu bere kulpa partea, berak eman zuelako lehendabiziko pausoa mendirantz.
Nola ailegatu zinen mendira?
Ayra Durex-en hasi nintzen lanean 18-19 urterekin eta, ordurako, astebururo-astebururo mendira, Piriniotara, joaten hasita geunden. 6-7 urte luze egin nituen tailerrean… Pieza bat eta gero beste bat eta gero beste bat eta… Horrela zortzi orduz. Egunero. Astero. Hilabetero… Hura ez zen niretzako, nazkatuta nengoen eta uztea erabaki nuen, Pirinioetara joateko lan bila. Etxekoentzat disgustua izan zen, gozoak jarri ziren: ‘Hik ze pentsatzen dek? Hainbeste jende lanik gabe, eta hik holako lana laga?’ Eszedentzia hartu nuen, baina banekien ez nintzela bueltatuko. 1994ko negua zen, eta orduan hasi zen abentura.
Arroatik irten eta nora jo zenuen?
Gurasoen etxetik irten aurrenekoz eta Candanchun topatu nuen lana, eskiak alokatzeko denda batean. Garai hartan Pepe Garcés mendizaleak aterpetxe bat ireki zuen Candanchun eta ni beti hara joaten nintzen mendizale giroan egotera. Sarritan topatzen nituen mendirako asmoak zituztenak eta haiekin joaten nintzen libre nuen bakoitzean. Pixkanaka harremanak sendotu eta lagunak egin nituen.
Hurrengo udan Benasquera joan eta gida titulua atera genuen –ez zen orain bezala; di-da lortu zitekeen orduan–. Horri eskerrak arroila-jaitsieretan taldeak gidatzen hasi nintzen Broto herrian, Ordesako bailaran. Eta horretan ari nintzela Gorizeko aterpetxeko zaindariak deitu zidan telefonoz. Javier Olivar zuen izena –nik ez nuen aurrez ezagutzen– eta esan zidan Aragoiko espedizio batekin joatekoa zela Himalayara, K2ra. Espedizio horretako kide zen Pepe Garcés ere, eta hark eman zion nire berri. Kanpoan egingo zuten denboraldian, aterpetxera janariak igotzen laguntzeko norbait behar zutela kontatu zidan eta ea egingo al nuen. Igo nintzen Gorizera, hizketaldi bat izan eta segituan konpondu ginen. Janariak-eta furgonetan sartu eta mendi-bide batetik igotzen nituen 2.000 metrotan dagoen paraje batera, astean hiru aldiz, eta berak mandoekin azaltzen ziren, handik aterpetxerako garraioa egiteko. Udako lantxo bat zen berez, baina horrek nire bizitza aldatu zuen…
TRAGEDIA K2n
1995eko abuztuaren 13an, arratsaldeko seietan, Bruce Grant eta Lorenzo Ortiz K2ko gailurrera ailegatu ziren. K2, 8.611 metro, munduko bigarren mendirik garaiena. Pixka bat geroxeago Javier Olivar eta Alison Hargreaves iritsi ziren. Eta beste bi pertsona ere ikus zitezkeen tontorretik gertu, poliki-poliki goruntz: Javier Escartin eta Rob Slater. Berandu zen, eta nekatuta zeuden, baina behintzat baldintzak oso onak ziren: Hotz beldurgarria bai, baina haize izpirik ere ez. Ilargi beteko gau barea espero zuten jaitsierarako.
Beheruntz apenas ehunka metro batzuk egin zituztenean, bat-batean, haize-ekaitza lehertu zen. 150 km/h-ko ufadak jo zuten Karakorumeko punta. Seiak hil ziren. Huescakoak ziren Ortiz, Escartin eta Olivar; eskoziarra Hargreaves; estatubatuarra Slater; eta Zelanda Berrikoa Grant.
Menditzarraren maldetan ziren beste espediziokideek behera jo zuten biharamunean, ekaitzari ihesi. Abuztuaren 15ean oinarrizko kanpalekura ailegatzea lortu zuen Jeff Lakes kanadarrak, baina bertan hil zen. Pepe Garces eta Lorenzo Ortas aragoiarrek ere lortu zuten, nola hala, 8000 metrotik beheraino jaistea. Astebete egon ziren goian utzitako lagunen zain, alferrik.
Zer gertatu zen?
Espedizioa ez zen ondo amaitu. Hiru lagun hil ziren, tartean Olivar. Hasieran berriak nahasiak ziren baina gero txarrena konfirmatu zen: Mendian desagertu ziren… Egundoko drama. Asko gerturatu ninduten egun haiek Gorizekoengana, latza izan zen. Kristoren tragedia. Eta, azkenean, Olivarren emazteak esan zidan: “Hik inguru hau ondo ezagutzen duk, mendiko eskia ere egiten duk… Hemen negurako jendea behar diagu, geratuko al haiz laguntzera?” Eta, jakina, baietz esan nion. Hura izan zen aurreneko negua, eta geroztik etorri dira denak segidan. Negua Gorizen eta udak arroila jaitsieratan gidari.
Zerk bereizten du Goriz?
Paraje zoragarrian dago, Parke Nazional batean. Eta mendizale asko pasatzen dira bertatik hiru arrazoirengatik: Geraleku garrantzitsua delako GR11n (Pirinioak hego isurialdetik zeharkatzen dituen ibilbidea); Ordesako bailara ezagutzera etortzen diren askok, Gorizera igoz borobiltzen dutelako bixita; eta, batik bat, Monte Perdidogatik (3.355 m). Mendi horretara igotzeko ordu asko ibili beharra dago eta jeneralean gurean lo egin behar izaten da. Oinez lau orduko bidea dago aterpetxeraino.
Nolakoa izaten da zuen eguneroko martxa?
6:00etan esnatzen gara gosariak ematen hasteko; gero, garbiketa tokatzen da bazkaria prestatzen hasi arte. Gure beste zeregina meteorologia agentziakoentzat datu bilketa egitea izaten da: Tenperaturak, prezipitazioak, haizea… Eta, neguan, astean behin ebaketa egin behar izaten dugu elurretan. Zenbat geruza dauden neurtu, geruza bakoitzeko elur mota, gogortasuna, eta tenperatura erregistratu… Batzuetan egun osoa ematen dugu horretan eta bisutsa ari baldin badu, hori da lanik txarrena. Datu horiekin elur-jausi arriskua zehazten dute. Ia beti guk esandakoa baino arrisku maila handiagoa ezartzen dute.
Barru-giroan egotea zer den ikasteko ez da leku txarra hura, ezta?
Behin, akordatzen naiz, zeropetik 21°C genituela eta haizete beldurgarria zegoen –boladak neurtzeko trepeta ere badugu baina eskuz erabiltzekoa da eta egun hartan ezinezkoa zen kanpoan egotea–… hartu genuen botila bat ur, eta leihotik atera genuen muturrera soka bat lotuta. Ordu erdian harria baino gogorrago zegoen, dena izoztuta. Lehengo garaietan ganbara moduko batean egiten genuen lo eta han barruan ere gertatu izan zitzaigun, lotarakoan ohe ondoan utzitako botilako ura, goizean izoztuta egotea, (kar, kar, kar). Han hasi nintzenean esan zidaten: “Hi lasai, hau leku haizetsua duk, eta ez dik elur gehiegi egiten… metro bete izaten dugu normalean”. Nire aurreneko negu hartan lau metro eta erdi eduki genituen. Ezin irten etxetik.
Edozein hilabetetan bota dezake han, ezta?
Bai. Lehen behintzat abuztuan egun bat edo pare batean beti zuritzen zuen zerbait. Azaro bukeratik apirilera arte zuri egotea da normala. Zen normala. Orain dena aldatu egin da-eta. Lehen, abenduan izaten zen prezipitazio handiena, erruz botatzen zuen elurra Eguberri bueltarako. Gero otsailean-eta, hotza egiten zuen baina hainbesteko elurrik ez. Orain aldatuta dago; udaberrian egiten du elur gehiago. Joan den abendua osorik pasa dut han, eta batere ez du bota.
Zenbat lagun jarduten zarete aterpetxean lanean?
Urteko 365 egunak dago irekita Goriz, eta zeharo aldatzen da udatik negura. Udan zazpi lagun aritzen gara; sukaldari profesional eta guzti. Neguan txandaka egiten dugu: hilabete lan eta hilabete opor. Bi lagun egoten gara. Eta nahikoa. Iazko otsailean, hilabete osoan, pertsona bakarra etorri zen. Ailegatu bi hitz egin eta atzera buelta egin zuen gainera. Horrelakoak ere gertatzen dira. Asteburuetan eskasa baldin badago eta gainera arrastoa ireki gabe… ez da inor ere igotzen. Astebete edo hamabost egun inor azaldu gabe egotea normala izaten da.
Lankidearekin ondo konpontzea komeni…
Getariar batekin daramatzat urte batzuk. Tipo lasaia da, itsasoan ibilitakoa, eta aterpetxeakoak badu itsasokoaren antza…
Bizi erdia daramazu mendian… zu zer zara kalekoa edo mendikoa?
Ni mendian sentizen naiz gustura. Kalean, jende asko dagoen lekuetan, ito egiten naiz. Zorte handia izan dut Gorizen amaitzea. Ez zen nire plana, bizitzak eraman nau haraino. Han ikasi dut gauza gutxirekin ondo bizi gaitezkeela.
Hogei urtean aldaketa asko etorri dira, hara goraino ere bai?
Bai. Garai batean ez genituen gauza batzuk baditugu orain: Internet eta telebista, adibidez. Lehen xakean eta liburuak leitzen pasatzen genituen orduak, orain zaindari bakoitza bere pantailatxoarekin aritzen da. Lehengo garaietan janariak motxilan ekarri behar izaten genituen. Eta hogei kilo bizkarrean hartuta eguraldi petralarekin goruntz joatea gogorra izaten zen. Orain askoz hobeto moldatzen gara, izozgailuak ditugu eta helikopteroak ekartzen dizkigu janariak.
Eta jendea aldatu al da?
Baita. Lehen baino jende gehiago dabil mendian, baina istripu gutxiago gertatzen dira. Formazio hobea dute mendizaleek, gero eta gehiago dira federatuak, kontzienteago dira arriskuez, eta materialak ere lagundu du: GPS nabigatzaileek batez ere, garai batean laino itsua edo ekaitza zegoenean ia ezinezkoa zen galdu gabe ibiltzea eta gaur egun egin daiteke. Perdidoko Escupideran urtero-urtero erortzen zen norbait garai batean, eta orain ez. Escupidera Perdido mendiko gailurretik oso gertu dagoen pasabidea da. Tarte horretan, elurrez eta izotzez estalia dagoenean, erortzen bada mendizalea, oso zaila du gelditzea, eta ia beti amildegian behera erori eta hil egiten da.
Larritasunean dagoen jendeari laguntzea ere tokatzen zaizue aterpetxekooi.
Bai, baten bat falta baldin bada, Guardia Zibilari deitu aurretik, gu ateratzen gara bila. Batzuetan egundokoak ikustea tokatzen da.
Heriotza ikusi al duzu?
Bai, heriotza asko. Asko… [isilik geratu da momentu batez]. Azkena duela bi urte. Kataluniar batzuk etorri ziren, Soum de Ramond (3.263 m) igotzeko asmotan. Kontuan hartu beharrekoak azaldu genizkien eta behin eta berriz esan genien kontuz ibiltzeko gailurra baino lehenxeagoko irtengunean. Biharamunean abiatu ziren denak tropeltxoan eta atzetik talde bereko emakume bat. Taldetxokoei igartzen zitzaien ez zutela emakume hori berekin eraman nahi. Andre horren senarra ez zen joan, aterpetxean geratu zen gurekin. Aterpetxe ataritik tontor aurretxoan dagoen irtengune horretara begira jarri ginen prismatikoekin. Elur gogor-gogorra zegoen, eta tarte hori pasatzeko soka ez zuten behar den bezala erabili. Denak pasa ziren eta azkena iritsi zen emakumea. Bera pasatzea bakarrik falta zen. Nekatuta egongo zen seguru asko –batere harritu ez presa sartu bazioten–, hasi zen igotzen, irrist egin eta han erori zen maldan behera kolpeka 300 metroan. Senarrari esan genion: “Se ha caído tu mujer”, ezin zuen sinetsi. Eskiak jantzi eta han joan ginen. Eta topatu genuen gorpua, zisko eginda zegoen. Dagoeneko irtengunea pasata zutenak shock egoeran geratu ziren, ez ziren gauza ez igo ez jaisteko; helikoperoz atera behar izan zituzten. Buru-jan ederra izango zuten batzuek…
Eta zuek izaten al duzue buru-janik?
Han, horrelako gauzak, gertatu egiten dira. Asko ez dela, batek deitu zigun gauez, ez zuela ingurua ezagutzen baina orduantxe abiatu behar zuela behetik aterpetxerantza. Nik, ezetz, ezin zuela abiatu, gautu zuela eta, egoteko zain biharamunera arte. Konbentzitu genuela uste nuen. Biharamun goizean, 09:00etan, han azaltzen zaigu bat herrenka atarira. ‘Ondo goiz abiatu zara!’, agurtu nuen, eta berak berriz ezetz, bezperan hots egin zuena zela, azkenean abiatzea erabaki zuela eta bidean galdu egin zela, hormatzar bat topatu zuela eta eta gaua kizkurtuta pasa zuela. Izotzak ubelduta zeuzkan oinetako behatzak.
Nolakoa izango da mendiaren etorkizuna?
Frantses baten ipuina irakurri nuen behin. Haren kontakizunean, 2050. urtean, globoz bakarrik bisitatu zitekeen Ordesa. Horrelako zerbait ikuste dut nik, joera dago dena debekatzekoa. Eta badu bere logika: ‘Nola dena txikitzen ari garen, babestutako guneak are gehiago babestu ditzagun’. Baina horretan ere zaila da oreka topatzea. Parke nazionaletako politika da: “Ahalik eta gutxiena esku-hartu”; basorik garbitu ez, elurra kentzeko gatzik erabli ez… Baina, jakina, bideak itxita baldin badaude jendea ez dator Ordesara, eta dirurik ere ez. Bertakoek presioa egiten dute eta azkenean garbitu egiten dituzte bideak. Garai batean, Ordesako jendea parke nazionalaren kontra omen zegoen; orain denak bizi dira parkeari esker, den-denak: Taxiak, hotelak, tabernak, dendak…
Zer moduz ateratzen duzue bizimodua aterpezainek?
Ondo. Lau bazkide gara, mendiko federazioari errentan hartua diogu aterpetxea, eta jende asko hartzen dugu bertan. 12.000 pertsonak egiten dute gau bat behintzat, eta otorduak horiek baino gehiago, uda garaian kanpin dendetan ere izaten delako jendea aterpetxe inguruan. Afaria gaua eta gosaria 30€ da federatuentzat, gainontzekoentzat 40.
Noiz arte ofizio honetan?
Nik honetan jubilatu nahi nuke, ez naiz aspertu.
20 urte pasa mendian lanean, eta oporretan zer? Mendira?
Bai. Kar, kar, kar. Boliviara, Andeak ezagutzera, Nepalera… Bizikletaz ere bai: Madagaskar, Kuba… aurten Mongolian izan naiz.
Gure inguruan ez da izango Pirinioak zuk adina ondo ezagutzen dituenik, zein duzu txoko kuttuna?
Sarri joaten naiz Gavarnie-ko zirkora. Basoa ere asko gustatzen zait eta Bujaruelo ingurua zoragarria da.
Jon Artano Izeta
Egin zaitez bazkide