Paperekoa

JARDUNIAN: ISABEL OLAIZOLA – UDALETXETIK DATOZEN MEMORIAK

Ingurukoak definitzerakoan hitz goxoak eta errespetuz betetakoak erabili ditu Isabel Olaizolak. Uneren batean norbaitengatik pertsona “apala” dela ere aipatu digu. Baina ziur aski Isabel ez da ohartu bera dela pertsonarik apalena. Halaxe baieztatu digu. Emakume langilea eta eskuzabala izateaz gain, gertuko pertsona eta maitatua izan da askorentzat. Endoiako Uztapide baserrian jaio eta ondoren Zestoan bizi izan da. Tabernaria gaztetan eta, herritarrontzat, udaleko langile moduan ezaguna. Berrogei urtetik gora herritarren hainbat aurpegi, hamar alkate eta beste hainbeste jende pasatzen ikusi dituela aitortu digu. Bizitza zabala eta aberatsa izan du Isabelek eta bere hitzekin alboan izan dituen hainbati esker ona adierazi nahi izan dio. Oraingoan, ordea, guri egokitu zaigu eskerrak ematea: eskerrik asko Isabel, zure ateak irekitzeagatik.

Endoian jaio zinen…

Endoiako Uztapide baserrian, 1953. urtean. Bederatzi anai-arreba ginen eta ni seigarrena naiz, anaia bikia dut. Bederatzi urterekin etorri ginen familia osoa Zestoara bizitzera eta haurtzaroko oso oroitzapen politak ditut, baina oso gogorra egin zitzaidan Zestoara moldatzea. Endoian genuen jolas bakarra frontoia izaten zen. Zestoako frontoira joaten hasi ginenean, mutilek ez ziguten eurekin jolasten uzten, eta gaizki pasatzen genuen. Pilotan eta pote-poteka bakarrik genekien jolasten. Gainera, eskolan barre egiten ziguten erdaraz ez genekielako.

Eta ondoren? Noiz hasi zinen lanean?

Eskolan nenbilela familiak taberna ireki zuen Zestoan eta, hamalau urte nituela, lanean hasi nintzen tabernan laguntzen. Nire lehenengo lana hura izan zen. Garai hartan, zenbait gazte kuadrillak euskaraz oso gutxi egiten zuela oroitzen naiz. Oso bestelako garaiak ziren: txikiteoa, berbena asko antolatzen ziren udaran, frontoian ere giro ona izaten zen…

Uztapide bertsolaria zure osaba zen. Nola gogoratzen duzu?

Pertsona apala zen osaba, ikasketarik ez zeukan apenas. Nire aita zenarekin Nafarroara joan zen etxe batera morroi, erdaraz ikasteko.

Lagun asko zituen hemen, eta tarteka etortzen zen bisita egitera. Ukitu ironikoa ematen zien bere hizketaldiei, baina pertsona apala zen. Familia giroan bertso batzuk botatzen zituen eta betidanik izan dugu bertso grina familian. Aizarnan ere bazen beste bertsolari bat, Patxi izena zuen; beti aritzen zen osabarekin bertsotan.

Guardia zibilak nahiko sarri ibiltzen ziren hemen, Francoren garaian, eta udaletxean lanean nenbilela askotan gerturatzen ziren. Gogoratzen naiz behin osabari esan niola nola guardia zibil batek “Tu tío es Uztapide? Dale recuerdos de parte mía” esan zidala, baina ez zion grazia askorik egin. Hala ere, kontu hori gauza normaltzat hartu zuen. Izan ere, bertso saioak egin aurretik paperak aurkeztu behar izaten zituzten guardiazibiletan, nahiz eta hori batere ez gustatu. Hortik ezagutuko zuten. Haserre asko izaten omen zituzten guardia zibilekin.

Garai hartan herrian zegoen bertsolaritza zaletasunari buruz zer esango zenuke?

Zaletasun handia zegoen, bai. Saio asko egiten ziren herrian, festetan beti. Auzoetan ere bai. Endoian asko egiten ziren. Familian ere denok izan dugu zaletasuna, nire anaia ere, bolada batean, ibili zen bertsotan, alaba Amagoiak ere lehiaketaren bat irabazi zuen bertso-paperetan, iloba Gorka ere aritzen da… Baina bertsolaritza asko aldatu da ordutik. Ordukoa beste modu bateko bertsolaritza zen. Nahiz eta ikasketarik gabeko jendea izan, bertso sakonak botatzen zituzten orduko bertsolariek.

Emakume langilea izan zara betidanik…

Bizi osoa lanean pasatu dut. Hemezortzi urterekin hasi nintzen udaletxean lanean. Tabernan nenbilen lanean, orduan Julian Arozena zegoen alkate, eta nire anaia haien hotelean zebilen lanean. Julianek ea udaletxean lan egiteko prest zegoen norbait ezagutzen zuen galdetu zion. Anaiak nire izena eman zion, beti esan izan niolako bulego batean lan egin nahi nuela. Plaza atera zuten, bi bakarrik aurkeztu ginen eta nik lortu nuen postua. Garai hartan inork ere ez zuen nahi izaten udaletxean lana egiterik, soldatak oso baxuak zirelako. Goizean tabernan, eta gero, arratsaldez, udaletxean egiten nuen lan.

Nola zegoen egituratuta udala orduan?

Orain baino askoz jende gutxiago aritzen zen lanean; adibidez, gizarte-laguntzailerik ere ez zegoen. Hiru pertsona eta udaltzainen bat izango ginen; bulegoan, Julian Aranguren, Inixio Andres eta ni neu. Ni hasi nintzenean, zortzi mila pezeta irabazten nituen, eta handik pare bat hilabetera, gizarte-segurantzako deskontuak zirela eta, zazpi mila pezeta inguru. Hasieran, arratsaldez, lau-bost ordu egiten nituen eta gero goiz eta arratsalde hasi nintzen.

Udaleko lehen urte haiek frankismo garaikoak ziren. Nola bizi izan zenuen denboraldi hura?

Oso bolada gogorra pasa genuen. Gogoratzen naiz, orduan 22 urte inguru izango nituen, nola Zumaiako guardia zibilak etortzen ziren kateekin, iluntzero zortziak aldera. Manifestazioak eta kontzentrazioak izaten ziren eta kale bazterrean harrapatzen zuten edozein eramaten zuten.

Nire anaia bat ere sartu zuten kartzelan. Guardia zibilak etxera etorri ziren, gelaraino sartu eta eraman egin zuten. Une zailak izan ziren. Laneko kontuak zirela eta, guardia zibilek ere ezagutu egiten ninduten, kuartelera sarritan joan behar izaten genuelako “certificados de buena conducta” eta horrelakoak eskatzera. Eta anaiarengatik galdetzen zidaten, ironiaz “A ese tu hermano le tenemos fichado…” esanez, adibidez.

Franco hil ostean gauzak baretzen joan ziren, baina garai haiek oso gogorrak egin zitzaizkidan.

Udala nola aldatu da ordutik?

Ni lanera sartu nintzenean, hiru lagun bakarrik ginen bulegoan. Arratsalde batean, lanean ari nintzela buru zuridun gizon bat agertu zitzaidan, maletin batekin: “Soy el nuevo secretario, dónde está el alcalde?” esanez. Errespetu handia ematen zuen. Horrela hasi zen idazkari berria gurekin lanean. “Comandante de aviación” zen, militarra, Vicente zuen izena. Udaleko aldaketak pixkanaka etorri dira, baina asko aldatu da guztia.

Eta euskara udalean?

Imajinatu egoera, EGA berrogei urterekin atera nuen. Aktak euskaraz egin behar ziren eta nola edo ahala moldatzen ginen Sebastian eta biok. Aurrekoan, adibidez, euskaraz idatzitako garai hartako akta bat topatu nuen eta ikaragarrizko lotsa pasatu nuen, garai hartan idazteko oso gaizki moldatzen baikinen.

Lehen dena eskuz egiten zen eta lan handia zegoen: soldadutzari buruzko lanak, erroldako kontuak, uraren ordainagiriak, dokumentuen sarrerak eta irteerak, idatziak bidaltzea… Baina dena erdara hutsean eta eskuz egiten zen. Soldadutzari loturiko lanak ere egin behar izaten genituen: kintoak pisatu, neurtu… Hori guztia intsumisio mugimendua martxan jarri eta soldadutza bertan behera uztea lortu arte. Mugimendu horretan gure Fernando aurre-aurrean izan genuela aipatu nahiko nuke.

Vicente militarrak postua utzi zuenean, beste bi idazkari pasatu ziren, eta gero Sebastian Larrañagak hartu zuen postua. Harekin ia hogeita bederatzi urte egin nituen lanean.

Zer esango zenuke Sebastiani buruz?

Oso lagunak egin ginen. Hogeita bederatzi urtean ez zidan ahotsik altxatu. Azken urteak oso gogorrak izan ziren guretzat. Herria benetan maite zuen. Pertsona oso apala eta lanari entregatua oso, “Hay que sudar la camiseta por Zestoa” esaten zuen beti. Lankideez gain lagunak ginen, bere emaztearekin ere oso harreman ona daukat. Mundu guztiari laguntzeko prest zegoen, jendeari harrera ona egitea zen bere legea.

Haren gaixotasuna oso gaizki eraman genuen, beti zegoen minez eta asko kostata jo zuen medikuarengana. Tumore bat zeukala adierazi zigunean, mundua gainera erori zitzaigun (dio emozioz). Prozesu osoan bere alboan egon nintzen: bere etxera joaten nintzen ordenagailuarekin eta aktak hantxe egiten zituen. Beti esaten zuen, ahal zuen bitartean lana egiten jarraituko zuela, ez zuen lana utzi nahi, ez zuen bajarik hartu nahi. Bitartean, Ixiar emazteak pintxo goxo batzuk prestatzen zizkigun. Etxetik egiten zuen lan. Gero nik dokumentuak udaletxera eramaten nituen tramitatzeko. 2011ko abenduan joan zitzaigun, 49 urte inguru zituen orduan.

Nire laneko bizitzan pertsona garrantzitsuenetarikoa izan zen Sebastian, oso ondo konpondu ginen elkarrekin eta asko ikasi nuen harekin.

Eta gainerako lankideak?

Sebastianez gain beste hainbat idazkari pasatu dira udaletik. Haren ondoren zumaiar bat, eta gero Ander Zestona, oraingo idazkaria, etorri zen. Beste lankideak Izaskun Serna, Marian Larrea, Nora Palmitano, Fernando Arzallus… denekin harreman ona izan dut. Gustatuko litzaidake haiei guztiei esatea denek izango dutela txoko txiki bat nire barnean eta elkarrekin izandako harremanarekin jarraitu nahiko nukeela.

Askotan tokatuko zitzaizuen entzutea udal langileek asko irabazi eta lan gutxi egiten duzuela…

Beti egon da hori, baina udal langileek beti izan dute lan egiteko kontzientzia, nik uste. Lagunek ere esaten didate ea zertan pasatzen dugun denbora. Baina lan asko izaten da egiteko. Askotan orduz kanpo lanean aritu izan gara eta inork ere ez daki lanean ari zarela. Lana serio egiten da eta herritarrei egoki erantzuten saiatzen gara.

Zure lanari buruz pasio handiz hitz egiten duzu, baina dagoeneko jubilatu zara…

Oso gustura ibili naiz lanean, baina baneukan jubilatzeko gogoa. 63 urterekin jubilatu naiz. Hasiera batean, erabakia hartzea asko kostatu zitzaidan, baina orain oso gustura nabil. Udaletxean sei hilabete lehenago jendeari esaten hasi nintzen, eta ez zidaten sinisten.

Urtearen bukaeran lankideok bazkari bat egin ohi dugu beti, ohitura da. Azkeneko urteetan ez nintzen joan, baina aurtengora, Erkudenek esan zidan joan egin behar nuela, eta halaxe egin nuen. Bazkalostean, opariz josi ninduten: loreak, argazkiak… Abenduaren 23an, azkeneko egunean Anderrek pintxo batzuk ekarriko zituela esan zidan, hamaiketakoa ekarriko zutela. Baina 11:00etan ez zegoen ezer. Ezustean, geroago, udal langile guztiak gerturatu, kaleko langileak ere etorri ziren, eta dena jatekoz bete zuten. Bitartean, loreak, liburuak eta opari pila bat eman zizkidaten. CD bat grabatu zidaten despedida moduan eta Sebastianekin egiten genituen jatorduak, argazkiak, etab. agertzen dira. Oso agur polita egin zidaten, hunkigarria benetan.

Orain oso pozik nabil. Denboraz jaiki, egunean bi egunkari irakurri eta paseo asko egiten ditut. Bilobekin ere denbora pasatzen dut arratsaldetan eta pila bat irakurtzen dut egunean zehar.

Eta zure betiko lanpostua beste norbaitek hartuko du orain. Zer esango zenioke?

Garrantzitsuena lankideen arteko giro ona bermatzea dela, eta gure lana herritarrei ondo erantzutea dela, erraztasunak eskainiz. Hori da gure lana, eta hori da garrantzitsuena.

Janire Diaz




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide