Albisteak
[JARDUNIAN] Itziar Etxeberria, bio bezain “chic”
— 2023-10-18Itziar Etxeberria Aizpurua (Itziar, 1981) ofizioz elektrikaria da, Elgoibarren egiten du lan makina erreminta munduan, baina oso bestelakoa du afizioa, betidanik landare, sendabelar eta kosmetika naturalen mundua gustatu izan zaio. Itziarren jaioa bada ere, Arroabean bizi da azken hogei urte hauetan.
Elkarrizketa menta usainean egin dugu, Itziar lurrin difusorea hartuta etorri baita. Mentak bizitu egiten omen du. Hitzordua bazkalondoren zenez, logura sartuko zitzaigun beldur zen nonbait, baina ez dago horren arriskurik, a zer nolako kontu interesgarri eta gomendio pila eman digun.
Konta iezaguzu aurrena nondik datorkizun zaletasuna.
Itziarren, baserrian jaioa naiz, amamaren botikak, limoia eztiarekin eta berbena kataplasma artean. Gogoan dut txakurrari nola sugeak heldu zion eta berbena kataplasmarekin sendatu zioten. Aitona-amonak ez nituen ezagutu, baina gure amaren ama lore saltzailea zen, baserritik Debara jaisten zen saltzera. Ondoko baserriko amona zen botika zalea.
Baserritik Debara joan beharra izan genuen bizitzera eta orduan hasi ginen kalean belarrak faltan botatzen. Paseatzera ateratzen ginen ama eta biok belarrak non hazten ziren fitxatzera.
Eskolan berandu hasitakoa naiz, sei urterekin edo, eta amak kontatzen dit, beti anginekin ibiltzen nintzela eta azkenean operatzea erabaki zutela; baina, halako batean, Galiziako kamioilari batek jarabe bat egin omen zidan azenarioa, tipula eta beste gauza mordo batekin eta besoan masajeak ere eman zizkidatela… eta gaur arte.
Zeure kabuz noiz hasi zinen?
Autodidakta izan naiz pixka bat. Kremak eta zaintzea asko gustatzen zait, eta gaztetan nahi adina krema erosteko dirudik ez nuenez, liburutegira joaten hasi nintzen. “La botica de la abuela” liburuan eskura nituen gauzekin egiteko moduko erremedioak aurkitzen nituen; ilerako, morena jartzeko, aurpegiko gaztetako granoetarako… Orduan, gauza estetikoagoak.
Alaba izan zenuenean zerbaitetaz konturatu zinen
2008an jaio zen alaba. Orduan, konturatu nintzen, merkatua gainsaturatuta zegoela. Belar dendetan ere denetariko kremak aurkitzen nituen eta, osagaiak begiratuta, konturatu nintzen gehienek antzekoak zeuzkatela. Moskeatzen hasi nintzen eta umeen produktuak izanda gehiago, gainera. Informazioa biltzen, marketing mundua ezagutzen eta marka gutxi batzuk aukeratzen hasi nintzen. Osagaiei begira, kremak egiteko gai nintzela konturatu nintzen eta hala hasi nintzen ikastaroetara joaten eta xaboiak neuk egiten. Behin, alabaren irakasleak gelara gonbidatu ninduen eta hor hasi nintzen tailerrak ematen.
Eta jarraitzen duzu ematen gaur egun ere…
Guraso elkarteetatik deituta hasi nintzen aurrena, haurrentzat. Behin merendola batean xaboien tailerra emateko eskatu zidaten eta ama batek esan zidan: “eta guretzat ezin duzu?” Hor hasi nintzen gehiago ikasten eta ikasitako horren berri ematen… Arroagoian 8-9 urtean edo eman dut, Arroabean ere bai, eta, tarteka, baita Zumaian ere. Gaztelekutik Aizarnan eta Iraetan ere izanda nago. ASOCIDE-n ere bai, Gipuzkoako gor mutuen elkartean.
Gustuko dut jendeari beste aukera bat badagoela ikusaraztea. Izan ere, garestiena ez da beti onena eta ez dago ezinbestean erosi beharrik, zuk zeuk egindakoa balioan jartzea gustatzen zait. Ikastaroetan nik dakidana konpartitzen dut, besteenak ere jasotzen dira eta denon artean erremedioen bilduma osatzen dugu.
Eskoletara ere joaten zara?
Zumaiara joan nintzen alabaren gelara LH6 arte, eta orain, Arroako eskolara joaten naiz semearen aitzakian. Xaboiak, koloniak, bainurako gatzak, ukenduak… egin ditugu. Haurren batek kolperen bat hartzen badu, Itziarren ukendua eman eta poz-pozik.
Eskola berria egin zenean, baratza proiektua egin genuen. Zatitxo bat gelditu zen libre eta hor txoko aromatikoa jarri genuen. Mantentzen saiatzen naiz eta bertan jasotakoarekin gelan zerbait egiten dugu. Aurten eltxoak usatzekoa egin dugu menta eta ezkaia eta beste belar batzuekin.
Hasieran dena nahi duzu jakin, zenbat eta belar gehiago ezagutu orduan eta gusturago. Gero, ordea, konturatzen zara lau belar ondo ezagututa nahikoa dela. Olio mazeratuetan ere lehen 20 poto jartzen nituen, eta azkenean 3-4 erabiltzen dituzu, beti berdinak, bakoitzak 4-5 edo 10 gauzetarako balio baitizu; minetarako erabilienak jartzen ditut.
Maiz gertatzen da guk landare bat identifikatuta daukagula gauza batzuetarako, baina beste erabilera batzuk ere badituela; azeri buztana esaterako, giltzurrunetarako dugu identifikatuta, baina harekin gargarak egiten badituzu, zikin pila aterako dizu.
Zergatik gara batzuk horren “pro” eta beste batzuk horren “anti”?
Ba nik uste dut erosotasunagatik dela. Oso erraza da buruko mina dugunean pastilla bat hartu eta horrek kentzea, baina gero eta ebidentzia zientifiko gehiago daude esaten dutenak ezin dugula horrela jarraitu; etengabe “Ibuprofeno”, edo lo egiteko eta antsietatearentzat jendeak hartzen duen pastilla pila hori errezeta gabe hartzen.
Ni medikua ez naiz, eta hori garbi azaldu nahi izaten dut beti, baita ikastaroetan ere, niri funtzionatzen didana azaltzen dut, belar bakoitzak zein propietate dituen ikasi behar da aurrena, baina bakoitzak bere frogak egin behar ditu poliki-poliki bere buruarekin, neurriak eta eraginak ezagutzeko.
Belarrekin gorputzei zerbait naturala sartzen diezu eta zure gorputzak lana bere sinkronizazioarekin egiten du, ez dizu egun batetik bestera inflamazioa jaitsiko, gutxinaka joango da. Gizarteak, ordea, azkartasuna behar du. Belar urak hartzen egon egin behar zara, eta gorputza indartzen joango zaizu, sistema immunologikoa ere bai…
Belarrek beldurrak ere sortzen dituzte ezta?
Niri jendeak esaten didanean, asuna hartzeak beldurra ematen diola, esaten diet: “kontuz ibil zaitez lixibarekin, edo erreparatu ondo zein produktu erabiltzen ari zaren ontziak garbitzeko eta ez zaitzala kezkatu horrenbeste asuna hartuta zer gertatuko zaizun”. Gauza denak bezala, bere neurrian hartu behar dira, hori bai.
Konturatu gabe zenbat gauza toxiko erabiltzen ditugun, ezta?
Ba pentsa, goizean jaiki eta aurrena hortzetako pasta, aurpegia garbitzeko zerbait, tonikoak, perfumeak, serumak, hidratatzaileak, dutxako gelak, txanpuak, maskarak, hatzazalak margotzekoak, makilajea, desodoranteak, ilea tindatzekoak, espumak, lakak… Jantzi duzun arropa, erabili duzun garbigarria, ontzi garbigarriak… Hori jatekoa alde batera utzita! Gaztetxoen artean dagoen diabetesa, txikitatik azaleko arazoak…ez da harritzekoa. Pentsatzen jartzen banaiz beldurtu egiten naiz.
Zer da zure ustez aurren-aurrena kendu beharko genukeena?
Kosmetikan zentratuko bagina, desodorante konbentzionalak, eguzkitako krema kimikoak eta detergente eta leungarriak. Zoratu ezin gara egin, oso zaila da dena perfektu egitea, baina jaten duguna zaindu, kosmetikan ahal dena kendu, gauzak berrerabili, denda handietako plastiko pila hori ekidin…
Kosmetika naturalak ere denbora behar du gorputza orekatu arte. Eman diozun zikinkeria guztia bota behar du aurrena, eta horregatik hasieran batzuetan granotxoak, mantxak edo grasa ateratzen da. Zikinkeria hori barruan baino hobeto dago kanpoan.
Artisau azoketan ere ibili zara
Aurreneko aldia Zestoako artisauena izan zen, 2015ean. Azokena egundoko lana da, kremek eta kontserbatzailerik ez dutenez, ez dakizu zenbat egin eta horregatik nahiago dut eskaera pertsonalak egitea. Gainera ez da berdina krema hidratatzailea udarako edo negurako egin, norentzat… Horrez gain, uste dut, jendeak ez duela baloratzen olioa 40 egunez eguzkitan eduki dudala, justu San Joan egunean jaso dudala… Mirari azkar eta merkeak nahi ditugu.
Eta jendeak eskaerak egiten dizkizu?
Bai. Orain gutxi azkena, batek perfume solidoa eskatu zidan. Oso erraza da; erle argizaria, karite gurina eta koko olioari olio esentzialak gehitu eta listo. Aromaterapiak emozioak asko lantzen ditu eta gaixotasun asko barrukoak, emozionalak direnez, bihotz ondoan emateko edo diafragma aldean igurtzita zoragarri datozkigu.
Zeure marka propioa ere baduzu
Aurreneko azoka aurretik Fuerteventuran nengoen ahizpa bisitatzen eta haren bikoteak denda bat zeukan eta esan zidan: “Txoko honetarako biochic apala ondo etorriko litzaiguke”. Asko gustatu zitzaidan, ni beti izan nahi oso “chic” eta bio kontuak gustuko ditudanez, Biotxik hasi nintzen nire kremetan eta jartzen.
Laborategi batean ere egin duzu saiakera zeure krema komertzializatzeko
Azoketan eta bai, baina bestela ezin dugu kremarik saldu ez baitaukagu osasun txartelik. Gehien saltzen nuen kremaren formulazioa eman nion laborategi bati eta egin zidaten eskatutakoa, baina iritsi zitzaidan kremak ez zeukan zerikusirik nirearekin. Krema hori erabiltzen zuten bezeroei banatu nienean ere gauza bera esaten zidaten, “ez dauka zerikusirik, ez usain, ez kolore, ez testura”. Kopurua ere oso handia egin behar da, 700 poto edo, urte eta erdira kadukatzen direnak. Gainera betikoa da, laborategi batean ez dute kalendula eguzkitan edukitzen nik bezala, haiek labean sartzen dute eta kito. Zaila iruditu zitzaidan, ez nuen bat egiten filosofiarekin ere, eta atzera egin nuen.
Aromaterapiarekin zabiltza gehien azken aldian, ezta?
Semea jaio zenean aromaterapia munduan sartu nintzen. Denbora gutxiago nuen belarrak biltzeko… Olio esentzialak denon eskura daude eta erabilera oso zabala dute. Gaur egun ez gaude naturarekin horren lotuta. Jendeari senda belarrena gustatzen zaio, baina belarrak jasotzerako orduan, tarteka, ez ditu ondo ezagutzen edo hurrengo udaberria iristerako ahaztu zaio noiz eta nola jaso. Olio esentzialena errazagoa da, erosi egin behar dira printzipioz, hori bai. Destilazio bidez lortzen den landareen kontzentrazioak dira. Hor dago landareen inteligentzia, informazio eta indar guztia.
Aromaterapian aholkulari lanak egiten ditut. Bakoitzaren beharren arabera, arnas bidez, emozio aldetik egiten da lanketa asko. Difusore batean lurrunduko den ura jartzen da eta hari olio esentzial tanta batzuk gehitzen zaizkio. Antsietatea lantzen, lasaitzen, aktibatzen, kontzentratzen… laguntzen du. Usaintzen zoazena burmuinera joaten da eta barrutik kanpora eragiten du lan, ia zu konturatu gabe.
Garai batekoek naturarekin zuten konexiorik ez dugu, askotan, gaur egun eta senda belarrak garai egokian jaso, ondo lehortu, pototan gorde eta guzti hori egitea asko kostatzen zaigu
Betiko erremedioak eguneratzen saiatzen naiz eta horretarako erabiltzen ditut olio esentzialak ere. Aromaterapian bilatu dut eguneraketa hori; bide polita, garbia eta segurua da eta naturarekin konektatuta toxiko mundutik atera ahal gaituela uste dut. Emozionalki, garbitzeko produktuak, elikadura…
Bukatzen joateko, ikasturte hasieran gaude, zein gomendio emango zenizkiguke?
Orain defentsak indartzeko garaia da, sistema immunologikoa indartzekoa, ezkaia, jenjibre eta limoi infusioak hartu defentsak hobetzeko. Infusioa hartzea kostatzen zaienentzat, haurrentzat eta olio esentzial prestaketa bat egin daiteke hanka azpian emateko eta eskolara indartuta joateko. Neguko iluntasunerako prestatu behar dugu, defentsak ondo baditugu hobeto egingo diogu aurre eta katarro gutxiago izango ditugu.
Aldaketek urduritasuna sortzen dute, melisa, ezki-lore eta mantzanilla hirukoteak laguntzen du horretan. Labanda ere lasaigarria da; autoestimua indartzeko, aromaterapia bidez, asko laguntzen du. Laranjak sormena pizten du.
Uda eta festen ondoren garbiketa pixka bat ere egin beharko genuke; hala, esaterako, belar mikatzek gibela garbituko digute.
Bajoia sartzen bazaigu hiperiko belarra ona da orekatzeko, jalea real propoli eta polena onak dira indartzeko. Ahaztu gabe auto-zaintza: kirola egitea, bainu bat hartu eta olioa, limoi zukua eta gatzarekin azala esfoliatzea…
Bada emakumeen poltsan ez dela begiratu behar esaten duenik. Elkarrizketa amaitu aurretik Itziarrek berea erakutsi digu. Mary Poppinsena dirudi, hori bai, dena formatu txikian; moskitoak uxatzekoa, bero dagoenerako freskagarria, tripako minarentzat, umea erortzen denerako kolpeentzako ukendua, eguzkitarako krema poto txiki-txikia, balore punttua ematen dion preparatua, gauzak argiago ikusten laguntzen dion beste bat…
Formatu handiagoan, hiperiko loreekin egindako olio potoa ere atera dit poltsatik, kolore gorriko olioa, goizero hartzen omen du tostadetan, nekeari aurre egiteko, bizigarritasuna ematen omen dio. Zalantzarik gabe, gertuan edukitzeko moduko laguna da gure Itziar.
Jone Bergara
Egin zaitez bazkide