Paperekoa

[JARDUNIAN] Izar Unanue: “Pertsona bat ez du eder egiten bere fisikoak, daukan energiak eta ingurukoengan on egiteko daukan gaitasunak baizik”

Emakume lodia, ederra, bihurria, alaia, sentibera, borrokalaria, ausarta… dugu Izar Unanue Irastorza (Zestoa, 1984), baina batez ere erronka zalea. Gauza berriak probatzen ez baditu aspertu egiten da; eta oraingoan ze okurrituko, eta modelo lanetan hastea. Lagun mina dut eta askotan esaten dut: Izar handia da, bere zentzu zabalean.

Sare sozialetan hainbat argazki dotore argitaratu dituzu. Makina bat herritarrek galdetu dit: Izar modelo hasi al da?

Ez dut gustuko sare sozialetan nire burua asko erakustea, baina moda mundura hurbildu nintzenean esan zidaten garrantzitsua zela agentziek eta arropa markek ni ezagutzeko nire argazkiak sare sozialetan argitaratzea.

Hori argituta, modelo hasi naizela esatea ez dakit egokiena den: modelo bezala gauzatxo batzuk egin ditut, eta mundu horrekin kontaktua izan dut azken 6 edo 7 hilabeteetan. Kasualitatez, esango nuke nik. Arropa erosten dudan denda batek eskaini zidan desfile batean parte hartzeko aukera, eta baiezkoa esatea kosta egin zitzaidan arren, probatzea erabaki nuen. Erronka berriak gustuko ditut.

Beraz, orain arte zer egin duzu?

Aipatu dizuedan desfile horretan parte hartu ostean, pentsatu nuen lan gehiago sortzen baziren pixka bat formatu beharra neukala mundu horretan mugitu ahal izateko. Orain Madrilera joaten ari naiz hilean behin formakuntza batera, eta bertan irakasten dizute nola funtzionatzen duen niretzat hain berria den mundu horrek. Momentuz, bi desfiletan parte hartu dut: batean Donostiako Moda Astean eta beste batean Madrilgo Moda Astean. Ez dakit lantxo gehiago aterako diren; aurten 40 urtetxo egiten ditut eta mundu hau gaztetxoagoentzat egina dago.

Eta ze balorazio?

Konfort zonatik ateratzen gaituen eta haztera eramaten gaituen edozein proiektu positiboa dela esango nuke, zerbait ikasten baita beti. Nire kasuan ba Madrilera bakarrik joatera behartzen nau, han egun batzuk bakarrik pasatzera, jende berria ezagutu eta haiekin harremantzera, beldurtzen nauten edota urduri jartzen nauten egoerei aurre egitera, eta nire buruarekin konfiantza gehiago izatera, pauso horiei guztiei esker.

Dena ez da positiboa izango, hala?

Ez, noski, denak dauka alderdi positiboa eta ez hain positiboa. Batzuetan gogorra egiten zait aste guztia erizain bezala lan egin ondoren zuzenean hegazkin bat hartu eta Madrilera joatea, eta han ordu asko lanean pasa ondoren berriz ere igandean itzuli eta astelehenean lanera itzultzea, adibidez. Baina, momentuz, ez naiz modatik bizi eta ez daukat beste erremediorik, kar, kar, kar!

Neurri handietako modelo diogu, baina zer da neurri handia?

Modelo arruntak denok ezagutzen ditugun neurrietakoak dira, oso argalak eta oso altuak. Ondoren Curvy deitzen diren modeloak daude, 40-46 neurri inguruan dabiltzanak eta, azkenik, ba neurri handikoak eta plus size deitzen direnak, 46 neurritik gorakoak. Ni azken horretan sartzen naiz. Baina ez dute neurria bakarrik eskatzen, gorputzaren forma, altuera, aurpegia, azala… mota askotako eskakizunak daude, neurri txikietan bezala.

Oro har, gorputz lodi horiek ez dira sartzen gure edertasun kanonean.

Ez. Gaur egun ez behintzat. Gizaldiz gizaldi aldatzen joan den gauza bat dela esango nuke. Garai batean, azala zenbat eta zuriagoa izan orduan eta ederragoa zinen, adibidez. Baina edertasuna hain da subjektiboa. Niretzat pertsona bat ez du eder egiten bere fisikoak, daukan energiak eta ingurukoengan on egiteko daukan gaitasunak baizik. Gainerakoa azalekoa da, eta iraupen jakin batekoa; izan ere, bizi garen bitartean denok goaz zahartzen, eta itxura aldatuz doa. Fase horretan sartzen hasia nago… kar, kar, kar!

Egia da gure gizartean gizentasunari asko gaitzesten dela. Baina horretaz ohartzeko gizena egon behar duzu. Autoestimu sendo bat eraiki behar da horrek guztiak min gehiegi ez egiteko. Lanketa bat eskatzen du horrek.

Neurri handien moda munduak ere gure gizartean nahiko inposatua dagoen estetika jakin bat bilatzen du: makillajea, takoiak…

Bai, hala da. Tarteka hasi dira emakume batzuk sare sozialetan eta makillatu gabe agertzen eta errebindikazio bat egiten inposaketa horien guztien aurrean ere. Nik, adibidez, ez dakit ondo ibiltzen takoiekin, nire egunerokoan ez ditut sekula ibiltzen, eta zaila egiten zait pasarelan haiekin ibiltzea. Halere, nik parte hartu dudan desfileetan zapatila eta sandalia plano asko ikusi dut eta gauzak aldatuz doaz. Azken bi desfileak arropa jasangarriarenak ziren, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan pixkanaka industria hartzen hasi den norabidea. Kutsadura handia sortzen duen mundua da modarena, eta gauzak beste era batera egiten hasteko ordua da. Dibertsitaterantz eta jasangarritasunerantz pausoak ematen hasi dira, eta positiboa da hori.

Zuk, ordea, ez duzu betidanik horrelako gorputza izan.

Ez, noski. Hala ere, beti izan dut erraz gizentzeko joera, hori bai. Gogoan dut 13 bat urterekin Elena pediatrak nola esan zidan kontuz ibili behar nuela ogiarekin eta zaindu egin behar nuela. Bizitza guztia nirekin daramadan gaia da. Hainbat nutrizionistarekin ibili naiz, eta batzuetan lortu badut ere pisua jaistea, errekuperatu egiten dut. Hortik pasatu ez denak ez daki zer den hori.

Ez da nire asmoa inondik inora loditasunaren apologia egitea. Ni osasun langilea naiz eta badakit ze arrisku duen lodi egoteak. Eta uste dut bizitza guztian jarraituko dudala osasuntsuago egoteko saiakera egiten. Baina lodi dagoenak badaki lodi dagoela. Nik ez dut ezagutzen nahita lodi dagoen inor. Kontsultan ehunka pertsona ikusten ditut, eta sufrimendua dago pisua jaitsi nahi eta ezin horretan. Horrekin esan nahi dudana da pertsonak bere osotasunean errespetatu behar direla; lodi dagoenak badaki horrela dagoela eta ahal duena egiten ari da, kasu gehienetan behintzat, egoera hori aldatzeko. Beraz, ez dugu behar inork kanpotik hori seinalatzerik, kritikatzerik eta mespretxu keinurik egiterik. Eta gauza bera ezberdina den guztiarekin. Eskolan, umea zarenean, ezberdina den guztiagatik burla egiteko arriskua duzu, eta loditasuna alderdi bat gehiago besterik ez da.

Autoestimu sendo bat garatzea lortzen baduzu, hainbestean, baina horrela ez bada min handia egin diezaiokegu albokoari; zaindu ditzagun pixka bat gure jarrerak.

Eta, egun, ispilura begiratu eta zer?

Maite dut nire burua. Ez dut pisu bat edota neurri bat ikusten. Pertsona on bat ikusten dut, balio sendoekin eta besteei laguntzeko gogo eta sentimenduekin. Borrokalaria, eta bizitzako erronka askori aurre egitea tokatu zaiona. Nire burua lirainago eta arinago ikusi nahiko nuke, noski, batez ere osasunagatik, baina ispiluari begiratzen diodanean badakit nor naizen, eta maite dut naizen hori, bere akats eta guzti.

 

Baina inor sentitzen al da ongi ispiluari begiratzean?

Ispiluan ongi ikusten duzu zure burua, ongi sentitzen zarenean. Ez dut uste neurri kontua denik. Denoi pasatzen zaigu egun batean beste batzuetan baino ederrago ikustea ispiluari begiratzean. Eta zer aldatu da ba astelehenetik asteartera? Ba gure egoera emozionala ziurrenik. Ispiluan polit ikusteko, polit sentitu behar dugu, gure buruari maitasunez begiratuz, gure alderdi onak baloratuz, lortutako guztiari garrantzia emanez eta hobetzeko daukagun guztia egun batetik bestera hobetu ezin dugula onartuz.

Lodia eta, gainera, emakumea. Hori zama bikoitza da, ezta?

Bueno, baditut gizarte honetan hain normaltzat ikusten ez diren zama gehiago. Gizentasunarena ez da handiena. 40 urte ditut, ez daukat bikotekiderik, eta ez daukat haurrik. Oraindik, nahigabe bada ere, badago jendea gutxiago sentiarazten saiatzen dena horregatik. Esan nahi dudana zera da: gehiengoa bezalakoa ez bazara, edota gehiengoak egiten duena egiten ez baduzu, edozein dela ere motiboa, kritikak jasotzeko aukera gehiago duzu.

Animoak ezberdinak garen guztiei, asko gara eta! Kar, kar, kar! Ez zaudete bakarrik.

Gimnasioak leporaino daude eta zelulitisa kentzeko kremen iragarkiak nonahi. Badator uda eta urte sasoi honetan argal egoteko presioa oraindik eta handiago izan ohi da. Nola bizi duzu uda?

Gezurra esango nizuke esango banizu ez zaidala kostatzen udaran lehenengo aldiz bikinitan jartzea. Baina ez dut uste hori ere neurri kontua bakarrik denik. Atzo lankide batek esan zidan gimnasioan hasi dela pisu ariketak egiten gorputza indartzeko udara gerturatzen hari delako, eta 36 neurria dauka, eta oso emakume ederra da. Beraz, azkar eta gazteleraz laburbilduko dut galdera: ¿Que hay que hacer para tener un cuerpo bikini? Pues, ponerse el Bikini! Kar, kar, kar!

Lotsa pixka bat sentitzen dut biluztean eta besteen begiradei aurre egitean, baina inoiz ez naiz joan gabe geratuko horregatik. Hondartza gustuko dut, eta itsasoa eta uretan ibiltzea maite ditut. Ez da inoiz izango ez joateko motibo loditasunarena.

Badaukat erizain bezala paziente bat gurpildun aulkian dagoena jaio zenetik. 30 urte ditu eta, gurpildun aulkian ibiltzeaz gain, lodi dago. Igerilekua oso gustuko du, eta on egiten dio, gainera, baina lotsa ematen dio joatea lodi dagoelako. Larunbat batean berarekin joateko prest aurkeztu natzaio, ni ere lodi nagoela eta elkarren babesean emango dugula pausoa esanez. A ze poza neskarena! Eta zenbat jende horrela. Eta lotsa ez da bere buruari mespretxuz begiratzen diolako, besteen begiraden beldur delako baizik. Eta beldur hori ez da imajinazio hutsa, aurretik bizi izan duen zerbait da, eta grabatuta geratzen da. Beraz, kontuz esan eta egiten dugunarekin, ohartu gabe min egin baitezakegu.

Argi dago, mundu hau ez dago lodientzat egina.

Bai, egia esan, jaio ere handia jaio nintzen. Beti izan naiz neska handia. Lirain-lirain nengoenean ere 46 neurria neukan. Lirain, kirol asko egiten eta gorputz normatibo batekin, baina arropa dendetan 44 edo 46 neurria izaten zen handiena. Eta ez guztietan, gainera; eta beti nahiko lan galtzak aurkitzeko. Ez nuen aukera asko izaten galtzak aukeratzeko: sartzen banintzen, erosi eta kito. Ez nuen dudarako aukerarik. Hori aldatuz doa, eta gaur egun arropa polita dago neurri handietan ere.

Lodi izateagatik pairatzen diren beste diskriminazio eta zapalkuntza batzuk?

Baten bat bai agian, baina ez izugarri; nire kasuan, behintzat. Anekdotaren bat beti dago baina… Adibidez, beti egin izan dit grazia parrandan jende askori indarra etortzen zaiola eta neskak bizkarrera igotzeko joera egoten dela maiz. Ez dakit zergatik, baina ni ez ninduten aukeratzen inoiz horretarako. Behin esan nion arte mutil bati: “Aizu, horrek ez dauka batere meriturik, meritua ni altxatzeak dauka”. Eta kosta zitzaion, baina egin zuen! Kar, kar, kar! Umore pixka bat jartzea garrantzitsua da bizitzan.

Seguru medikuarengana joan eta, arrazoia edozein dela ere, pisua jaitsi beharra duzula esaten dizula.

Bai, beti ateratzen da gaia. Bueno, nik uste dut beti hitz egin beharreko gaia dela osasunari buruz hitz egiten dugunean. Osasun arazo bat izan liteke, eta landu beharreko gaia da. Baina goxo eta pertsona errespetatuz. Berriz diot: lodi dagoenak badaki lodi dagoela eta ez duela lodi egon nahi. Adibidez, behin kotxe istripu handi samarra izan nuen, gorputza ubelduraz betea nuen eta ezkerreko belauna handi-handi eginda eta minez. Mutuara bideratu ninduten, eta sartu orduko medikuak esan zidan: “¿Y ese sobrepeso?” Ez zizkidan ubeldurak eta belauna begiratu ere egin. Oso gaizki sentiarazi ninduen tratu hark. Zorionez, ez da egunero pasatzen.

Eta zu baino askoz argalagoak diren lagunek “Aixxx…. gizendu egin naiz, argaldu beharra daukat” esaten dugunean zer?

Bai… batzuetan harritu egiten nau 2 kilotxo hartzeak nola eragiten dion jendeari. Baina gai naiz ulertzeko pertsona horrentzat nahikoa dela agian gaizki sentitzeko eta bere lekuan jartzen naiz. Gizartean, sare sozialetan eta abar presioa handia dago lirain egoteko eta denei eragiten digu horrek.

Halere, aukera hau aprobetxatuz, esan nahiko nuke, osasun langilea eta terapeuta gisa formatua naizen partetik, osasuna zabala dela. Ongizate fisiko, sozial, mental eta emozionala barne hartzen dituen egoera mugikor eta konplexua da. Ez du ezertarako balio 2 kilo edo 5 galtzeko osasun mentala eta emozionala galtzeak; beraz, ez dezagun argaltasuna osasunarekin lotu eta gizentasuna osasun faltarekin bakarrik. Osasunaren alderdi bat ikusten ari gara, eta ez pertsona osotasunean.

Argal-eder konexioa oso barneratua dugu, baina argitaratu dituzun argazki horietan oso eder ikusten zaitut nik.

Eskerrik asko. Nik ere horrelaxe ikusten dut nire burua. Batez ere ausart ikusten naizelako erronka berriei aurre egiten. Nire argazkiak ikusten ditut, eta, badakidanez atzean zenbat erronka eta lan dagoen, esaten diot nire buruari: bejondeizula Izar! Poztuko nintzateke nire hitzek norbaiti lagunduko baliote bere burua goxoago eta begirune handiagoz ikusten.

Amaiur Aristi Arregi

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide