Paperekoa

Jardunian – MAKSIM GRASMAN: “Bi herri, bi familia eta bi lagun talde ditut”

Sei urte zituela iritsi zen Maksim Grasman lehen aldiz Zestoara; berak dioen bezala, “umemoko bat” zela. Arraro zitzaion dena hasieran, dena zuen berri. Bi hizkuntza ikasi behar izan zituen, familia eta herritarren babesean. Zestoan bizi da egun, eta hala jarraituko du ikasketak amaitu bitartean behintzat. Erabakiren bat hartu beharko du gero, baina lasai dago “bi herri, bi familia eta bi lagun talde” dituelako, bata Zestoan eta bestea Ivankiven.

1998ko abuztuaren 17an jaio zen Maksim Grasman, Kieven (Ukrainako hiriburuan). Etxetzat, baina, Ivankiv dauka, herrialdeko hiriburutik 80 km inguru iparraldera aurkitzen den 11.000 biztanle inguruko herrixka. Han igaro zuen haurtzaroa, Txernobylgo zentral nuklearraren eraginpean (50 km eskasera aurkitzen da). Hura baitu, gurutze bide izanagatik ere, bizitza honetan bestelako bide batzuk hartzea ahalbidetu dion hondamendia.

1986an jazo zen istripua, baina haren ondorioek eragina dute oraino zentral nuklearraren inguruko eremuetan. Eraginak eragin, ordea, bizimoduak aurrera jarraitzen du; erradiazioarekin bizitzen ikasi dute Ivankiveko bizilagunek. “Badakigu erradioaktibitatez inguratuta gaudela, baina ahalik eta bizimodu normalena egiten ahalegintzen gara, ahal den neurrian behintzat. Lurra landatzen jarraitzen dugu, baita iturriko ura edaten ere. Egia da erradioaktibitatearen ondorioz osasun arazoak gehiago direla, baina ez nuke esango bereziki igartzen denik. Urte asko igaro dira istripua gertatu zenetik, eta ez dakit ez ote diren ohitu jendearen gorputzak erradioaktibitatera…”.

Ez da gaitzik, baina, onik ez dakarrenik. Txernobylgo haurra izatean dohainik jaso zituen eskolak Maksimek, eta hala ziren hango otorduak ere: musu truk. “Gazteenei bideratuak dira proiektu sozial gehienak, eta horien artean dago udak atzerrian igarotzearena ere”. Txernobylen Lagunak elkartea da gurean lan horietaz arduratzen dena, eta haien bidez iritsi zen Maksim Zestoara: “Gure aitak eman zuen nire izena uda atzerrian igarotzeko programan. Sei urte nituen orduan, eta ama hil berria zen. Arreba, baina, izana zen aurrez Euskal Herrian, eta horrek nolabaiteko segurtasuna ematen zidan”.

Ukrainar “umemoko” bat Zestoan

Esan bezala, sei urte zituela iritsi zen Maksim lehenengoz Zestoara: “Umemoko bat nintzela etorri nintzen lehenengoz hona. Ez neukan ideiarik ere non nengoen, eta are gutxiago ulertzen nuen hemengo hizkuntza”. Arreba Zarautzera joan ohi zen udak igarotzera, eta, hala, elkarrekin egiten zuen joaneko eta itzulerako bidaia. “Baina biok Euskal Herrian ginela, ez genuen elkar ikusten; nik Zestoan egiten nuen dena, eta hitz egiten ere hemen ikasi nuen”. Patuak ekarri zuen Maksim Zestoara, eta gaineratzen du zorteko izan zela urteek ematen duten perspektibatik hitz eginda.

Etorri nintzen lehen aldian, pixka bat beldurtuta nengoen, nahiz eta arrebaren esperientzia ezagutzen nuen. Berria zen guztia niretzat: familia, hizkuntza… ‘Zein dira hauek?’ galdetu nion neure buruari lehenengoz Nekane, Jokin, Alex eta Ilaski ikusi nituenean. Denborarekin, ordea, haiekin tratu familiarra izatera iritsi nintzen”. Hizkuntzaz mintzo da asko Maksim, komunikatzeko zituen zailtasunez: “Iristean Ukrainako hizkuntza soilik hitz egiten nuen, eta keinuz moldatzen nintzen gehienbat”. Lehenengo urtean bertan hasi zen hizkuntza berrietara ohitzen, eta, bizpahiru urteren buruan, dena ulertzeko moduan zen: “Ilaskiren lagunekin ibili ohi nintzen kalean, eta derrigorrean hitz egin behar haiekin!”. Gaztelaniaz hitz egiten trebatu zen lehendabizi, eta ondoren egin zuen euskararako jauzia. “Oso arraroa eta zaila egiten zitzaidan euskara. Imajinatu, oraindik ere ez dut perfektu hitz egiten… Erdara errazagoa da, eta agian horregatik ikasi nuen lehenago. Pixkanaka hobetu ditut bi hizkuntzak, beharrak eraginda edo; azkenean, nire lagunek euskaraz egiten zidaten, eta nik ere hala erantzun behar!”.

Oroimenean du Zestoako herritarrek egin zioten harrera ere: “Etorri nintzenean egiten nituen astakerien inguruan hitz egiten dit orain jendeak! Nahiko ume mugitua nintzela esaten didate guztiek, eta ni ez naiz akordatzen… Baina bueno, formaldu naizela dirudi… Kar kar kar”. Dio asko lagundu ziotela etxekoek lehen urte haietan, baina baita herritarrek ere: “Jendeak asko lagundu izan nau beti, eta inork ez dit inoiz bizkarrik eman. Alderantziz dela esango nuke; laguntza izan da jaso dudan guztia”.

Bi hilabeteko oporraldiak egiten zituen Maksimek gurean, eta pozik egiten zuen etxerako buelta ere. “Zestoara oso gustura etortzen nintzen, baina halaxe egiten nuen bueltako bidea ere. Han daukat familia, han ditut lagunak; hura da nire etxea”. Nekane eta Jokinenean egin zituen lehenengo bospasei urteak, harik eta Nekane gaixotu zen arte. “Hura zen lehenengo aldiz neguan etorri nintzen urtea, eta iritsi eta hurrengo egunean gertatu zen Nekanerena. Handik aurrera —jarraitu du— ezin izan ninduten gehiago beren etxean hartu. Hala, Maripik eta Mikelek hartu ninduten apopilo, eta handik mugitu nintzen gaur egun nagoen tokira, Lurdes eta Luisen etxera. Pena-edo emango nien nonbait… Kar kar kar”.

Gaur Zestoan, baina bihar?

Duela bi urte, proposamen berezi bat jaso zuen. Zestoan geratzeko proposamena egin zioten, ikasketak bertan egin zitzan. “Hasieran, ezezkoa eman nien, uste baitut nire bizitza Ukrainan dagoela. Baina hobeto pentsatu ostean, iruditu zitzaidan aukera ona izan zitekeela, aprobetxatu beharrekoa”. Hala, beharrezkoak ziren tramitazio guztiak egin, eta Zestoan da Maksim, bere elektrizitate ikasketak gauzatzen. Gauzak ondo bidean, gainera, beste bi urtez Euskal Herrian izatea gustatuko litzaioke, goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko aukera izan dezan: “Gero, gerokoak”.

Kezkati agertzen da, dena den, Ukrainako egoeraz. Batetik, bere herriaz mintzo da, erradioaktibitatearen eraginpean bizi den herriaz. Eta, bestetik, herrialdeko egoera orokorra du mintzagai, Errusiarekin dituzten arazoak tartean. “Gure herrian bada lanik, baina ez hemen bezainbeste eta hemengo soldatekin. Txernobylgo zentral nuklearrarekin zerikusia duten lanak dira gehienbat, hango mantentze lanei lotuak”. Herrialdearen egoeraren inguruan, berriz, dio “gerra” egoera batean bizi direla, “nahiz hemengo komunikabideek ez duten hango berri askorik ematen. Familiaren bidez daukat han gertatzen denaren berri: iragan neguan, adibidez, Ukrainara bideratzen duen gas hornidura moztu zuen Errusiak. Europatik izan genuen laguntzarik, baina imajina dezakezu hango egoera, neguan eta gutxieneko gas hornidurarekin”. “Zorionez”, baina, bere herria gatazka gune zentraletatik urrunduta dago.

Lehen Zestoara egiten zuen bezala, oporretan itzultzen da egun Maksim Ivankivera. Orain dela pare bat hilabete izan zen han, Gabonetako oporren aitzakian. “Sekulako gogoa neukan etxekoak eta lagunak ikusteko, eta gustura itzuli nintzen hara”. Bertan ditu zain arreba, aita eta hark bikotekide berriarekin izan zuen anaia gaztea ere: “Atzerriko hizkuntzak ikasten ditu arrebak. Berak ere egin zuen ahalegina Euskal Herrira etortzeko ikasketak egitera, baina bere hemengo etxekoek ez zuten lortu tramitazio guztiak egin ostean baimena eskuratzea”.

Hitz egin ohi du etxekoekin Euskal Herriko kontuen inguruan ere, egungo teknologia berriak erabilita. Skype, Whatsapp eta abarren bidez, Zestoako gorabeheren berri ematen die, baita han ezartzeko gomendioak eman ere: “Han erabilgarri izan daitezkeen gauzen berri ematen diet”. Baina onartzen du ukrainar kultura eta bizimoldea ezberdina dela euskaldunarekiko. Jendea “oso ezberdina” dela dio, berekoiagoa nolabait esateko: “Jende jatorra da hangoa ere, baina esango nuke gehiago arduratzen dela nor bere buruarekin, besteekin baino. Hemen, aldiz, eta izango du agian eraginik Zestoa herri txikia izateak, beti elkar laguntzeko prestutasuna dagoela sumatzen dut”. Bizimodua, dena den, nahiko antzekoa da oro har. “Han ere badituzte tabernak, baita vodka ere! Kar kar kar”. Eguraldia dute aurka, neguan zero azpitik 20 graduren bueltatzen ibiltzen baita, udan 40 gradu positibotarainoko tenperaturetara iristen baita. “Baldintza horietan ere bizimoduak aurrera egiten du. Ez dago besterik”.

Luzera begira jarrita, ez daki bere burua non ikusten duen. Ikasketak amaitu arteko baimena dauka Euskal Herrian jarraitzeko; ondoren hartu beharko ditu erabakiak. Bada, ordea, gustatuko litzaiokeen gauza bat: nazionalitatea eskuratzea. Bost urte egin beharko lituzke horretarako espainiar estatuan; hots, beste hiru geratzen zaizkio aurretik. “Europar Batasunaren barruan dagoen herrialde bateko nazionalitatea eskuratzea oso garrantzitsua litzateke niretzat. Horren ostean ikusiko nuke zer egin: hemen jarraitu edo etxera itzuli”. Biak ditu baina Maksimek etxe, Zestoa eta Ivankiv: “Bi herri, bi familia eta bi lagun talde ditut. Oso gustura nago Zestoan, baina gogotsu itzultzen naiz beti Ukrainara. Bi gauza oso ezberdinak izanagatik ere, bietan aurkitzen naiz gustura, bietan naiz zoriontsu”.

Aimar Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide