Albisteak
[JARDUNIAN] Miren Aranberri: “Hogei urte pasa ditut herri kiroletako epaile lanetan, gainera lehenengo emakume epailea izan nintzen”
— 2022-07-01Miren Aranberri (Arroa Erreka, 1970) denbora gutxian ezaguna egin den herritarra da. Askok azken urteotan Endoiako tabernatik ezagutuko dute, beste askok berriz duela hilabete batzuk EITBko Baserria saioan ikusita. Aranberrik hiru anai eta ahizpa bat ditu, baita hiru seme-alaba ere (26, 24 eta 19 urtekoak) eta Arroa Errekako Azketa baserrian jaio bazen ere, Endoian hazi zen. Hainbat urtetan kanpoan bizitzen egon ostean, pandemia hasi baino apur bat lehenago hazi zen lekura itzuli zen, Endoiara hain zuzen. Bertan egiten du lan gaur egun eta baita bizi ere.
Nor da Miren Aranberri?
Ni Arroa Errekan jaio nintzen, Azketa baserrian, nire aita bertakoa da. 6 urte egin nituen arte bertan bizi izan ginen. Gero, Endoiara etorri ginen bizitzera, Xipri baserrira, ama bertakoa da eta osabarengana etorri ginen anaia eta ni. Gurasoek Zestoan taberna hartu zuten, Txoko, estaziotik bertan zegoena, gaur egun itxita dago. Arroa Errekatik Zestoara joan ginen bizitzera, baina gurasoak tabernan zeuden bitartean txikienek ezin genuen han ibili eta gu osabarengana joan ginen. Ni hazi hemen egin nintzen. Hiru anaia eta ahizpa bat ditut.
Gerora, 13 urte nituela, gurasoek taberna utzi zuten, eta osaba alargun geratu zenez gurasoak Endoiara etorri ziren bizitzera. Neska nintzenez orduan eskola utzi eta Zarautzera joan nintzen Argiñanorenera ikastera. Han egin nituen ikastaro batzuk eta beste batzuk Kirkilla jatetxean. Horrela hiru urte pasa nituen eta 16 urte egin nituenean Zarauzko kanpinean hasi nintzen lanean.
Beraz, bizitza guztia ostalaritzan lanean pasa duzu, ezta?
Bai, hala da. Zarauzko kanpinean zazpi urte pasa nituen lanean eta ondoren Iraetako Landa jatetxean beste sei urte egin nituen. Han nengoela ezkondu egin nintzen eta Azpeitiko Pastorkua jatetxean hasi nintzen lanean. Gero Azkoitiko Geltokin ere egin nuen lan eta ondoren Errezilen Izarren eta Letean. Letea izan zen nik hartu nuen lehenengo jatetxea. Donostiako catering batean ere ibili nintzen, baita Itziarko Hostalean ere. Duela hiru urte Endoiako taberna hartzeko aukera suertatu zen eta animatu egin nintzen.
Endoiako taberna hartzea zer moduzko erabakia izan zen?
Aurreko lantokian ordu pila bat sartzen nituen eta paliza ikaragarriak hartzen nituen. Hau hartzeko aukera zegoela jakin nuenean animatu egin nintzen eta gaur arte, ez daukat batere kexarik. Oso gustura nago jendearen erantzunarekin.
Hasiera zail xamarra izan zen, azaroan hartu eta martxoan itxi behar izan genuen hiru hilabete, pandemiagatik. Baina behin hori pasata oso gustura, lan asko egiten ari gara.
Astean zehar menua ematen dugu eta Itziartik-eta langile asko etortzen dira.
Astean egun batean egiten dugu atsedena, astelehenetan, baina beste egun guztietan ematen dugu jaten edozein ordutan, irekitzen dugunetik ixten dugun arte sukaldea zabalik dugu.
Nongo bezeroak dituzue, hemen ingurukoak bakarrik?
Ez ez, hemen ingurukoez gain urrutixeagotik ere etortzen dira makina bat. Gazteak ez dakit nondik bueltan etortzen diren honaino baina Zarauztik, Zumaiatik, Aiatik, Igeldotik eta Elkanotik etortzen dira mordoxka.
Aurreko asteburu batean adibidez, Oialumetik bueltan etorri ziren gazte pila bat.
Zurrumurrua entzun dugu Aiako Aristerrazu jatetxea itxi eta erromeriak Endoian egitekoak direla. Hori horrela al da?
Aristerrazuko taberna itxi egingo dute, eta bertan ibiltzen diren trikitilariek diote tabernarik gabeko erromeriarik ezin dela egin. Josu Arrizabalaga Izer trikitilaria ibiltzen da antolatzen eta hark eskatuta hilean igande batean erromeria antolatzen hasi gara. Momentuz hilean behin egingo dugu, hileko bigarren igandean, dagoeneko bi egin ditugu trikitilari gazteekin. Bazkaria egiten dugu eta ondoren erromeria.
Orain festa garaia izanik horrela mantenduko dugu eta uda ostean agian hilean bi egiten-edo hasiko gara.
Arrakasta izan dute momentuz egin ditugun biek, 80 lagun inguru elkartu dira.
Herri kiroletan epaile lanetan ere ibilitakoa zara. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Gure aita epailea zen eta berarekin joaten ginen, bera idi probatako epaile lanetara eta gu ikustera. Gure aita “terzeroa” zen, probatan atzetik simaurra jasotzen ibiltzen dena. Harekin hasi nintzen eta gero harri jasotzen ere ibili nintzen, gero aizkoran ere bai…
Arroagoiko gurutzeko festetan (Endoian dagoen gurutzean) aizkoran egin izan nuen behin baino gehiagotan.
Beti joaten nintzen aizkolariak eta harri jasotzaileak ikustera, eta beti esaten zidaten epaile lanetan hasteko. Animatu egin nintzen, azterketa egin nuen eta lehenengo geratu nintzen. Beraz, aitzakiarik ez nuen!
Oraindik ere aritzen al zara epaile lanetan?
Endoiako taberna hartu nuenean utzi egin nuen epaile lana. Azkenean, Euskal Herri osoan zehar ibili behar duzu eta hemen ezin dut edozein egunetan jai egin. Besteentzat lanean aritu izan naizenean nire jai egunak epaile lana egiteko hartzen nituen.
Hogei urte pasa nituen epaile lanetan herri kiroletan. Lehenengo emakumea izan nintzen lan horiek egiten eta nobedadea-edo izan nintzen. Askotan Nafarroako saioetara joaten nintzen. Gerora emakume gehiago hasi dira, bat baino gehiago nik animatuta. Baina, hortik ezinezkoa da bizitzea, afizioz egindako lana da, saio bakoitzeko 50 euro ordaintzen badizkizute gustura. Askotan gasoila ordaintzeko ere ez zaizu iristen. Afizioz egindako lana da!
Telebistan ikusi izan zaitugu duela ez asko, EITBko Baserria saioan hain zuzen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Gure bezero batzuek EITBn lana egiten zutela banekien, baina besterik gabe. Pandemia garaian etortzen ziren, jatera eta parrandara, baina nik ez nien kaso gehiegirik egiten. Halako batean hasi zitzaizkidan esaten Baserria saiora joan beharko nukeela, nik hasieran ezetz, baina hainbesteko lata eman zidaten, castinga egitera joan bainintzen.
Iritsi nintzen castinga egin behar nuen lekura eta kristoren jende ilara zegoen, eta hartu nuen telefonoa eta esan nion, “Aizu, Mirari, ez duzu pentsatuko ni hemen ilaran egongo naizela, ezta?”, neure artean pentsatu nuen “ni banoa hemendik!”, baina Mirarik zer esango eta ezetz, lasai egoteko, atzetik sartu behar nuela ilara luze hori itxaron gabe! Zuzenean arropa probatzera eraman ninduten, eta esaten nien oraindik hitz bat ere ez nuela esan eta ea nola ba? Batere frogarik egin gabe, hartu ninduten.
Azkenean jarri nuen baldintza bakarra izan zen ostiralerako tabernan lanean egon behar nuela eta nahi zuten bezala moldatzeko, kar-kar-kar! Lau egunean grabatu genuen saioa Gernikan eta gogor samarra izan zen egia esan. Lasto artean lotan, mangerarekin dutxatu… 70 lagun sartu ginen grabaketarako, egunero PCRa egiten ziguten… Txarrena gosea izan zen, goizean ogitarteko bat ematen ziguten eta ur botila bat. Irabazten zuenak afaltzen zuen eta gainontzekoek ezer ez.
Maiatzean grabatu genuen eta azaroan platoan saio batzuk grabatzera joan ginen. Esperientzia berri bat izan zen eta ondo pasa genuen, eta onartu behar dut Endoiako tabernarentzat oso ona izan dela, publizitate ikaragarria izan da.
Endoiako festak ere pasatu berri dira, zu aritu zara antolatzen?
Bai, neu aritu naiz antolatzen auzoko beste bizilagun pare batekin. Eta egia esan oso ondo joan dira jaiak. Jende pila bat ibili da, eguraldia ere lagun izan dugu eta lan asko egin ahal izan dugu.
Endoiak ez du zerikusirik garai batean ezagutu nuen auzoarekin. Gaur egun martxa handia dago. Taberna irekita egoteak ere asko laguntzen du, jende asko ibiltzen da.
Gainera, ogia saltzen ere hasi naiz, eta horrela, bertakoek etxetik irten eta erostera etortzeko aitzakia dute. Nahiko nuke bi astean behin-edo meza antolatu ahal izatea, horretan nabil, auzoko edadetuek behar dute zerbait etxetik ateratzeko: mezetara joan eta gero, kafe baten bueltan kontu-kontari aritzea auzoko gainerako jendearekin… Behar dute!
Naiara Exposito Alberdi
Egin zaitez bazkide