Jendea kuneta baten aurrean negarrez
— 2016-09-20Biharko egunez, duela 80 urte, hartu zuten tropa frankistek gure herria. Gerra hasi zenetik (1936ko uztailak 18) Eusko Alderdi Jeltzalea nabarmen saiatu zen giroa baretzen eta, horri esker, Espainiako beste herrietan izan ziren erailketa, eliza erretzeak eta abar ikaragarri murriztu ziren gure herrietan. Izan ziren, hala ere, gertakari izugarriak milizianoek egindakoak eta hemen, esate baterako, zazpi errekete azkoitiar erail zituzten Iraetako bidegurutzean. Zestoan, egia da, giroa pixka bat mikaztuta zegoen lehendik ere karlista eta abertzaleen artean, baina hala ere normaltasuna zen nagusi 1936ko uda hasiera hartan; urzaleen denboraldia, esaterako, urtero bezala ekainaren 15ean zabaldu zen eta jendeak betiko bizimodua egin zuen.
Gauzak zeharo aldatu ziren, ordea, irailaren 21ean frankistak herria hartu zutenetik. Mola jeneralak esana zuen sekulako eskarmentua eman behar zitzaiela basapiztia haiei eta betirako beldurtu behar zela jende hura. Eta hala gertatu zen Zestoan ere, bai alajaina! Askok ihes egin behar izan zuten herritik, zituzten ondasun denak hemen utzita. Beste asko, lanetik bota egin zuten abertzalea izateagatik. Lanari ekindakoan, berriz, jornalaren zati handi bat agintari berrien esku utzi behar izaten zuten. Abertzaleen etxeetan lapurretak gauza ohikoa izan ziren, ondasunen inkautazioa ere bai. Bizkaia aldean gudari ibilitako gehienak, berriz, etxeratu ahala, atxilotu eta espetxera eramaten zituzten. Emakume bat baino gehiago bortxatua izan zen; jendeari, batez ere emakumeei, ilea ondo-ondotik moztea eta kalean erakusgai jartzea, errizino-olioa neurriz kanpo edanaraztea, intsignia frankistak eramanaraztea eta abar, oso ohikoak izan ziren. Jendea ikaragarrizko beldurpean bizi zen, baten batek salatua izateko beldur; izan ere, ezin ikusia bakarrik nahikoa izaten zen salaketa jartzeko. Errepresioa oso bortitza izan zen, eta gehienetan familiek oso isilean, inori kontatu gabe, eraman zuten sufrikarioa.
Hori guztia jakina da (informazio zehatzagoa nahi duenak, besteak beste, 2014ko abenduko danbolin aldizkarian aurkituko du). Jakina da, baina sakonki aztertu gabe dago gaia. Errepresioa jasan zutenek ez dute zor zaien egia eta aitortzarik jaso, eta krudelkeria haietan parte hartu zutenek, berriz, ez dute inolako zigorrik jaso.
Errepresio eta krudelkeria horietaz hitz egiten dugunean –eta hona iritsi nahi nuen nire hausnarketa honetan– Franco, Mola, militarrak, polizia eta guardia zibilak eta horrelakoak etortzen zaizkigu gogora baina geure ingurura ere begiratu behar genuke; izan ere, hemen herrian gure artean bizi ziren zestoar peto-peto askok ere zeresan handia izan baitzuten errepresio hartan. Interesgarria deritzot ikuspuntu horri erreparatzea; ez hemen eta orain hau eta bestea salatzen hasteko, baina bai gure hausnarketa beste talaia batetik egiteko: hemen gertatu zenak, kanpoko arerio batek eragindakoa izan bazen ere, bertako jende askoren laguntza jaso zuen.
* * *
Pasa den igandean Zinemaldian izan nintzen. Joshua Oppenheimer-en The Look of Silence (Isiltasunaren begirada) ikusi nuen. Ez nintzen eroso egon butakan, ez horixe. Eskerrak, tarteka-tarteka irudi lirikoren batek arnasa sakon hartzeko aukera ematen zigun.
Joshua Oppenheimer zinemagileak (Texas, 1974) Indonesiako 1965eko genozidioaren egileei buruz grabatutako materialari esker, bizirik ateratako familia batek bere semea nola erail zuten eta hiltzaileak zein diren aurkituko du. Dokumentalak seme gazteena hartzen du ardatz: hark mendekotasun eta beldur itogarria hausteko erabakia hartuko du, oraindik ere hiltzaileak boterean mantentzen dituen gizarte batean pentsaezinekoa den zerbait eginez: anaia hil zioten gizonei aurre egitea eta ekintza horien erantzukizuna beren gain har dezaten eskatzea.
Kontua da, han ere, militarrak han zeudela eta haien esku zegoela errepresio sistema osoaren antolaketa, baina salaketak –eta larriagoa dena– jendea torturatu, lepoa moztu eta ibaira botatzea han inguruko taldeek egiten zutela.
Protagonistaren kasuan, bere anaia atxilotuta eduki zutenean, bere osaba zen kartzelako zaintzailea. Protagonista berarekin hitz egitera joaten denean, zera esaten du osabak: Estatuaren onerako egiten zuela zaintza lan hura, obeditzea zegokiola berari… Begira-begira geratzen zaio protagonista osabari, malkoa dariola, munduko oinaze guztia bizkar gainean balu bezala…
* * *
Milioi bat lagun torturatu eta erail zituzten Indonesian 1965ean. Hango eta hemengo gerrako testuinguruak oso desberdinak dira baina, tira, hemen ere herriko jendeak hartu zuen parte errepresioan. Zestoarrek –batez ere Batzorde Karlistako arduradunek– prestatu zituzten erregimenaren kontrakoen zerrendak; zestoarrek seinalatu zituzten “eskarmentua” jaso behar zuten herritarrak; zestoarrak egin ziren herriaren jaun eta jabe.
Duela 80 urteko gertakari haietan, izen eta abizenak daude; batetik, bere garaian batere gizalegerik gabe jokatu zuten pertsonen izen eta abizenak. Baina, batez ere, asko sufritu duten familiak eta pertsonak, aitortza handirik jaso ez dutenak. Amnesiak eta ahanzturak ez ditu goxatuko haien zauriak. Egia jakiteak eta solidaritateak bai.
Gogoan dut duela urte batzuk Fernando Sánchez Castillo artistari (Madril, 1970) irakurri niona: “Kontua da gauzak ez direla behar den bezala egin eta jendea dago bere adiskide hildakoei edo desagertutakoei loreak non utzi ez dakiela. Oso sentimendu sakonak dira. Inoiz ez da berandu zure hildakoak bilatzeko (…). Badira politikoak esaten dutenak ‘haize haiek ekaitz hauek ekartzen dituzte’ baina ez dago ekaitzik: soilik jendea, kuneta baten aurrean negarrez”.
Egin zaitez bazkide