Albisteak

Jesus Perez: “Bizitzan bezala da, inprobisatzen baduzu politagoa da, ez baitakizu zer gertatuko den, eta jazz-ak hori dauka”

Bihar, larunbata, Jesus Perez zestoarraren Gsus & Friends taldeak jazz kontzertua eskainiko du iluntzeko 22:15etatik aurrera, plazan. Elkarrizketa egin diogu kontzertuaren harira:

Danbolin: Aurten bukatu dituzu Musikenen Jazz arloan baxu elektriko espezialitatean ikasketak. Zer moduzko esperientzia izan da?

Jesus: Lau urteko karrera oso polita izan da. Irakasle oso onak izan ditut. Espainia mailan, eta Europa mailan ere esango nuke, oso ondo baloratuta dagoen zentroa da Musikene. Oso zaila da bertan sartzea. Plaza gutxi daude eta estatu osoan zehar oso ondo prestatuta dagoen jendearen helburua izaten da bertan ikastea. Suerte handia izan dut eta jende oso “potentearekin” elkartzeko aukera eman dit.  Giro oso ona izan dugu eta pertsonalki, musikalki eta profesionalki asko hasi naizela esango nuke.

D: Baxu elektrikoaz gain instrumentu gehiago ere jotzen dituzu?

J: Baxu elektrikoarekin sartu nintzen Musikenen, baina aurretik ere musika klasikoa ikasten egon nintzen. Erdi mailako gradua atera nuen tronpetarekin. Gero erabaki nuen gehiago gustatzen zitzaidala musika modernoa. Baxua eta gitarra betidanik jo izan ditut eta pianoa eta baxuarekin sartzeko apustua egin nuen Musikenen. Bigarren instrumentu bat aukeratzea derrigorra izaten da eta nik pianoa aukeratu nuen. Asko ikasi dut pianoa ere, dedikazio handia eskaini diot. Oso musika tresna aberatsa da eta asko eman dit. Hor ibili naiz baxuakin eta pianoarekin ikasten, konposatzen, “arreglo” edo konponketak egiten. Ordu asko eman ditut entseatzen, proiektu askotan parte hartzen, kontzertu asko eskaintzen…

D: Jazz-a entzuten ohituta ote gaude Zestoan?

J: Jazz-a jende askok ez du ezagutzen, egia da. Ezagutzen ditugu hemengo betiko festibalak, Donostiakoa, Getxokoa, Gasteizkoa, Espainia mailan ere festibal asko daude, baina egia da urtean zehar ez dela asko entzuten festibaletatik kanpo “jazz” hitza. Niretzat oso estilo aberatsa da. Jendeak behin aukera bat ematen badio musika estilo honi asko erakartzen du. Ez dauka melodia bat musika folklorikoak edo pop-ak daukan bezala,  jazz-a hizkuntza bat da eta hau ulertzen ez baduzu aukera bat ematea eskatzen du. Inplikazio aldetik beste gradu bat dauka, azkenean, musikariak inprobisatu egiten du momentuan eta horrek egiten du desberdin. Ez da gauza bera musika bat programatuta dagonean eta badakizunean besteak zer esango duen. Bizitza orokorrean bezala da, inprobisatzen baduzu politagoa da, ez baitakizu zer gertatuko den, eta jazz-ak hori dauka.

D: Zer aurreratu dezakezu larunbateko kontzertuaren inguruan?

J: Musikenen prestatzen egon naizen gradu amaierarako errezitaldiko lan batzuk joko ditugu, nik konposatutako lan batzuk… Benetan oso maila oneko musikariak izango dira bertan. Artista oso potenteekin nazionalki jotzen ari diren musikariak. Espero dut herriari hemen askotan izan ez dugun aukera eta oso gau polit bat eskainiko diodala.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide