Jovellanos eta txipiroi platerkada goxoa
— 2018-11-20Gaur Gaspar Melchor de Jovellanos (1744-1811) idazle, legelari eta politikari asturiarra ekarriko dugu lerro hauetara. Politika arloan, Ilustrazio garaiko ideia berrien alde jokatu zuen, eta, laster ikusiko dugun bezala, gurean –herri kontserbadore, karlista, integrista izan arren– izan zituen lagunak (ez dadila inor harritu: herri kontserbadorea zen gurea, eta zerk eta turismoak ekarri zion modernitatea). Bere lan garrantzitsuenetako bat Diario da, hil ondoren argitaratua. Euskal Herriaz ez ezik, Zestoari buruz ere hainbat ohar eta kontakizun ageri dira bertan. Jovellanosek, batez ere, bertako burdinolei eta industria eta merkataritzari erreparatzen dio gure ingurura hurbiltzean.
1797ko irailaren 13an, asteazkenez, Azpeititik irten eta Lasaon gelditzen da, San Millango markesaren burdinolan: “Berezia da bere sutegia, burdinazko xafla edota lingote sendoentzako; ez dio aireari ateratzen uzten; beraz, oso ekonomikoa da, hartzen duen beroak urtzen laguntzen duelako”. Geroago, Zestoako zubitik (Gesalaga) “bainu ospetsuak” ikusten ditu, bertara joan eta honela deskribatzen ditu: “Lehendabizi, etxetxo bat iturri batekin, estua eta zikina; zahar batek txokolatea hartzen zuen eta izerditzeak eskatzen zituen; gero, beste etxetxo bat bere sukalde eta kuartoarekin; eta saletxetxo batean, beste iturri bat bi kainurekin, bi albergatxo sakonetan, arbelez egindakoetan, erortzen dena; horiexek dira bainuak, aire zabalean; dena oso kaskarra, ura ez da epelera ere iristen, baizik eta eguzkiak berotutakora; Manuel de Lilirenak dira”. Haren etxean (Portalekoan?) hartzen du ostatu Jovellanosek, hantxe afaltzen du eta lotan geratzen da.
Hurrengo egunean, irailaren 14an, ostegunean, “ondo lo egin eta deskantsatu” ondoren, aipatzen du udalerrian sei burdinola daudela Urola ibai bazterrean. Urolaren euskarazko etimologia ere ematen du: “agua de ferrer”, eta ondoren esaten du: “Zer lastima ez dela lantzen hizkuntza hau, bere jatorria aurkitzeko!” Goizeko bederatzietan, zaldira igotzen da Iraetara joateko. Granada de Ega dukearengana joan eta biak “bere hiru burdinola eta harrizko sutegi-hauspo berriak ikustera” joaten dira. Ikusirik dukeak harri-ikatz ingelesa erabiltzen duela, ohartarazten dio Asturiasko ikatza merkeagoa aterako litzaiokeela eta dukeak “itsasontzi bat eduki zezakeela ikatza ekartzeko, burdina eramateko eta biltegi bat”. Atal horretan, Jovellanosek idazten du Granada de Egako dukea bere jabetzako mendiak dituela “bi legoa zabalekoak; mila eta bostehunetik mila eta zortziehun karga ikatz ematen dizkie urtean; hamabost mila kontsumitzen ditu”. Ondoren, ekoizpen eta administrazio sistemari buruzko datuak eskaintzen ditu: “Dukeak hiru mila kintal burdin lantzen ditu; burdina Somorrostrotik Zumaiara ekartzen dute; Beduako lonjan geratzen dira bai burdinak baita landutakoak ere; han, administratzaileak zaindu egiten ditu eta komisioa irabazten du; denek berdina egiten dute”.
Azkenik, dukeari zera esaten dio: “Gomendatzen dizut hona etortzea udaratan; bazterrak ikustea eta maizterrek ikus zaitzaten ahalegintzea; laguntzea eta zeure semeari ere sentimendu horiek erakustea; hemen benetan jauna izango dela. Probintziatako gauza txarra erakusten diot, jabeak ez bertan egotea; luxuaren ondorioa, Gortearen esklabotza”.
Lilikoen etxean (Portalekoa) bazkaltzen du. Han bazkaltzen du Granada de Egako dukeak ere. “Bazkari ederra; broma giroa Kontxesirekin txipiroiak direla-eta; ezin izan zituen prestatu atzo iluntzean; zoragarriak zeuden”. Ostiral goizean (irailak 15), goizeko bost eta erdietan, Jovellanosek alde egiten du Zestoatik.
Poza ematen du Jovellanos bezalako pertsona handi eta aurrerakoi batek gure herria bisitatu izana. Norbaitek esango dit, ordea, herriko jauntxoekin bakarrik izan zituela hartu-emanak, ez herri soilarekin. Halaxe da, irakurle, baina, tamalez, garai hartan jauntxoak bakarrik ziren Ilustratu eta haiei esker iritsi zen modernitatea gure herrira, nahiz eta –bai, egia da – jakina den zein zen ilustratuen esaera ospetsua: “Todo por el Pueblo pero sin el Pueblo”. Tira, utz dezagun horrelaxe.
Argazkia: Lili jauregia, idealizatua (XIX. mendeko margoa). Jovellanosen garai haietarako, nahiko zaharkitua egon behar zuen Lili jauregia, eta ordurako Portaleko etxe erosoago eta goxoagoan bizi ziren lilitarrak. Margolanaren argazkia Rosario Astigarraga zenak emana da, niri erudito-sasiletrau itxura hartuko zidan egun batean. Asko eskertu nion oparitxoa eta ederki asko datorkit “Aztarka” honetarako. Erromatarrek esaten zuten moduan, lurra arina izan bekizu, Rosario!
Egin zaitez bazkide