Katolikoak eta zezenketak
— 2016-09-08(Amabirjina egunerako hausnarketa bat, Laudato si’ entziklika argitaratu zenean idatzia)
Gure zekorketei buruz zerbait idaztekotan nenbilela, jakin-mina eragin zidaten duela gutxi komunikabideek Frantzisko aita santuaren Laudato si’ entziklikari eskaini zioten tarteak eta “mirespenak”. Peter Singerrek, bioetikan adituak eta animalien askapenean aitzindariak, dio “animaliei eragindako kaltearen aurkako aldarrikapenik tinkoena” dela dokumentu hori. Eta, hara!, pentsatu dut, ikaragarria da gure herriko zekorketetara joaten den katoliko kopurua (katoliko, askotan estatistikoki bakarrik bada ere). Mereziko du, bada, hausnarketatxo bat gure aita santuak esandakoak. Eta pentsatu dut zein kontrarioa den gure zezen-festa hori entziklikan esandakoarekin.
Frantziskok dio “gogor baztertu behar dugula ideia bat, alegia, gure kreazioa Jainkoaren irudiko eta antzeko egin izanak –eta gizakiari Lurraren nagusitasuna eman izanak– baimendu egiten duela beste izakiak erabat menperatzea”. Menderatze hori “erantzukizunezko kudeaketa” gisa ulertu behar da, aita santuaren esanetan, ez edozein moduzko tratua emate gisara.
Bada beste aldarrikapen bat hori baino askoz ere iraultzaileagoa, ondorio sakonagoak ekar ditzakeena: “Edozein izakirekin anker jokatzea giza duintasunaren aurkakoa da”, esaten du. Eta Lukasen ebanjelioa aipatzen du: “Batek Ebanjelioan irakurtzen duenean Jesusek txoriez hitz egiten duela eta esaten duela ‘Alabaina, haietako bat bakarra ere ez dauka Jainkoak ahazturik‘, orduan, nola egin diezaiekegu kalte edo min?”
Jende askok anekdotaren pare jarriko du Frantziskok horrelako gauzak esana (azkenean, hori da modurik onena kasurik ez egiteko eta norbere kontzientziarekin lasai geratzeko: ideia anekdotikotzat hartzea). Baina kontu honetan, intelektual laiko eta pentsamendu aurrerakoienekin guztiz bat dator Elizaren burua.
Eztabaida honetan, galdera funtsezkoena zera da: kalterik edota minik ez jasotzeko eskubidea duen klub pribatu hori nortzuk osatzen dute? Aspaldi batean esklaboak, beltzak, emakumeak (neurri batean)… klub horretatik kanpo zeuden eta menderatuak izan zitezkeen. Gaur, oraindik, hirugarren mundua deitzen diogun horretakoak klubetik kanpo daude, nahiz eta teorian denok eskubide berberak izan. Baina azken batean, prejuizio batek jartzen du muga, zein sartzen den barrura zein geratzen den kanpoan juzgatzeko.
Azken batean, gizakiek ez ezik, mina edo/eta sufrimendua jasan dezaketen beste izakiek, batez ere, nerbio-sistema garatuena daukatenek (hau da, ugaztunak) zergatik geratu behar dute klubetik kanpo eta sufrikarioan oinarritutako ikuskizun baten parte izan behar dute?
Egin zaitez bazkide