Albisteak

Larunbatean Amillubin “Udaberriko Lurra Taupaka” festa egingo da

Lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatzeko asmoa duen proiektu herrikoia da Amillubi. Herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari dira eta larunbat honetan, egitasmoari bultzada emateko egun osoko egitaraua prestatu dute.
Iraetan, Urola ibaiaren meandroan, kokatuta dagoen Amilibia baserria eta bere lurrak ondasun kolektibo bilakatzeko helburuarekin ekin zitzaion egitasmoari. Egungo krisi ekologikoaren eta lehen sektoreak bizi duen zailtasunen testuinguruan, Amillubik Euskal Herriko Elikadura Burujabetza garatzeko pausu txiki baina estrategikoa izan nahi du, dagoeneko orain urte batzuk ipar Euskal Herrian martxan jarri zen Lurzaindiaren lorratzari jarraituz. Horretarako 150.000 euroko diru-bilketa ere aurkeztu dute, eta orain artean 100.000 euro biltzea lortu da, herritar, kolektibo zein erakundeen ekarpenei esker. Maiatza bukatzerako beste 50.000 euro lortzea da erronka, eta horretarako datozen hilabeteetarako hainbat dinamika prestatzen ari da Amillubiko lantaldea.
Dagoeneko auzolanean lurra goldatzen eta udaberriko landaketekin hasi badira ere, maiatzaren 11rako egun osoko egitarau irekia prestatu dute, diru bilketaz harago, egitasmoa herritarrekin partekatzeko. Proiektuaren sustatzaileen helburua da egitasmora herritarrak erakartzea eta elikadura burujabetzaren aldeko urratsak ematea. Horretarako bi topagune nagusi aurreikusten dituzte urtero: bata, udaberri sasoian egingo dena –maiatzaren 11koa izango da estreinakoa-, eta bestea, udazkenean. Udaberriko topaguneei izaera ludikoa ematea izango da sustatzaileen asmoa eta udazkenekoak hausnarketarako izango dira, epe-ertainera begirako proiektuak zehazteko eta epe luzera begirako bide-orria adosteko. Ekimenak deia egiten die herritar eta jendarte orori maiatzaren 11n gerturatzeko eta LURRA TAUPAKA festako egitarauaz gozatzeko.
Egitaraua:
11:00etan Amillubi egitasmoaren aurkezpena eta bisita.
12:00etan bi ekintzen arteko aukera:
● 1)Enekouchekin (Antton Telleria) “Lurrarekin konexioa” saio
umoretsua edo
● 2)Baso bainu-ibilaldia Tantaiko kideen eskutik.
13:30ean Poteo musikatua (EHko Batukada Feminista Sarea).
14:30ean Bazkaria.
15:30ean Umeentzako clown ikuskizuna Itziar Saenz de Ojer-en eskutik.
16:30ean Bakarrizketa umoretsua GREGOren eskutik (Beatriz Egizabal)
17:30ean Mejillon Tigre kolektiboaren errezitaldia
18:30ean Kontzertuak: Pelax, 3zur eta Babarrunba taldeekin.
Egunean zehar, gainera, umeentzako txokoa egongo da proposamen desberdinekin.
Sarrerak salgai egongo dira https://entradium.com/eu/events/amillubi-festa euskarri digitalaren baitan edota egunean bertan Amillubin ere.
Honakoak izango dira aukerak:
– Goiza soilik: 10€
– Arratsaldea soilik: 15€
– Egun osoa: 20€
– Bazkariko tiketa aparte: 10€
(12 urtetik beherako umeak doan, bazkari gabe)
Autoz datozenentzako oharra
Iraetako futbol zelaiaren ondoko aparkalekua erabilgarri egongo da eta autoz datozenei eremu hori erabiltzeko oharra luzatu nahi diete antolatzaileek. Futbol zelaiaren ondoko eremutik oinez egingo da Amillubirako bidea edo kotxe “lanzadera” ere izango da aukeran. Hala ere, behar bereziak dauden kasuan, antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu dute antolatzaileek.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide