Loiolako Ignazio eta Zestoa

Egia esan behar bada, nire bizitzan ez nion gehiegi erreparatu San Ignaziori, harik-eta duela gutxi Enrique García Hernán-ek egindako ikerketa irakurri nuen. Oso material kontraesankorrekin moldatutako izaera ikusten dio ikerlari horrek Ignaziori: bitartekari malgua, argia eta sormen handikoa, ikaragarrizko gaitasuna adiskidetasunerako eta elkarrizketarako, hainbat jenderekin itunak egiten jakin zuena eta garai historiko hartako beharretara, alegia Berpizkunde eta Erreforma garaiko Europa aztoratuaren beharretara, egokitzen asmatu zuena. Ez dira nolanahiko ezaugarriak.

Ondorioz, Saninaziyuek badatozela ikusirik, eta Ignazio beti Azpeitia eta Azkoitiarekin lotzen dela jabeturik, eta behin ere ez Zestoarekin, bada ura neure sorora ekartzea pentsatu dut. Horretarako zein Jose Artetxe baino “adiskide” finagorik? Artetxek badu “Rectificaciones y añadidos” izeneko liburu ez hain ezagun bat eta hango “Los Iraeta” eta “Caminos ignacianos por Guipúzcoa” artikuluak erabiliko ditut hemen, besteak beste.

* * *

Gauza jakina da San Ignazioren aitonak Joan Perez Loiola eta Santxa Perez Iraeta izan zirela. Joan Perez bat-batean hila izan behar zuen, testamentua egiteko astirik gabe, eta Santxa, berriz, 1473 inguruan hil omen zen. Bikote haren semea zen Beltran Ibañez Loiola, 1439 inguruan jaioa, eta 1467an ezkondu zen Marina Sanchez Liconarekin. Horiek izan ziren Ignazioren gurasoak. Horrela bada, garbi ikus daiteke Iraetak nola duen zerikusi zuzena Ignaziotar Bidea delakoarekin.

Horrez gain, Ignazio Arozenari hartutako pasarte bat ekartzen digu gogora Artetxek lehen aipatutako liburuan. Pasarte hori Loiolako Ignazioren beatifikazio aktatan ageri da nonbait. Itxura denez, Iraetako jaunak –ikusi dugun bezala, San Ignazioren tartekoa– ehiza-txakur batzuk eskatu zizkion Loiolako etxeari baina santuaren koinatak (Magdalena Araoz), zakar-zakar, ez omen zizkion utzi. Ignazio, haserretu egin zen nonbait Magdalenaren jarrera hura zela-eta, eta errieta egin omen zion. Eta gainera, egun batzuetan ez omen zion hitzik ere egin Ignaziok koinatari, eta berarekin batera mahaian ez esertzeko mehatxua ere egin omen zion. Ikusten denez, harremana bazuten garai haietan Iraeta eta Loiolako etxeak. Eta ikusi dugun bezala, Ignazio Iraetaren alde atera zen.

* * *

Beste kontu mamitsuagoa Ignaziok Parisetik Azpeitirako itzulera egin zuenekoa da (1535). Ikus dezagun. Ignazio Azpeitira bidean Iturriotzeko bentatik pasa zela garbi adierazten da beatifikazio paperetan; besteak beste, nabarmentzekoa da Ignazioren iloba batek, Potentziana Loiolak, Azpeitiko parrokiko serorak, esaten duena: Itxura denez, Azpeitiko harakina Joan Egibar Behobia aldera zihoala, Iturriozko bentara iritsi zen. Han esan zioten oso pertsona berezi bat zegoela han ostatu hartuta. Eta han ikusi zuen, ate zirrikitutik begiratuta, errezatzen ari zela Ignazio. Azpeitira itzuli zen Egibar eta familiari esan zion han ikusitakoa. Haiek Baltasar Garagartza apaiza bidali zuten, Ignaziori lagun ziezaion etxera bidean, baina Ignaziok ezetz, bere kasa joango zela. Horrela, Baltasar atzean geratu zen eta utzi zion Ignaziori aurretik joaten, eta Zestoako lurretan dauden Edarritzaga izeneko baserrietara iritsi zen eta handik Azpeitiko Magdalena Ospitalera. Irakurri dezagun, hitzez hitz, jatorrizko agiriak dioen bezala:

Se acuerda (esta testigo) haber oído decir que un Juan de Eguibar, bastecedor de las carnicerías de la villa, yendo para el paso de Bohobia, que es en la raya entre llegó una noche en la venta de Iturrioz, que es en un desierto a dos leguas de esta villa donde quedo aquella noche, y que en la dicha venta la huéspeda de ella dijo al dicho Juan de Eguibar cómo estaba en ella un hombre de esta villa, cual jamás habían visto a otro; y así el dicho Juan de Eguibar, deseoso de ver quién era, se fue con la dicha huéspeda y , por un resquicio de la puerta, vieron al dicho P. Ignacio, que estaba puesto derodillas rezando, y como en dicho Juan de Eguibar le reconoció, se volvió para esta villa y dio noticia de ello a sus hermanos y deudos, los cuales, por recelo que tenían de que se les volviera atrás, no fueron, antes enviaron a se certificar de ello a un clérigo llamado Baltasar de Garagalza, y habiendo ido el dicho D. Baltasar a dicha venta, se vió con él y procuró de traerle consigo; el cual no lo quiso hacer, antes dijo que si no fuese adelante, se volvería atrás por donde vino, y que el dicho D. Baltasar le respondió que él se iría también en su compañía, y porque el dicho P. Ignacio, como dicho tiene, no quería venir con el dicho D. Baltasar, de industria se quedó atrás y le dejó venir al dicho Ignacio adelante por unos montes y sierras desde lejos, y que el dicho P. Ignacio por las dichas sierras vino a dar a unas caserías llamadas de Errarizaga, que son en jurisdicción de Cestona, trayendo consigo un rocín pequeño, castaño, y vino a dar en el Hospital de la Magdalena…”.

Argi eta garbi ikus daitekeen bezala, Etumetako bide-gurutzean Ignaziok Lasao aldera hartu zuen eta Edarritzaga baserrietatik pasa zen.

* * *

Artetxek, Perez Arregi aitaren liburua jarraituz, esaten du Aizarnako parteko baserri batean esan ziotela Ignaziori galduta zebilela. Perez Arregi, liburua idazterakoan, paraje haietan ibilia zen informazio bila. Baina ez du argitzen zein baserri ote zen hura. Berarekin batera, Fidel Uria azpeitiar apaiza ere bazen, eta Artetxek Fidel Uriaren jabetasuneko Perez Arregiren liburua aztertu zuenean, hantxe omen zegoen eskuz jarria: San Ignaziori janaria eta limosna eman zioten baserria Aiztin baserria da. Horrela, ba, kontua. Oso polita eta sinesgarria litzateke pasartea baina, lastima, “ustea erdi ustel”; Perez Arregik, Fidel Uriak edo Jose Artetxek ez zekiten kontu bat dakigu guk: Ariztain ezin du izan, Loiolako Ignazio paraje haietatik pasa eta berrehun bat urte beranduago egin zuen etxea Zestoako Udalak eta… Baina, tira, legenda bezala ederra da oso, Ignazio Ariztainekoekin hizketan jardun izana edota, beste batzuetan, etzun izan dugun bezala, Ignaziok Santa Engrazia bisitatu izana.

Edozein modutara ere, Edarritzaga bailaratik pasa zela, hori historikotzat kontsideratu behar da.

* * *

Bada beste istorio edo legenda bat, nire ustez kontuan hartu beharrekoa: Ignazio Edarritzaga bailaratik jaitsi zela Lasaoko etxera joateko helburuarekin; izan ere, arreba bat Lasao jatorriko Joan Martinez Lasaorekin ezkonduta zegoen.

Hara ba kontuak eta komeriak: hemendik aurrera zestoarrok ere Saninaziyuek ospatzera, bai alajaina!

Argazkia: Oroigarria Lasaoko San Martin kaperako horman




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide