Albisteak

“Lurrari lotu behar gara” eta “jada hasi behar dugu” Mirene Begiristainen erantzunak

“Trantsizio energetikoan nekazaritza eta elikadurarekin zer?”  izenburuarekin hitzaldia eman zuen Mirene Begiristain Biolur elkarteko kideak. Argiola, Zestoako energia berriztagarrien komunitateak egin zion gonbita pasa den asteazkenean Alondero aretora. “Etorkizuna lainotua ikusten da” esan bazuen ere alternatibak badirela azaldu zuen eta agroekologiaren bidean aurrera egiteko gako eta eredu argiak zehaztu zituen.

Begiristainek esan zuen 70eko hamarkadaz geroztik interes ekonomikoak ekologiaren eta gizartearen gainetik jarri direla elikadura eta nekazaritza ereduetan. Ikuspegi hori produktibitatean eta epe laburreko onuran oinarritzen da, eta ingurumen eta gizarte kalteen arrastoa utzi du.

Digitalizazioak markatutako iraultza berde berrian dirulaguntza publikoek neurriz kanpo laguntzen diete eskala handiko proiektuei, jasangarrienak diren proiektuen kalterako.

Irakasleak nabarmendu zuen eskala handiko eta txikiko proiektuen arteko lehia desberdina dela, eta argudiatu zuen txikienek, iraunkortasunarekin konprometituta daudenek, zailtasun finantzario handiak dituztela aurrez aurre; izan ere ekoizpenaz gain kostuen zama euren gain hartzen dute. Estatuak produktibitaterantz duen joera kritikatu zuen, lurrik eta nekazaririk gabeko nekazaritza sustatuz, baita gizarte eta ingurumen inpaktuak alde batera uzten dituzten energia-politikak ere.

Begiristainek azpimarratu zuen funts europarrek ez dutela giza bizitza lehenesten, eta agroekologia proposatu zuen alternatiba gisa. Agroekologia elikadura sistema integral gisa definitu zuen, guztiaren zaintza erdigunean jartzen duena; produktibitatea, eskala handian bada ere, ikuspegi ekologiko eta lokal batetik lantzen duena. Komunitate bakoitzak bere ekoizpen eta ekonomiari buruzko erabakiak hartzearen garrantzia nabarmendu zuen, ikuspegi feminista eta iraunkorraren alde eginez.

Biolur elkartearen proposamenak, tokiko ekologia errespetatuko duen nekazaritza bateranzko trantsizioaren alde egiten du. Agroekologia mundu mailan Via Campesinak sustatu duena eta nazioarte mailan indarra duena. Besteak beste, Europar Batasunak 2020. urtean elikadura politika bateraturanzko joera aurre ikusi zuen jada.

Energiaren kasuan, berriztagarrien azpiegiturek, askotan, altxor publikoaren kontura enpresa pribatuei eskaintzen zaizkiela salatu zuen. Gainera berriztagarriak izanagatik, ingurumenean izango duten inpaktua neurtzea ez zaie eskatzen; bide horretan inpaktu sozialaz ere aipamenik ez. Aurrekoak esanda, parekotasunak azpimarratu zituen elikadura eta energia jorratzeko politiken artean eta etorkizun justuago bat eraikitzeko hauek elkarren beharra izango dutela ziurtatu zuen: “Elikadura estrategia ez da nahikoa ez baldin bada kontutan hartzen energia estrategia bat” eta alderantziz.

Aurkezpena amaitzean, Mirene Begiristainek energiaren eremuan agroekologiarako trantsizioan kontuan hartu beharreko funtsezko sei osagai zerrendatu zituen, gure egungo ikuspegia funtsean eraldatzearen garrantzia azpimarratuz:

Nekazaritza eredu iraunkorra: Balio handiko lurren babesa funtsezko zutabea da. Nekazaritza-baliabide kritikoak babestea lehentasuna da epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko.

Konplexutasun txikiko nekazaritza sistemak: Hain konplexuak ez diren nekazaritza-ereduen alde eginez, Begiristainek azpimarratu du eraginkortasuna sustatzeko eta kanpoko sargaiekiko mendekotasuna murrizteko sistemak sinplifikatzea, elikagaien ekoizpenean erresilientzia sustatuz.

Ibilbide berriak eta bizi-baldintza duinak: Agroekologiarako trantsizioak aldaketak dakartza nekazaritzako ekoizpenean ez ezik, baita sektorean lan egiten dutenen bizitzan ere. Errelebo baterako Begiristainek lan-baldintza duinen eta ibilbide berrien alde egiten du, ekitatea eta ongizatea sustatzeko.

Tokiko elikadura sarearen hedapena: Elikagaien tokiko ekoizpena eta banaketa sustatzea funtsezko osagai gisa agertzen da. Begiristainek tokiko elikadura-sareak indartzea proposatzen du, hornidura-kate zabalekiko mendekotasuna murrizteko eta eskualdeetako ekonomiak bultzatzeko.

Dietaren berrikuspena: Adituak gure dietak berrikusteko beharra jorratzen du, elikadura-eredu osasungarriagoak eta iraunkorragoak sustatuz. Horrek tokian-tokian ekoitzitako eta gutxiago prozesatutako elikagaietara aldatzea dakar.

Tokiko estrategiak eta elikadura politiken gobernantza: Begiristainek tokiko errealitateetara egokitutako estrategien garrantzia eta erabakiak hartzerakoan komunitatearen parte-hartzea azpimarratu ditu. Elikagai-politiken gobernantza deszentralizatu egin behar da, komunitate bakoitzak bere lehentasunak eta praktikak defini ditzan.

Sei elementu horiek osatzen dute Mirene Begiristainek trantsizio energetikoan agroekologiarako trantsiziorako proposatutako ikuspegi integrala, eta etorkizun iraunkorra eraikitzeko alderdi sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak kontuan hartzeko beharra azpimarratzen du.

Amaitzeko, bertaratutakoei eman zitzaien hitza. Egindako ekarpen guztiei Mirene Begiristainek jarrera baikor eta eraikitzailearekin erantzun zien: egoera larria bada ere “Lurrari lotu behar gara” eta “jada hasi behar dugu”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide