Albisteak

Maiatzaren Lehenerako mobilizazioak deitu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian

Maiatzaren Lehenerako mobilizazioak deitu ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian, Historia iraultzailetik prozesu sozialista lelopean. Zestoako hitzordua arratsaldeko 18:00etan izango da, plazan eta Azpeitian eta Azkoitian, arratsaldeko 20:00etan bilduko dira.

Joan den ostiralean egin zuten deialdi hauen berri emateko agerraldia Azpeitiko plazan eta hona hemen han egindako irakurketa:

“XIX. mendeko Estatu Batuetatik datorren oroitza eguna dugu Maiatzaren Lehena. Bortizki desjabetuak izan ziren eta kapitalismoaren atzaparretatik ihesean zebiltzan milioika langile zukutzen hasi zen klase kapitalista garai hartan. Maiatzaren lehen hartan Estatu Batuetako langileriaren gehiengo zabalak grebara jo zuen beren lan-baldintzen hobekuntzen alde. Baina bi egunera milaka manifestarik greba-hausleen aurka jo zutenean, poliziak sei langile erail zituen. Hala ere, langileen adore eta borrokaren jarraikortasuna gailendu zen, eta handik urte gutxira legea aplikatuaraztea lortu zuten, beren aldarrikapenak lortuz. Hauxe historiaren gordina, eta hauxe gure gaurko bizi-baldintzen arrazoia: langile antolakuntzaren ahalmena eta burgesiarekiko indar-harremana.

Badago zer ikasia orduko gertakarietatik. Gaur ere kapitalismoa krisi egoera larrian dago, eta horrek proletarizazio prozesua berekin ekarri du, hau da, lan- eta bizi-baldintzen kaskartze betean gaude. Egoera historiko hauetan mekanismo autoritarioak ezarri izan ditu klase kapitalistak ordena burgesa mantentzeko: itxiera perimetralak, etxeratze aginduak, jazarpen poliziala… Badu bai, egungo egoeraren antzik 1886ko Chicagoko hiriak.

Ofentsiba kapitalista bete-betean gaude beraz. Botere sozial burgesak mugarik ez duela dirudien honetan, langileria gorputz eta buru kontrolatzeko geroz eta mekanismo zakarragoak darabiltzate eta ez da agertzen kontrapisurik, edo behintzat, irmotasunez erantzuteko gaitasunik edo borondaterik duen inor. Horrela, burgesiak ez du zertan instituzio politiko kapitalisten legea bera ere aplikatu ezpada indar antagonista baten presioagatik. Hau da, proletalgo antolatu eta borrokalariaren faltan, eskubide formal hauek paper busti bihurtzen dira, eta behin eta berriz legalitate burgesa bera ere urratzen dute gure aurka.

Gauzak horrela, gure ekarpena, xumea izanagatik ere, langileon historia aztertuz etorkizun sozialista baterako baldintzak jartzea da; programa komunista erreal baten garapenerako aletxoa jartzea: inork inor zapal ez dezan; zapalkuntza ezberdinekin amaitzeko aukera bakartzat ulertzen dugulako komunismoa.

Desjabetuoi geure memoriaren jabetza ere ukatua zaigun honetan, langileona dena langileongandik eta langileontzat aldarrikatzera, eta beraz, antolakuntza komunista aldarrikatzera gatoz. Tradizio iraultzailetik ikasita, kultura sozialista bat eraikitzera, bidean bakoitzak ahal duena emanez, ezer ez daukatenengatik. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik Maiatzaren lehenean, beraz, eskualdeko hiru herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaituztegu. Azpeitiko plazan arratsaldeko zortzietan eta, Azkoitiko eta Zestoako plazetan, berriz, arratsaldeko seietan ikusiko dugu elkar.”

Hona hemen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak egindako aurkezpeneko bideoa:

Argazkia: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide