Albisteak

Markesinatik, COVID-19aren eraginei erantzun nahian

Abenduko zenbakitik ekarritako artikulua:

Hilaren hasieran, Gurutzeagako markesinan, joan-etorri ederra ibili da. Herritar asko harrituta edo zeharka begira pasatudira: zertan ote dabiltza hauek? Kuriosoagoak gerturatu egin dira, eta galdetu egin dute. Animosoenak, berriz, iritziak partekatzera ausartu dira. Helburu izan da COVID-19ak zestoarroi nola eragin digun jasotzea.

Gure herriko errealitatea ezagututa elkar zaindu eta eragiteko dinamika abiatu nahi izan dute hainbat herritarrek. Zortzi egunean, markesinan elkartu dira herritarren iritziak, kezkak, zalantzak, beldurrak, pozak… jasotzeko asmotan. Hainbat eremutako herritarrak gonbidatuak izan dira, eta Onintza Irureta, Aimar Etxeberria, Aizpea Aristi, Jone Bergara eta Amaiur Aristik egindako galderei erantzunez, bizipenak elkarbanatu dituzte Markesinako mahaitxoaren bueltan. Nerea Mendizabalen eta Aizpea Aristiren gitarra eta ahots doinuek, Jagoba Astiazaranen piano eta kantuak eta Aitor Salegiren bertsoek ere goxatu dute gunea.

Orain, bildutakoa baloratzea tokatzen da, baina ekimena hasi besterik ez da egin. Gaia mahai gainean jarri da, eta hemendik aurrera asmoa da beharrak identifikatu eta denon artean erantzuten saiatzea. Hemen dituzue Markesinan landu diren gaiak eta bertaratutako herritarren zenbait iritzi, hausnarketa eta bizipen.

OSTALARITZA

Nerea Irure: Tabernak itxi zirenean, aldi baterako lan erregulazioko espedienteen eraginpean gelditu nintzen, eta, bitarte horretan, % 80 kobratu dut.

Igone Rezabal: Bainuetxeko bezeroen % 85 adineko pertsonak dira; ez dakigu hurrengo urtean irekitzerik izango dugun.

Josu Goikoetxea: Ostalarientzako diru laguntzak epe motzerakoak dira; guk lan egin nahi dugu, eta, horretarako, elkarbizitza behar da, bai birusarekin, bai bezero eta langileekin.

Arantxa Larrañaga: Orain pixka bat zaindu, eta irtengo gara hemendik: itzuliko gara normaltasunera; eta festarako ordua iristen denean, gu hor egongo gara.

ADINEKOEN EGOITZAK

Ione Garcia: Birusa sartu den beste egoitzetatik asko ikasi dugu. Beldurrik gabe azaldu digute nola prestatu, zer egin lantaldea indartzeko…

Joseba Illarramendi: Denoi aldatu zaigu bizitza, baina, gu bereziki, daukagun erantzukizunagatik, oso baldintzatuta gaude.

Gorka Errezil: Goizetik gauera, Gisasolako familiakoak eta kideak bisitatu ezinda gelditu ginen, baina, egungo teknologiei esker, komunikatu ahal izan gara, eta ikusi dugu ondo egon direla.

Goretti Galarraga: Niretzat itxialdiaren hasiera izan zen bereziki gogorra. Familiakoak ezin bisitatu metro batzuetara bizita… eta oraingo egoera ere ez da erraza.

Nerea Alberdi: Egoitzan neurri oso zorrotzak bete behar ditugu, baina, aldi berean, egoiliarrek askatasun handia dute: egoitza handia da, terraza ederrak ditugu…

ZAINTZA

Lurdes Unanue: 3Zko ekintzekin irailean hastea aurreikusten genuen, baina ezinezkoa izan da. Taldean ere indarrik gabe bezala gelditu da: biltzeko zailtasunak, beldurra…

Silvia Carrizo: COVID-19ak agerian ipini ditu bizitzarako ezinbestekoak diren baina gizarteak baloratzen ez dituen lanak.

Ana Artola: Adinekoei asko eragin die egoerak, eta nik kalera ateratzera bultzatzen ditut.

Jasone Eizagirre: Nire lana adinekoei beldurra kentzea eta lasaitzea izan da.

GAZTEAK

Yerai Costa: Muga asko ezarri dizkiote gure jardun politiko, sozial eta kulturalari.

Oihane Ibarguren: Gaztetxeak gazte lonjatzat hartu eta itxi egin zituzten. Ondorioz, gure jarduna tabernetan egitera bultzatu gaituzte.

Julen Irure: Gazteak dianan egon gara: arazoa non, gaztea han.

Elaia Zunzunegi: Aisialdia erabat aldatu behar izan dugu: mendira joaten eta paseoak egiten hasi gara, kirola taldean beharrean gure kasa…

Ane Urbieta: Aisialdian eta hezkuntzan eragin digu gehienbat. Lagunarteko harremanak asko hoztu dira.

HEZKUNTZA

Begoña Olaizola: Protokoloak eta neurriak guztiz gizagabeak iruditzen zaizkit; bereziki, haurrentzat.

Ixiar Sagartzazu: Gure kezka izan da haurrak ea emozionalki ondo zeuden eta eskolako lanak egiteko moldatzen ote ziren.

Irati Sasiain: Ezin izan ditut ikasketa amaierako praktikak egin, eta papereko lanen bidez bukatu behar izan genuen ikasturtea.

Hodei Zubeldia: Bizi naizen tokitik zailtasunak izan ditugu Internetekin eskolako klaseei jarraitzeko.

Oier Alonso: Konturatu gara suertea dugula eskolara joateko aukera izatearekin.

Xabier Telleria: Ikaste prozesua okertzen ari da; taldeko lanak baztertu, eta indibiduala bultzatu da.

Osane Larrañaga: Itxialdian, gure laneko zortzi orduak egiten ari ginela lagundu behar izan diegu haurrei eskolako lanekin.

KULTURA

Joel Crespo: Kontzertuak eta ekitaldiak gutxituta, teknikari asko langabezian gelditu gara.

Ioritz Zunzunegi: Bandako kide batek positibo eman, eta denok konfinatu behar izan genuen.

Amancay Gaztañaga: 2021eko murrizketek beldurtzen naute; ikusten da programatzaileak geldituta daudela.

Amaiur Aristi: Herri baten osasuna mantentzeko, beharrezkoa da kultura, eta hori argi ikusi da itxialdian.

ELIKAGAI BANKUA

Ortzi Alberdi: Langileen batasuna oinarri duen elkar zaintzeko sarea sortu nahi dugu bailara mailan.

Ima Odriozola: COVID-19aren aurretik ere beharra zuten familien kopurua goraka zetorren, eta orain ikaragarri igo da.

*Markesinara etortzeko aukerarik ez bazenuen izan eta zeure esperientzia gainerakoekin elkarbanatu nahi baduzu, idatzi markesinatik@gmail.com helbidera.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide