Albisteak

Memoria historikoa berreskuratzeko ariketa berrartu dute Udalak eta Aranzadik

Zestoako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak Zestoako memoria historikoa berreskuratzeko hitzarmena sinatu zuten pasa den otsailean. Proiektuaren lehen fasean, 1936tik 1945. urtera bitarteko gertakizunak ikertzea adostu zuten. Covid-19ak eragindako krisia dela eta, martxorako antolatutako zenbait ekintza bertan behera gelditu ziren eta orain, ekitaldi horiek berrartzea erabaki dute. “Ilusio handiarekin gaude lan hau egiteko, iruditzen zaigu beharrezkoa dela” esan du Mikel Arregi Ertxin alkateak.

Oroimen bulegoa bi astez martxan jartzeaz gain, hitzaldiak, omenaldia eta ibilaldia antolatu dituzte. Ekintza guzti hauek irailaren 16tik 27ra bitartean egongo dira, Oroimen astearen barruan. Egitasmo guztiak gaur egun indarrean dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatuz egingo direla azpimarratu du Arregik.

Hitza, herritarrei
Zestoarren testigantzak jasotzeko asmoz, Oroimen bulegoa jarri zuten martxan martxoan. Lehen bi asteartetan soilik izan zuten herritarren testigantzak jasotzeko aukera eta orain, beste bi astez egongo dira Aranzadiko kideak udaletxeko beheko solairuko bulegoan. Herritarrek informazioa eskatu eta emateko aukera izango dute, “nahiz eta guk artxiboetan dokumentu ezberdinak arakatu, etxeko espazioetan gordeta egon diren zenbait historia oso garrantzizkoak iruditzen zaizkigu” esan du Jone Zuloaga Aranzadiko kideak.

Bulegoa, irailaren 17an eta 24an egongo da zabalik, goizez, 10:00etatik 13:00era eta arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara. Bertara joan ezin dutenek 943 466 142 telefonora deitzeko edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezu bat bidaltzeko aukera izango dute. Zuloagak herritarrei bulegora joateko deia egin die eta joan ezin dutenen testigantzak ere esker onez jasoko dituztela esan du.

Omenaldia eta Ezkabara irteera
Udalak udazkenerako aurreikusita zituen beste bi ekintzen berri eman du Arregik. Indar frankistak 1936ko irailaren 21ean Zestoara sartu zirela azaldu du Arregik eta jende askok herritik alde egin behar zuela nabarmendu du, horien artean, garai hartako udal korporazioa: “Ikusten genuen errekonozimendu bat falta zela udalaren aldetik eta horregatik, hilaren 20an omenalditxo bat egiteko asmoa dugu”. Hamar udal ordezkari horiek 1936ko irailaren 20an alde egin zuten herritik, indar frankistan iritsi baino egun bat lehenago, horregatik aukeratu du Udalak data hau omenaldia egiteko. Udala udal ordezkari horien ondorengoekin harremanetan jarri da eta ekitaldira joateko gonbita luzatu diete.

Bestalde, Ezkabako presondegira irteera antolatu dute hilaren 27rako. 1978ko Ezkabako ihesaldian Pedro Areta eta Agustin Unanue herritarrek hartu zuten parte. Ibilaldian, historialari eta idazle baten ihesaldia hartako nondik norakoak azalduko dituzte.

Horrelako proiektuak belaunaldi berrientzako oso ariketa garrantzitsua dela esan du alkateak, “ikuspegi guztietatik, zestoar, euskaldun eta ikuspegi humano batetik”. Benetan zer gertatu zen jakitea ezinbestekoa dela gaineratu du.

Hona hemen Oroimen asteko egitaraua:

Hitzaldiak:

Irailak 1619:00 – Alonderoko kultur aretoa
Lourdes Herrasti. Historialaria eta osteoarkeologian espezializatua (Aranzadi)
“Errepresioa genero ikuspegitik”
Gerra Zibileko hobi-ateratzeek populazio zibilaren aurkako errepresioa agerian utzi dituzte.

Irailak 2319:00 – Alonderoko kultur aretoa
Karlos Almorza. Historialaria (Aranzadi)
“Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta Defentsa Sistema”
1936ko abuztuaren 5ean, euskal buruzagi abertzale eta independentista gorenak Azpeitiara iritsi ziren. Espainiako altxamendu militarrari aurre egiteko asmoz. Ordutik, irailaren erdira arte, Candido Saseta buru zuten gazte boluntarioek, Gipuzkoa barnean, faxismoa geldiaraztea lortu zuten.

Omenaldia eta ibilaldia:

Irailak 2012:00 – Udaletxean
Bigarren Errepublikako Zestoako azken udal korporazioari omenaldia.

Irailak 2707:30 – Zestoako Gurutzean
Ezkaba (Iruñea) presondegira irteera. Bertan preso egondako zestoarrei omenaldia egingo zaie. Horren ostean, Olabeko hobira bisita. Guztira 14Km inguru izango dira, oinez. Fermin Ezkieta Yaben, Ezkabako presondegiaren historian adituak emandako azalpenaz lagunduta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide