Albisteak

Mikel Arregi ‘Ertxin’: “Legeadi hau belaunaldi trantsizio baterako erabili nahi genuen eta lortu dugu belaunaldi berriak inplikatzea”

Maiatzaren 28ko hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaitzaren aurkezpen nagusia egin zen atzo arratsaldean. Taldea deskribatzerakoan, aurkezleak hiru hitz nabarmendu zituen: gaztea, parekidea eta ilusioz betetakoa. Gaur eguneko alkate eta zinegotziak deitu zituen aurkezleak aurrena, egin duten lanagatik eskerrak emateko. Bertaratuek txalo zaparrada artean hartu zituzten.

Jarraian, zerrendan joango direnak deitu zituen: Lorea Ilundain, Zigor Plazaola, Beatriz Zubia, Aitor Ossa, Iñaki Odriozola, Jone Exposito, Nerea Goikoetxea, Beñat Arakistain, Maialen Etxeberria, Marijo Azkue, Aitor Salegi, Garbiñe Aramendi, Amane Arrue, Ruben Alberdi eta Mikel Arregi alkategaia.

Beatriz Zubiak poesia irakurketa egin zuen eta Aitor Salegik bertsoa bota ondoren, Mikel Arregi Ertxinek hartu zuen hitza.

Orain artekoak

Erabakiak hartzeko daudela eta ilusio guztiarekin erabaki dutela hor egotea esanez hasi zuen hitzaldia. Lau urte hauetako balantze eta erronken aurrerapen laburra egin zituen ondoren. “Kolorerik gabeko” udala aurkitu zutela esan zuen, “iparrik gabekoa”. Ez dela lan erraza ere aitortu zuen: “administrazioa oso gauza astuna da eta egunerokotasunetik aratako helburuak jartzea ez da erraza”.  Udaletxe hermetikoa irekitzeko 300 herritar baino gehiagok parte hartu zuten ariketa egin zela aipatu zuen. Parte hartze prozesu horri eta herritar horiei esker, maila batean, ibilbide orria duela orain udalak 2030. urteari begira gaineratu zuen. Herritarrengana irekitze asmoz, aurrekontu parte hartzaileak ere egin zirela eta horretan ere sorpresa oso atsegina izan zela parte hartze maila, azpimarratu zuen Arregik. Gero, pandemia etorri zitzaiela urtebete baino lehenago eta horrek gauza asko baldintzatu zituela.

Adinekoen zaintza

Zaintza kolektiboa izan zen esku artean dituzten proiektuen artean aurrena aipatu zuen gaia. “Harro gaude, Udalak bakarrik ezingo luke egin guzti hau. Badakigu gure adinekoak eta zaurgarritasun egoeran daudenak ondoen geuk herritik zainduko ditugula. Bereziki eskertu zituen San Juan egoitza, 3Z elkartea, jubilatuen elkartea, Gisasola egoitza eta Osakidetza. “Elkarrekin egin dugun lankidetza ariketa sekulako ikasgaia izan da guretzat” gaineratu zuen.

Larrialdi klimatikoa

Hiru eredu aipatu zituen; baso eta paisaia aberatsak, elikadura burujabetza eta energia. Goienerrekin egindako hitzarmenetik sortu den udaletik haratagoko energia komunitatea aipatu zuen. “Askotan joera da kanpoko interes ekonomiko handiak dituzten enpresa handien esku uztea erronkak. Guk ez dugu apustu hori egin. Konbentzituta gaude  herrian badagoela nahiko jakinduri eta kapital humano erronka hauei aurre egiteko”.

Etxebizitza arazoa

Etxebizitzen inguruan injustizi handia ari dela gertatzen Zestoan ere esan zuen Arregik, “herriko gazteek beraien bizi proiektua hemen egiteko inolako aukerarik ez edukitzea eta soldaten ehuneko 50-60 teilatu bat edukitzeagatik ordaindu behar izatea injustizi sozial handia da”. Herri txikia izanik, ez dela erraza, baina jabetza publikoko etxebizitza sozialak eraikitzearen aldeko apustua egin dutela esan zuen. “Idiazpin saiakera egin genuen, baina ez zen posible izan, jabetza pribatuarekin topo egin genuelako”. Gaineratu zuen, gaur egun, Correos etxea eta Kaleokerreko “eremedu degradatuan” 22 etxebizitza publiko egin nahiko lituzketela, batez ere gazteentzat.

Memoria historikoa

Aranzadirekin sinatutako hitzarmenari esker Zestoan azken 50 urtean gertatutakoak idatzi egin direla esan zuen Ertxinek: “liburua eginda dago, testigantza oso hunkigarriekin eta hauteskunde ondoren argitaratuko dugu. Gaur egunera arte Zestoan izan diren eskubide urraketak ikertzen jarraituko duela Aranzadik ere azpimarratu zuen. “Iragan iluna argitzeak etorkizun hobeago baterako bidea egiten du. Aitortuta egindako min guztia, baina biktima guztiak aitortuta, inor baztertu gabe.”

Arregiren esanetan egin beharreko lana da, bestela “ez dago elkarbizitzarik”. Herri hau ezin dugu politikoki normalizatutzat hartu, preso, erbesteratu eta deportatu guztiak herrian eduki arte. Zoritxarrez oraindik ez dago horretarako borondaterik, baina gure eginahal guztiak horretara bideratuko ditugu. Egia jakitea denoi dagokigu.”

Trantsizioa

Arregiren esanetan, legealdi hau trantsizio modura hartuko dute. Belaunaldi berriak inplikatzea lortu dela eta horrek ilusio berezia egiten diola. Hauteskundeetan gertatuak gertatu, bere azken legegintzaldia izango dela azpimarratu zuen. Harmailetara pasatzeko garaia dela esan zuen, saiatuko dela dakiena besteei pasatzen eta gazteen freskotasuna jasotzen.

Lan eredu berria

Maialen Etxeberriak hartu zuen ondoren hitza. Gazteen ikuspegia izan zuen aurrena mintzagai. Arrazoi ezberdinak tarteko, gazteek politikarekiko sinesmena galdu dutela esan zuen eta hori aldatzera datozela. Indarrez datozela, trantsizio garaia dela, aldaketan sinesten dutela eta aldaketa datorrela esan zuen. “Lan eredu berriak sortzera gatoz, freskotasuna ekartzera gatoz”.

Horretarako herritarren beharra dutela, ordea, gaineratu zuen Etxeberriak: bakarrik ez dugu nahi eta ezin dugu egin. Elkarlanean eta modu kolektiboan egin nahi dugu”. Zerrendan auzotar asko dagoela eta hori oso positiboa dela, jendeak prestutasun handia erakutsi duela eta gogotsu daudela esanez amaitu zuen interbentzioa.

Aizpea Aristik eman zion ekitaldiari amaiera gitarra eta ahotsarekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide