Albisteak
Mikel Arregi ‘Ertxin’: “Gure nahia komunitate energetiko bat sortzea da”
— 2021-02-19Zestoako Udalak kontsumitzen duen energiaren inguruko azterketa bat baino gehiago egin dira urteetan zehar, baina, gero ez da inoiz proiekturik martxan jarri. Legegintzaldi honetan pausu sendoak eman nahi dira alor horretan 2030ari begira energia gutxiago kontsumitu eta kontsumitzen den horren %35 energia berriztagarrietatik izan dadin. 2021eko aurrekontuetan 100.000 euroko diru partida jarri da bide honetan.
Zer da aurten zehazki egingo dena?
Batetik, efizientzi energetikoari dagokionean, Udalak zehaztuta dituen kontratuak aztertuko dira, potentziak doituz eta beharrezkoa den kasuetan egokituz. Horrek, alde batetik aurrezte energetiko bat ekarriko du eta bestetik, ekonomikoki 21.000 eurotan estimatuta dagoen aurrezte ekonomikoa ere bai. Bestalde, langileei formakuntza saioak emango zaizkie, energia nola aurreztu edota alferrik ez gastatzeko neurriak egunerokotasunerako barneratu ditzaten. Herritarrentzat kontzientziazio kanpainak ere egingo dira.
Zen izango dira 2030 urteari begirako aurreneko pausuak?
Larrialdi klimatikoaren baitan, jasangarritasunaren legeak epe horretarako helburu batzuk betetzera behartzen ditu erakundeak. Horra bidean, udalak eskualdeko energia mahaiak bideratutako diru laguntzarekin energia plan bat egin du eta hurrengo urratsa plan hori betearaztea izango da lehentasunak eta epeak jarriz. Kontsumitzen den energia publikoaren %70 argiteria publikoarena da baina hori tamalez aurreko legealdian 10 urterako azpikontratatu zutenez gure kontroletik kanpo dago 2028 arte. Udalaren menpe dauden eraikinek kontsumitzen duten energiaren ahalik eta zatirik handiena energia berriztagarrietatik ekoiztea da helburua, nagusiki eguzki energia baliatuz; merkeena eta energetikoki errentagarriena delako eta ia mantenu lanik eskatzen ez duelako.
Berriztagarrien instalazio ezberdinak egiteaz gain, eragile ezberdinekin lankidetza hasita dauka Udalak, etorkizunera begira, komunitate energetiko baten bitartez herrian kontsumituko den energia bertan ekoizteko proiektua osatzeko asmoarekin.
Zestoan bertan ekoiztuko litzateke energia?
Bai, hori da gure nahia, komunitate energetiko bat sortzea. Zestoa biztanle gutxi baina azalera handia duen herria da eta bataz beste, hektarea batean eguzki plakak jarriz, 300 familiak urtean kontsumitzen duten energia sortzeko gaitasuna izango genuke. Hori kopuru oso esanguratsua da Zestoarako.
Nola funtzionatuko luke komunitate horrek?
Burujabetza energetikoa helburu hartuta, tokiko proiektu bat gauzatzeko herritarrak eta bertako eragileak bazkide izango lituzkeen kooperatiba bat sortuko litzateke. Kooperatiba horrek berriztagarrien parke bat eraiki ondoren, bazkideek bertan ekoiztutako energia garbiaz baliatzeko aukera izango lukete. Energia bertan ekoiztea sekulako urratsa da, besteak beste prezioa ere asko merkatzen duelako. Guzti honi forma ematen hastea da helburua eta horretarako eragile ezberdinekin lankidetzari ekin behar zaio, proiektuak arrakasta izan dezan herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa izango da. Dena den, hau epe luzera begirako proiektua izango da baina orain egin beharrekoak egitea tokatzen zaigu.
Egin zaitez bazkide